Mantenugaiak elikagaietan dauden substantzia kimikoak dira eta zelulen funtzio energetikoan, egituratzailean eta erregulatzailean parte hartzen dute . Mantenugaien artean lipidoak ditugu, gantz-azidoz (GA) osatutako substantzia organikoak. GAk egitura hidrokarbonatuko kateak dira. Katearen hasierako muturrean karboxilo talde bat aurkezten dute, eta katearen amaieran, berriz, metilo talde bat. Kate horietan lotura bikoitzak gerta daitezke, eta GA asegabeak sortu. Lotura bikoitz horien kokapenaren arabera, GA ezberdinak sortzen dira, eta, horiek izendatzeko, metilo taldetik hasita lehenengo lotura bikoitzaren kokapena erabiltzen da. Zehazki, lotura bikoitza metilo taldetik hasita 3. eta 4. karbonoen artean daukaten gantzei omega-3 deritze; 6. eta 7. karbonoen artean daukaten gantzei omega-6, eta 9. eta 10. karbonoen artean daukatenei, berriz, omega-9. Omega-3 GA garrantzitsuenak kate luzekoak dira, 18 karbono atomo edo gehiago dituzten kateak, hain zuzen ere. Horien artean, azido α-linolenikoa (ALA, 18:3), azido eikosapentaenoikoa (EPA, 20:5) eta azido dokosahexaenoikoa (DHA, 22:6) azpimarratzekoak dira.
Omega-3 GAen funtzio nagusiak energia-iturri izatea, seinaleztapen molekulak sortzea (eikosanoideak, dokosanoideak) eta zelula-mintzen osagai izatea dira. DHA, erretinan eta garunean kantitate handitan ageri da. Bestalde, omega-3 GAk mintz zelularren osagai dira, eta horien fluidotasunean eragina dute. Mintzeko zelulak kitzikagarriak baldin badira, omega-3 GAek paper garrantzitsua jokatzen dute seinale-transdukzioan, mintzari lotuta dauden hartzaile, ioi-kanal eta entzimen aktibitatea egokia izaten ahalbidetuz. Funtzio horiek izateaz gain, omega-3 GAek kontrol genikoan ere parte hartzen dute peroxisoma proliferatzaileen bidez aktibatutako hartzaileei (PPAR) lotuz.
Ugaztunak elongazio eta asegabetasun prozesuen bidez GAk eraldatzeko gai dira. Hala ere, ugaztunek, omega-9-tik karboxilo muturreraino sor ditzakete soilik lotura asegabe horiek. Horren ondorioz, ALA nahitaezko GA da; hau da, dietaren bidez bereganatu behar da. ALA-tik abiatuta EPA eta DHA sor daitezke. Aitzitik, lortzen diren kantitateak oso txikiak dira; are gehiago, EPA ALAtik abiatuta sortzen bada, bitartekari gisa jokatuko du, eta, hortaz, ez ditu bere jatorrizko funtzioak beteko. Horrexegatik, ez ALA bakarrik, baizik eta gainerako omega-3 garrantzitsuenak ere dietaren bidez bereganatu behar dira.
Omega-3 GAk gorputzeko homeostasia mantentzeko beharrezkoak diren osagaiak dira. Hala ere, gaur egun jarraitzen ditugun dietek nekez betetzen dituzte omega-3-en inguruko beharrak, eta 2 motako diabetesa, obesitatea edo dislipemiak pairatzeko arriskua nabarmenagoa da (irudia). Berrikusketa honen helburua da omega-3 GAek hainbat gaixotasunetan terapia gisa erabilita eduki ditzaketen efektu onuragarriak aztertzea. Zehazki, berrikusketa honek biltzen ditu bihotz-hodietako gaixotasunetan, minbizian, neuroendekapenezko gaixotasunetan, alkoholismoan eta gainpisuan (oinarrizko ikerkuntzan zein ikerketa klinikoan) omega-3 GA gehigarriek dakartzaten efektu mesedegarriak edo onurak.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 38
- Artikuluaren izena: Omega-3 gantz-azidoen propietate onuragarriak zenbait egoera klinikotan.
- Laburpena: Kate luzeko omega-3 mantenugaiak, azido α-linolenikoa (ALA), azido eikosapentaenoikoa (EPA) eta azido dokosahexaenoikoa (DHA), dietaren bitartez bereganatzen diren gantz-azido (GA) poliasegabeak dira. Propietate antioxidatzaileak barne hartzen dituzten hiru osagai horien elikagai-iturri nagusia arrain koipetsua (izokina, antxoa, hegalaburra…) eta horretatik eratorritako arrain-olioa dira batez ere. Omega-3 GA osagarriaz aberastutako dietak aldaketa molekular zein funtzional mesedegarriak eragiten ditu garunaren garapen prozesuan, zenbait garun lesioren berreskurapenean parte hartuz. Gehigarri horrek mintz zelularraren fluidotasuna areagotzen du eta metabolismoaren erregulazioan parte hartzen du, seinaleztapen molekulen askapena sustatuz eta gene espresioan eraginez. Bi ekintza horien bidez seinaleztapen-bideak aktibatzen dira, ondoriozko garun plastikotasuna eta transmisio sinaptikoa suspertuz. Areago, omega-3 GAk zeluletan oro har, eta neuronetan bereziki, oxidazio-estresak eta inflamazioak eragindako kalteak murriztu ditzake. Hori guztiagatik, omega-3 osagarria hainbat patologietan prebentzioan edo tratamenduan erabili da. Berrikuspen honek kate luzeko omega-3 GA gehigarriek bihotz hodietako gaixotasunak, minbizia, neuroendekapenezko gaixotasunak (Alzheimer eta Parkinson), alkoholismoa eta gainpisua tratatzeko oinarrizko ikerkuntzan eta ikerketa klinikoan frogatu eta egiaztatu diren aurrerapen terapeutiko berriak laburbiltzen ditu; etorkizunera begira beste hainbat gaixotasunei aurrea hartzeko edo tratatzeko potentzialtasun handiko eta albo ondoriorik gabeko osagarri ez inbaditzaile aproposa izan daitekeela iradokiz.
- Egileak: Maitane Serrano, Irantzu Rico-Barrio, Leire Lekunberri,
Almudena Ramos-Uriarte, Nagore Puente, Izaskun Elezgarai, Pedro Grandes - Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 73-95
- DOI: 10.1387/ekaia.21840
Egileez
Maitane Serrano, Irantzu Rico-Barrio, Leire Lekunberri, Almudena Ramos-Uriarte, Nagore Puente, Izaskun Elezgarai eta Pedro Grandes UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eta Neurozientziak Saileko ikertzaileak dira.
1 iruzkina
[…] Mantenugaiak elikagaietan dauden substantzia kimikoak dira eta zelulen funtzio energetikoan, egituratzailean eta erregulatzailean parte hartzen dute. Mantenugaien artean lipidoak ditugu, gantz-azidoz osatutako substantzia organikoak. Gantz-azido horietako batzuk dira omega-3 molekulak. Omega-3 gantz-azidoen funtzio nagusiak energia-iturri izatea, seinaleztapen molekulak sortzea […]