Zaldi modernoen jatorria argitu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ikerketa genetiko batek etxekotutako zaldien jatorria argitu du: Errusiako estepetan abiatu ziren, duela 4.200 urte inguru. Aurkikuntzak indoeuroparraren zabalpena azaltzen duen teoriari ñabardura garrantzitsua egin dio.

Zaila da ebaztea zein izan den historian eragin handiena izan duen animalia. Ardiek eta behiek izugarrizko garrantzia izan dute Neolito Arotik, horien bitartez gizakiak janaria eta jantziak egiteko baliabideak eskuratu dituelako. Txerria ere aintzat hartzekoa da, noski. Eta zer esan oiloei buruz? Zenbaitetan proposatu izan da, erdi txantxetan erdi egiatan, etorkizun urrun batean Antropozenoaren adierazle garrantzitsuenetakoak izango direla jandako oilaskoen fosilak.

Elikatzeko erabiltzen ez direnen artean, txakurra da dudarik gabe izarra, ehizan laguntzeko eta ardiak zein etxeak zaintzeko bidaide bikainak izan delako. Baina, egiari zor, historiaren orrialdeetan eragin handiena izan duena zaldia izan da. Duela gutxira arte, garrantzi handiko gertaera historiko gehienetan, hortxe egon da animalia hori. Gurdiei tiraka, goldeari eutsita edota, zer esanik ez, guda zelaietan.

zaldia
1. irudia: Analisi genetikoei esker, zaldi modernoen jatorria zehaztasun handiz argitu dute: duela 4.200 urte inguru sortu ziren, Kaukaso iparraldeko estepetan. (Argazkia: Juanma Gallego)

Erromatar inperioaren erorialdian askotariko arrazoiak egon ziren arren, ez dago soberan gogora ekartzea Hadrianopolisko bataila erabakigarrian godoak erromatarren aurrean gailendu zirela besteak beste estribuak erabiltzen zituztelako. Izan ere, gerra egiteko tresna apartak dira zaldiak. Bigarren Mundu Gerran, garai baten amaieratzat jo izan zen Poloniako zalditeria Alemaniako Panzer tankeen aurka aritu izana, baina XXI. mendean bertan munduko armadarik indartsuenak Afganistanen zaldiak baliatu izan ditu gerrarako.

Zaldia guztiz erabakigarria izan zen beste une historiko bat azaltzeko ere. Duela 5.000 urte inguru, Errusiako estepetatik etorritako Jamna kulturak Europa osoko populazioak ordezkatu zituen. Kultura horren eragina izugarri handia izan zen, antzinako DNAren analisiari esker jakin ahal izan zenez: aurreko populazioen aita bidezko leinuak ia-ia desagerrarazteraino. Aita leinua ez ezik, populazio horiek hizkuntza indoeuroparren arbasoa ekarri zuten haiekin batera.

Bada, populazio azkar horren hedapena azaltzeko, zaldien erabilera funtsezkoa izan dela argudiatu da gehienetan, eta horregatik haiei egotzi izan zaie zaldien etxekotzearen meritua. Hizkuntzalariek askotan zaldiei eta gurdiei lotutako terminoak baliatu dituzte indoeuroparraren zabalpena aztertzeko, eta arrasto arkeologikoetan ere aztarna mota horiei erreparatu zaie. David W. Anthony antropologoaren liburu ospetsu baten izenburua ikustea besterik ez dago: The Horse, the Wheel and Language; hots, Zaldia, gurpila eta hizkuntza.

Kanpotik ikusita bederen, teoria borobila da, eta horregatik etxekotutako zaldien jatorria argitzea lagungarria izango zela espero zen. Alabaina, ezagutzaren bidean, gehienetan gauzak konplikatu egiten dira, eta hori gertatu da oraingoan.

Izan ere, zaldiei buruz orain arte osatutako ikerketa genetiko handienaren emaitzak ezagutarazi dituzte Nature aldizkarian. Bertan, doitasun handiz zehaztu dute non sortu ziren gaur egungo zaldien arbasoak: Kaukaso iparraldean kokatu dute abiapuntu hori, Errusiako estepetan, Don eta Volga ibaien bokaleen artean. Handik abiatu ziren gero, Europa osora eta Asiako ekialderantz, aurretik zeuden zaldien populazioak ordezkatuz. Estatistikari erreparatuta, ondorioztatu dute Kristo aurreko 2200 eta 2000 urte bitartean aldaketa handia gertatu zela, eta estepetako zaldiak zabaltzen hasi zirela Eurasia osoan zehar.

zaldia
2. irudia: Gaur egungo zaldi guztiak etxekotutzat edo etxekotutako zaldien ondorengotzat hartzen dira. Adostasunik ez dago Przewalski zaldien inguruan —irudian—, askotan, azken zaldi basatitzat hartzen baitira. (Argazkia: Juanma Gallego)

Jamna kultura ere estepa horien inguruan abiatu zenez, eta mendebalderantz antzeko mugimendua egin zutenez, agerikoa izan daiteke lotura. Horregatik, ikerketa honen egileek berariaz hori argitu nahi izan dute ere. Alabaina, ez dute loturarik aurkitu; ez Europako zabalpenari dagokionez bederen. Batetik, datak ez datoz bat, kalkulatzen delako Jamma kulturaren zabalpena Kristo aurreko 3000 urtearen bueltan izan zela, hau da, milurteko bat aurretik. Baina kultura horri lotutako bi zalditan ere ez dute aurkitu etxekotutako zaldien leinuarekiko antzekotasunik. Artikuluan hitzez hitz diotenez, “Jamnarren artzaintzak ez zituen zaldiak hedatu haien jatorrizko lurraldetik”.

Sintashta kulturarekin, ordea, bai aurkitu dute antzekotasunik: Asiara egindako mugimenduan, beraz, bat datoz gizakien zein zaldi berrien mugimenduak. Zaldi horiekin batera zabaldu ziren populazio horiek, hizkuntza indoiraniarrak eta gurdi arinak haiekin batera eramanez.

“Emaitza honek agerian uzten du zein garrantzitsua den animalien historia genetikoa aintzat hartzea giza migrazioak eta kulturen arteko harremanak aztertzerakoan”, nabarmendu du artikuluaren lehen egile Pablo Librado ikertzaileak.

Duela Kristo aurreko 200 urte eta duela 50.000 urte artekoak dira aztertutako laginak. Orotara, Eurasian zehar aurkitutako 273 zaldi arrastoren genomak sekuentziatu dituzte, eta horiek gaur egungo zaldien laginekin alderatu dituzte. Ez da ahalegin txikia izan: 114 erakundetako 162 ikertzailek parte hartu dute bertan

Ordezkapen horren oinarri genetikoak ere argitu dituzte. Bereziki bi gene daude horren atzean. Ondorioztatu dutenez, etxekotze prozesuaren hasieran, GSDMC eta ZFPM1 geneen bi aldaera lehenetsiak izan ziren. Gizakietan, GSDMC geneko zenbait mutazio lotuta dute ornoarteko diskoen gogortzearekin, bizkarreko mina eraginez. ZFPM1 geneak, berriz, aldartean eragina izan dezaketen neuronen garapenean eragiten du. Arratoiekin egindako esperimentuen bidez jakin da gene hori bertan behera uztean antsietatea eta beldurra sortzen direla.

Gene hauen hautespenaren bidez, hobetu ziren bai estresarekiko erresistentzia zein zamak eramateko zuten gaitasuna. Aldagai horiek izan ziren, hain justu, zaldi berriek mundu osoan eskuratu zuten arrakastaren arrazoia, ikertzaileen arabera.

Ikerketa honek aspaldiko eztabaida bati ñabardura garrantzitsua egin dion arren, aukera andana ireki ditu ere. Izan ere, oraingo erronka izango da gertutik aztertzea nola izan zen zaldi berri horien zabalpena, eta baita aurreko zaldi populazioen ordezkapena nola gertatu zen, mugimendu horiek arkeologiaren bitartez ezagutzen denarekin bateratuz. Modu berean, argitu beharko da Jamna kulturako populazioek zaldiekin izan zuten harremana: argi dago zaldiak baliatu zituztela, baina, datu berrien argitara, ez ziren izan etxekotutako zaldiak zabaldu zituztenak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Librado, P., Khan, N., Fages, A. et al. (2021). The origins and spread of domestic horses from the Western Eurasian steppes. Nature, 598, 634-640. DOI: 10.1038/s41586-021-04018-9


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.