Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Teknologia
Ordenagailu kuantikoak sortzeko pausu berri bat eman da. AEBtako IBM (International Business Machines Corporation) multinazionalak nanografenozko iman kuantikoen kateak eraiki ditu partikulen magnetismoa hobeto ulertzeko asmotan eta horiekin lanean dabil David Jacob EHUko Ikerbasqueko ikertzailea. Grafenoa bi dimentsiokoa da, hau da, atomo bakarreko lodiera du, eta hainbat ezaugarri ditu, besteak beste, propietate elektroniko bereziak. Grafeno geruzen magnetismoa oso interesgarria da eta horietaz baliatzen ari dira Jacob eta bere lankideak ordenagailu kuantikoak egiteko bide alternatibo moduan. Datuak Berrian: Bide kuantiko berri bat. Berriako beste artikulu batek ere gai bera jorratu du aste honetan, orain arteko prozesadore kuantikorik indartsuena aurkeztu du IBMk, konpainia honek Eagle izeneko prozesadorea aurkeztu baitu, 127 qubit dituen txip bat, hain zuzen.
Beñat Zaldibarrek, UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko eta Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzaileak, “Hogei mila legoako bidaia itsaspetik” obraren 150. urteurrena ospatuz, nobelaren nondik norakoen inguruan idatzi du Zientzia Kaieran. Azaldu duenez, nobelaren arrakastaren parte handi bat seguruenik bi elementuei zor diegu. Alde batetik, Nemo kapitaina momentura arte Vernek sortu zuen pertsonaia interesgarriena eta zeresan gehien sortu zuena zelako. Bestalde, momentuko ingeniaritzan errotuta badago ere, Vernek etorkizunean etor daitezkeen aurrerapenak gehitzen dizkio, bien arteko oreka perfektua lortuz.
Biologia
Artikoko elur hontzak (Bubo scandiacus) azaldu dira Espainiako iparraldean eta jendetza joan da hauek mirestera. Europa eta Amerika iparraldeko hegazti enblematiko da eta Tundran bizi da, eremu oso hotzetan, eta gizakirik ez dagoen toki basatietan. Horregatik izan da hain berezia animalia hauek gugandik hain gertu ikustea. Bat ordea, oso ahul zegoen eta hil egin da. Espezie honetako kideek migratu egiten dute eta bidaian zehar, batzuetan itsasontzietan geratzen dira atseden hartzeko, eta ontzia lehorreratzen den tokian agertzen dira. Hau da animalia hauen agerpenaren hipotesietako bat. Azalpenak Berrian: «Behin izaten da elur hontza ikusteko aukera».
“DNA airean dago” idatzi du Koldo Garciak Zientzia Kaieran. Science aldizkarian argitaratutako artikulu baten harira dator idatzi hau. Azken hamarkadan DNA hainbat tokitatik detektatzea lortu dute ikertzaileek, baina DNA airean detektatzeko saiakerak, aldiz, urriagoak izan dira. Danimarkako ikertzaile-talde batek Kopenhageko zoologikoko hiru lekutan egin zuen aireko DNAren laginketa, hainbat xurgagailu eta haizagailu erabiliz. Beste ikertzaile talde iragazkiak zituzten huts-ponpak jarri zituzten Hamerton Zoo Park zoologikoan. Bi lan hauek helburu bera zuten: inguruko biodibertsitatea neurtzea.
Juanma Gallegok zaldi modernoen jatorria argitu dutela azaldu du Zientzia Kaieran. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa genetiko batek frogatu duenez, Errusiako estepetan abiatu zen zaldiaren etxekoratzea, duela 4.200 urte inguru. Kaukaso iparraldean kokatu dute abiapuntu hori, Errusiako estepetan, Don eta Volga ibaien bokaleen artean. Handik abiatu ziren gero, Europa osora eta Asiako ekialderantz, aurretik zeuden zaldien populazioak ordezkatuz. Ikerketa honek, zaldiaren jatorria eta historia genetikoa argitzeaz aparte, giza migrazioak eta kulturen arteko harremanak aztertzeko balio izan du.
Bakterio magnetotaktikoak ibaietan eta itsasoan bizi diren mikroorganismoak dira eta haien berezitasun nagusia, magnetitazko nanopartikulak sintetizatzeko gaitasuna da. Partikula hauek iparrorratz gisa erabiltzen dituzte lurreko eremu magnetikoan orientatzeko eta beraz, propietate magnetiko oso interesgarriak baitituzte. Lucía Gandarias bioteknologoak bakterio magnetotaktikoen aplikazioak aztertzen ditugu, batez ere, minbiziaren aurkako terapiekin erlazionatuta. Aplikazio nagusia hipertermia magnetikoa da. Minbiziaren tratamendurako terapia honetan, tumore-eremuko nanopartikula magnetikoen injekzioak ematen dira eta ondoren eremu magnetiko alterno bat aplikatzen da, zelula kantzerigenoak ahulduz. Azalpenak Unibertsitatea.net atarian: Lucía Gandarias: “Bakterio magnetotaktikoen aplikazioak aztertzen ditugu, minbiziaren aurkako terapiekin erlazionatutakoak batez ere”.
Ingurumena
Aste honetan Zientzia Kaieran, Ioan Marigomez Plentziako Itsas Estazioko zuzendariari egin diote elkarrizketa, estazioan aurrera eramaten ari diren ikerketen inguruan. Itsas ekosistemen aldaketak giza osasunean dituzten eraginak eta itsasoko biobaliabideak ikertzen dituzte bertan eta, itsasoko osasuna aztertzeko, batez ere, arrainen eta moluskuen zelulak ikertzen dituzte, ingurumenean ematen diren aldaketen aurrean espezie hauen erantzunak zeintzuk diren kuantifikatzeko. Datu horiek aztertuz ekosistemaren osasuna ezagutu nahi dute. Datuak Zientzia Kaieran: Ionan Marigomez: “Badakigu moluskuen eta arrainen erantzunak antzematen eta neurtzen ingurumeneko aldaketak ezagutzeko”.
Zenbait arrain eta moluskutan sexu aldaketak aztertu dituzte. Honen arrazoia, sendagaiak, garbitzeko produktuak edo etxeko ohiko plastikoak modu desegokian botatzea da eta arazoak sortzen ari da itsasoaren orekan. Alkifenol etoxilatu motako detergenteek, osagai plastikoek, hala nola ftalatoek eta pinturek, eta hainbat motatako farmakoek, adibidez, pilula antisorgailuek edo antidepresiboek, uretako espezie batzuen sistema endokrinoa alda dezakete. Horrela, haien hazkundean, garapenean, jokaeran eta ugalketa eta immunologia sisteman aldaketak gerta daitezke eta aldaketa horietako ba da organismo hauen feminizazioa. Maren Ortiz-Zarragoitia biologoa gai hau ikertzen dabil Plentziako Itsas Estazioan. Azalpenak Zientzia Kaieran: Uraren feminizazioa, gizakien kontua.
Ozeano Garbiaren Manifestua plazaratu du nazioarteko talde batek. Elhuyar aldizkarian azaltzen dute Nazio Batuek ozeanoen arloan 2030erako jarritako helburuei bultzada bat emateko asmoz egin dutela manifestua eta azaroaren 19ra bitartean egin den ozeanoen biltzarraren oinarria izango dela. Biltzar honen helburuak zehazteaz gain, haiek lortzeko estrategiak diseinatu dituzte bertan eta, diotenez, ozeano garbia lortzeko bidean eman beharreko lehen pausoa poluitzaileek egiten duten ibilbidea ikertzea da. Bestalde, prebentziorako eta kontrolerako araudiak sendotzea, eta praktika egokiak ezartzeko diru-laguntzak bideratzea proposatu dute, eta gizarteratzeari eman nahi izan diote garrantzia, herritarren parte-hartzea bultzatuz.
COP26 klimaren gailurrean aipatu denez, garraioa CO2 isurien % 21aren jatorria. Hau kontuan izanik, hainbat irtenbide proposatu dira garraioari lotutako isuriak gutxitzeko. Elhuyar aldizkarian azaldu dutenez ordea, Christian Brand Oxford Unibertsitateko garraioa, energia eta ingurumena saileko ikertzaileak, helburu horiek lortzeko dauden zailtasunak nabarmendu ditu artikulu batean. Lehenik, ohartarazi du eskaera zuzenean lotuta dagoela populazioaren eta ekonomiaren hazkundeei eta gainera, neurri eraginkorrak proposatu direnean, jendeak haien aurka egin du, garraiobideak egokitzea edo erregai fosilei zerga handiagoak jartzea, besteak beste. Orokorrean, bizimodua bera aldatu beharko genukeela dio, garraioa ere aldatu nahi badugu. COP26 bileraren harira, Berriak biltzarrak utzitakoez galdetu die lau adituri, COP26: bileraren argiak eta itzalak artikuluan irakur daitekeenez. Haien aburuz, badaude argi izpi bat erakusten duten neurri batzuk, baina, oraindik ez da nahikoa larrialdiari modu eraginkorrean aurre egiteko.
Osasuna
Txertoak eragin diezaieketen kalteak eta onurak aztertzeko asmotan, Science aldizkariak haurrak txertatzeari buruzko editoriala plazaratu du, 5-11 urteko haurrei Pfizerren txertoa ematea gomendatu duela eta. Jeffrey S. Gerber eta Paul A. Offit dira editorialaren egileak eta zera argi utzi nahi izan dute: ia 700 haur hil dira AEBn COVID-19agatik eta horren ondoan, ez da haurrik hil COVID-19aren txertoaren ondorioz. Honetaz aparte, kontuan hartu dituzte haurren garapen sozialean eta emozionalean funtsezkoak diren jarduerak, eta gogora ekarri dute eskolaratzeak duen garrantzia. Argi utzi dute infekzioengatik eskola-jarduerak eteteak kalte handiagoa egiten die haurrei, txertoaren albo-ondorioek baino. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Haurrak COVID-19aren aurka txertatzea aztergai, Science aldizkariaren editorialean.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.