Behi afrikarren etxekotzearen gene-aztarnak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Behiak, animalia maitagarriak izateaz gain, haragia edota esnea ekoizteko etxekotu ditugun animaliak dira. Etxekotze-prozesua aski ezaguna da Europan, behien gene-materialean nahiz gizakien gene-materialean utzi dituen aztarnengatik; eta bi espezieen arteko koeboluzioaren adibidetzat jotzen delako. Baina beste kontinente batzuetan ez da hain ezaguna behien etxekotzea. Afrikara begira jarriko gara, ikerketetan ahaztu ohi den kontinentera, alegia, eta gene-informazioaren bidez, behiak bertan nola etxekotu ziren aztertuko dugu.

Afrikan 150 behi-arrazatik gora daude eta arraza horiek askotariko ezaugarri eta moldaketak dituzte. Afrikako behi gehienak guretzat ezagunak diren behien (Bos taurus) eta asiar jatorria duten zebuen (Bos indicus) arteko gurutzaketak dira. Bi behi mota horien arteko ezberdintasuna da zebuek beren sorbaldetan konkor handi bat dutela. Konkor horretan gantzak metatzen dituzte eta zebuak klima lehor eta tenperatura altuak jasateko moldatuta daude. Bi behi mota horiek –luze eztabaidatu izan da bi espezie ezberdin ote ziren baina badirudi espezie berdineko azpitaldeak direla– desagertuta dagoen uroaren (Bos primigenius) ondorengoak dira. Baina etxekotutako behiek ez dute afrikar jatorria, ez dira bertakoak.

1. irudia: Behiak. (Argazkia: Peggy_Marco – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Afrikan behien gene-historia zein izan den eta jaso dituzten tokiko moldaketak zeintzuk izan ziren ezagutzeko, ikerketa berri batek aztertu ditu behi afrikarren 16 arraza garrantzitsuenen 172 genoma. Hori horrela egin ahal izateko, lan horretako ikertzaileek sekuentziatu zituzten Afrikako 12 behi-populaziotako 114 behiren genoma osoak eta 2 bufalo afrikarren (Syncerus caffer caffer) genomak. Bufaloen genomak erabili ziren konparaketak errazteko. Genoma horietaz gain, jada eskuragarri zeuden beste 4 arrazetako 58 genoma erabili zituzten. Aztertutako behien arraza horiek honako herrialdeetakoak ziren: Etiopia, Sudan, Kenia, Uganda, Gambia eta Nigeria. Horrela lortu zuten –gene-informazioari dagokiola– Afrikako behien ordezkaritza zabala.

Hasteko, aztertu zuten zein zen behi eta zebu arteko nahasketa afrikar behietan eta noiz gertatu zen. Bi behi-taldeen arteko nahasketa-gertaera garrantzitsu bat orain dela 750 eta 1.050 urte artean gertatu zen, orain dela 150 behi-belaunaldi inguru, hain zuzen ere. Gertaera horrek gaur egun Afrikako Adarrean bizi diren behi-arrazen genomak moldatu zituen, bertatik sartu baitziren zebuak Asiatik Afrikara. Kontuan izan behar da, aztertu ziren 16 arrazetatik, 14 Afrikako Adarrekoak direla eta, ondorioz, bertan gertatu den etxekotzea sakonago azter daitekeela.

2. irudia: Zebuak. (Argazkia: Bishnu Sarangi – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Erregistro historikoetan oinarrituta, zebua Afrikako Adarrera heldu zen aipatutako nahasketa-gertaera baino 200-300 urte lehenago, Swahili zibilizazioaren sorreraren ostean, hain zuzen ere. Hortaz, ikerketaren egileek iradokitzen dute, hasieran zebuak mugatu zirela Afrikako ekialdeko kostaldera; eta geroago behiekin nahastu zirela, giza populazioen mugimenduen eta dispertsioaren, eta klimaren gorabeheren ondorioz. Mendebaldeko Afrikan ere nahasketa-gertaerak detektatu ziren: esate baterako, orain dela 500 urte halako gertaera bat egon zen, Afrikako Ekialdetik Mendebaldera egindako mugimenduen ondorioz; edota orain dela hogei bat belaunaldi gertatutako nahasketa berriak Borgou eta N’Dama arrazetan, behi-izurriarekin lotura izan dezaketen gertaerak.

Behia nahiz zebua Afrikara sartu ziren beste leku batzuetan etxekotu ostean. Behia Ekialde Hurbilean etxekotu ostean sartu zen Afrikan; eta zebua, berriz, Indiako azpikontinentean etxekotu ostean. Hortaz, pentsa daiteke animalia horientzat erronka izan zela ingurune berrietara egokitzea. Egokitzapen horren zantzuak genoman aztertu ziren, hautespenean egon ziren gene-eskualdeak detektatzeko eta, horrela, hautatutako ezaugarriak zeintzuk izan ziren ondorioztatzeko. Hautespena izan zuten gene-aldaerak batez ere zebu jatorriko gene-sekuentzietan detektatu ziren.

3. irudia: Behi afrikarrak. (Argazkia: Clarence Alford – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Behi afrikarrek zebutik jasotako gene-aldaeren artean zeuden erantzun immunean parte hartzen duten geneak eta beroarekiko tolerantzian parte hartzen duten geneak. Erantzun immuneari dagokiola, ikertzaileek hautespena detektatu zuten kaparrekin eta kaparrek sortzen dituzten gaixotasunekin –esate baterako, Ekialdeko Kostaldeko sukarrarekin– lotura izan dezaketen geneetan; edota birusen aurkako erantzunean –esate baterako, Rift Haraneko sukarrarekiko tolerantzian– parte hartzen duten geneetan. Beroarekiko tolerantziaren kasuan, ikertzaileek hautespena detektatu zuten bai ingurune beroei erantzuteko geneetan, bai eta ura berxurgatzeko geneetan. Izan ere, zebuak ingurune beroetara moldatuta daudenez, Afrikako inguruneetara errez zuen moldatzea eta, ondorioz, Afrikako behietan gene-aztarna hori nabarmena izatea.

Behietan jatorria izan zuten gene-aldaerak, aldiz, izan ziren hanturan parte hartzen duten geneak eta tripanosomiasiarekiko –protozoo bizkarroiekiko– tolerantzian parte hartzen duten geneak. Hantura modu eraginkorrean kontrolatzeko gaitasunak infekzioen kalteak mugatzea eragin lezake, adibidez, lehenago aipatutako Ekialdeko Kostaldeko sukarraren edota Rift Haraneko sukarraren kasuetan. Tripanosomiasiak Afrikako behien produktibitatea murrizten du eta Afrikako hainbat ingurune halako parasitoez beteta daude. Hortaz, infekzio horiek kontrolatu ahal izatea –bai parasitoen kopurua, bai infekzioaren efektuak– abantaila da behientzat eta beren produktibitatea emendatzen du.

Hortaz, ondoriozta daiteke zebuak Afrikara heltzeak ahalbidetu duela Afrikan behien abeltzaintza arrakastatsua izatea. Hori dela eta, ikerketaren egileek iradokitzen dute afrikar kontinentearen elikagai-segurtasuna bermatzeko ideia ona izan daitekeela Afrikako behiekin beste lekuetako arrazak gurutzatzea.

Laburbilduz, Afrikan zebuen eta behien nahasketak gene-dibertsitatea handitu zuen eta, horren eraginez, Afrikako behiek ingurunera hobeto moldatzeko gaitasuna izan zuten. Badirudi gizakien eta behien arteko harremanak kontinente bakoitzean bere bilakaera izan duela, baina leku guztietan arrastoak utzi ditu bai abeltzaintzan, bai gene-ondarean.

Erreferentzia bibliografikoak:

Koch, L. (2020). African cattle adaptations. Nature Reviews Genetics, 21, 718–719. DOI: https://doi.org/10.1038/s41576-020-00293-w

Kim, K., Kwon, T., Dessie, T. et al. (2020). The mosaic genome of indigenous African cattle as a unique genetic resource for African pastoralism. Nature Genetics, 54, 1099-1110. DOI: https://doi.org/10.1038/s41588-020-0694-2


Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.