Inoiz existitu ez zen planeta

Dibulgazioa · Kolaborazioak

2016an Arizonako Unibertsitateko Kevin Wagner astronomoak eta bere lankideek hiru eguzki zituen planeta baten aurkikuntzaren berri eman zuten Science aldizkarian. Sei urte beranduago eta beste talde baten behaketa luzeagoaren ondoren, jatorrizko ikerketa horretan akatsak egin zituztela onartu berri dute.

Kevin Wagner eta lantaldeak aurkitutako ustezko planeta hori ez zen planeta bat, urrutiago kokatutako izar baten argi-seinalea baizik. Gertakari hau, zalantzarik gabe, zientziaren metodoei buruz hausnartzeko baliagarria da.

planeta
Irudia: Wagnerren taldeak behatutako planeta urrutiago kokatutako izar baten argia besterik ez zen. (Argazkia: ipicgr – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

2016ko udan Wagnerrek eta bere lankideek planeta oso berezi baten aurkikuntzaren berri eman zuten. Ikerketaren emaitzak izen handikoa den Science aldizkarian argitaratu ziren. Hainbat hedabidek zabaldu zuten albistea eta NASAk berak ere HD 131399Ab planetaren aurkikuntzaren berri eman zuen. Aipatutako planeta oso planeta gaztea zen, 16 milioi urte besterik ez zituen -Lurrak 4.500 milioi urte ditu-. Jupiter baino lau aldiz handiagoa zen eta bertan urteak 5 mende irauten zituen. Centaurus konstelazioan kokatuta zegoen, Lurretik 340 argi-urtera. Aurkitutako exoplanetarik gazteenen artean sailkatzen zen. Hala ere, bazuen are bereziagoa egiten zuen beste ezaugarri bat: bere zeruan hiru eguzki zeuden.

Wagner eta bere lankideek azaldu zuten bezala, planeta horren urteak irauten dituen bost mendeetatik hirutan hiru eguzki ikus zitezkeen zeruan. Ikerketa Atakamako basamortuan dagoen VLT teleskopioari esker egin zuten. Teleskopioaren ardura duen ESO European Southern Observatory erakundeak ere 2016ko uztailean adierazi zuen planeta harrigarria zela HD 131399Ab izenekoa.

Orain arte kontatutakoa polita da oso. Are politagoa litzateke egia balitz. Alabaina, Arizonako Unibertsitateko Wagner ikertzaileak eta 2016ko lana sinatzen zuten gainontzeko ikertzaileek ikerketarekin atzera egiten dutela adierazi dute. Science aldizkari berean argitaratu dute oharra eta bertan argi diote zein den lanaren akatsa. Planeta hori ez da inoiz existitu: litekeena da positibo faltsu bat izatea. Akatsaren berri Nielsen astronomoak eta bere lankideek eman zuten The Astronomical Journal aldizkarian. Bigarren talde horrek teleskopio bera erabili zuen, baina, tarte luzeagoz behatu zuen ustezko planeta. Haien ikerketen arabera, emaitzak argiak dira eta ustezko HD 131399Ab planeta urrutiago dagoen izar baten argi-seinalea besterik ez da. Hiru eguzki dituen planeta harrigarri hori, beraz, ez da existitzen eta ez da inoiz bertan egon. Wagnerren taldeak Nielsenen hipotesia baieztatzen zuen beste ikerketa-lan bat argitaratu zuen 2022ko urtarrilean, beraz, badirudi bi taldeek egindako behaketek orain bai, norabide bereko emaitzen alde egiten dutela.

Planeta horrekin gertatutakoak zientziaren eta argitalpen-prozesuen zenbait argi-ilun agerian jarri ditu. Alde batetik, zientziak ondo funtzionatzen duela erakusten du; izan ere, faltsugarritasuna zientziaren beraren ezaugarri garrantzitsuenetakoa da. Hain zuzen ere, teoria zientifiko batek esperimentu bidez bere aldeko edo kontrako datuak jasotzeko aukera eskaini behar du. Horixe da kasu honetan gertatu dena. Beste alde batetik, Wagnerren taldeak modu egokian jokatu du akatsaren berri izan ostean, izan ere, haien ikerketak ere egin dituzte eta Science aldizkarian bertan argi utzi dute hasierako lana bertan behera gelditu dela. Aldizkariaren jatorrizko ikerketan ere argi gelditzen da lanaren egoera zein den.

Alde positiboak alde batera utzita, badira aipatzeko modukoak diren beste kontu batzuk. Lehenik eta behin, sarean argitaratutako hainbat albistetan ez da adierazi zer den gertatu dena eta hiru eguzki dituen planeta existitzen dela pentsa dezake gehiago sakontzen ez duen edozein irakurlek. Zenbait hedabidetan horrela jokatzea ez da harrigarria, baina, aipatzekoa da NASAren edo ESOren webguneetan argitaratutako albisteetan ez dela eguneraketarik egin. Beste alde batetik, Wagnerren taldearen akatsa zientziaren argitalpen-prozesu eta lehiakortasunarekin ere lotu daiteke, ziurrenik.

Egungo zientzian sarritan ez dago astirik hausnarketa sakonak egiteko eta analisietan denbora-tarte luzeak hartzeko. Wagnerren taldeak 11 hilabeteko behaketa egin zuen eta adituen arabera, denbora-tarte hori oso laburra da distantzia horretara egon daitekeen planeta bat ikertzeko. Wagnerrek zituen datuen arabera planetaren hipotesia zuzena izan zitekeen arren, ziurrenik behaketa luzeago batekin ikusiko zuten planeta izar bat zela.

Informazio gehiago:

Erreferentzia bibliografikoak:

Wagner, K., Apai, D., Kasper, M., Kratter, K., McClure, M., Massimo, R., Beuzit, J.-L. (2016). Direct imaging discovery of a Jovian exoplanet within a triple-star system, Science, 353(6300), 673-678. DOI: 10.1126/science.aaf9671

Nielsen, E.L. et al. (2017). Evidence that directly imaged planet HD 131399Ab is a background star, The Astronomical Journal, 154(6), 218. DOI: 10.3847/1538-3881/aa8a69


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.