Mapa eta egutegia dira itsas elefante emeen iparrorratza

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Itsas elefante emeak espazioaren eta denboraren pertzepzioan oinarritzen dira erabakitzeko noiz itzuli behar diren hondartzetara erditzera. Ez dute erabakia hartzen —orain arte uste zenez— pisu nahikoa irabazi dutenean.

Animalia espezie askok migratzen dute elikadura eremuetatik ugaltze eremuetara, eta, hori egin ahal izateko, doitasun handiz kudeatzen dute denbora. Biologo eta etologoak aspalditik ari dira migrazio horien atzean dauden mekanismoak argitu nahian, baina ikasi dute zaila dela arrazoi bakar bat erabiltzea naturaren mirari horiek azaltzeko.

itsas elefante
1. irudia: itsas elefante eme bat, Año Nuevo (Kalifornia, AEB) izeneko itsas babeslekura iritsi berritan, zazpi hilabeteko migrazio baten ondoren. (Argazkia: Dan Costa)

Erronka are handiagoa da migrazio luzeak izaten direnean. Hori da, hain justu, itsas elefanteen (Mirounga angustirostris) kasua. Itsaso zabalean dauden elikatze eremuetara joaten dira urtero haurdun dauden itsas elefante emeak, baina gero itzultzen dira jatorrizko hondartzetara, bertan erditzera. Doitasun handiz egiten dute itzulera bidaia hori: erditu baino hilabete lehenago hasten dute buelta, eta hondartzetara iritsi eta bost bat egunera erditzen dira.

Elikatzea eta ugaltzea helburu dituen migrazio epiko horren atzean 240 egun irauten dituen 10.000 kilometroko bidaia dago, eta, halere, gai dira bueltatzeko ondartzetara doitasun izugarri horrekin. Ezinbestean, emeak bidaia horietan ondo elikatu behar dira, edoskitze aroak irauten duen bitartean ez dutelako ezer jango, eta kumeek esne asko kontsumitzen dutelako.

Beste espezie askok ez bezala, animalia hauek ez dute migrazioa taldeka egiten, banaka baizik, eta, hori aintzat hartzen denean, migrazioan erakusten duten doitasuna azaltzea erronka zaila da. Kasu horietan, doitasuna azaltzeko erabili izan ohi den azalpena da animaliek buelta ematen dutela haien bidaian behin ondo ase eginda daudenean; hau da, kumaldia aurrera ateratzeko moduko nahikoa pisu irabazi dutenean. Baina orain, ikertzaile talde batek egiaztatu du hori ez dela horrela, ez espezie honen kasuan, bederen. Current Biology aldizkarian argitaratutako gutun batean ezagutarazi dute hori.

Satelite bidez 108 animaliaren gaineko jarraipena egin dute, orotara, 2004-2015 urte tartean egindako 126 ibilaldi aztertuz. Ikusi dutenez, janaria eskuratzeko urrutiago joaten diren itsas elefanteek lehenago hasten dituzte itzulera bidaiak, eta ez, uste zitekeen moduan, janariaren bitartez nahikoa energia eskuratu dutenean.

“Aurkitu dugu migratzen duten itsas elefanteek badakitela zein den erditzeko erabiltzen duten hondartzaren distantzia, milaka kilometrotik ere”, argitu du Kaliforniako Santa Cruz Unibertsitateko (AEB) ikertzaile Roxanne Beltranek. Erantsi du “gutxi gorabehera” emeek badakitela zenbat denbora beharko duten bueltatzeko.

2. irudia: Roxanne Beltran egile nagusia, Milagros Rivera eta Natalie Storm ikertzaileekin batera, itsas elefanteak ikertzeko lanean (Argazkia: Dan Costa)

“Espero genuen arrakasta handiagoa lortua zuten itsas elefanteek —lodien zeudenek—, haien elikatzeko bidaiak lehenago bukatuko zituztela, baina ez zen horrela izan. Osterantzean, ematen zuen ondo programatuta zeudela estrategikoki buelta emateko honako faktorearen arabera: non zeuden eta zenbat denbora beharko zuten hondartzara itzultzeko”, azaldu du Beltranek. “Datu horiek frogatzen dute fokek ugaltze hondartzatik duten distantzia ezagutzen dutela, eta denbora gehigarria ematen dutela itzultzeko urrunago bidaiatzeko baldin badute”, idatzi dute ikertzaileek.

Artikuluan azaldu dutenez, migrazioak taxuz egin ahal izateko, animaliek bi motatako informazioak aintzat hartu behar dituzte: kokapena eta denbora. Artikuluan, faktore horiek “mapa” eta “egutegi” gisa izendatu dituzte. Batetik, itsas elefanteek ugalketa lekuarekiko zehazki non dauden jakin behar dute. Bestetik, aurreikusi behar dute ere noiz hasi behar duten itzultzeko bidaia. Funtsean, animaliak elementu horiek integratzeko gai izan behar dira.

Onartu dute ez dakitela zein den animaliek baliatzen duten mekanismoa erabaki horiek hartzeko, baina sinetsita daude denbora eta kokapena funtsezkoak direla horretarako. Ateratako irakaspenak espeziearen kontserbazioan aurrera egiteko baliogarria izango den esperantza dute. Orain, argitu nahi dute norainokoa den zehatza itsas elefanteek baliatutako kokatzeko gaitasun hori.

Erreferentzia bibliografikoa:

Beltran, Roxanne S. et al. (2022). Elephant seals time their long-distance migrations using a map sense. Current Biology, 32(4), 156-157. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2022.01.031


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.