Gaur egun kontsumitzen ditugun tomateen artean aniztasun handia egon arren, azterketek erakutsi dute oso oinarri genetiko urrian abiatu zirela barietate horiek. Zorionez, nekazariak oso adi egon ziren mutazioei.
Fruta dendan edo supermerkatuan sartzen zaren hurrengoan, arren, erakutsi ezazu errespetu pixka bat: benetako heroien aurrean zaude. Ez, oraingoan ez gara ari dendariei buruz —gehienek heroitasun puntu bat badute ere, bai—. Tomate eta bananei buruz ari gara.
Hain egunerokoak izateagatik, askotan ahaztu egiten zaigu fruta horiek bizirik irautea lortu duten heroi txikiak direla. Istorio honetan, super-gaizkileak Fusarium oxysporum izena du, eta izugarrizko triskantzak egiten ditu laborantza askotan —ez ahaztu, arren, hau lizentzia literarioa dela: onddo gizajoak bizirautea eta ondorengoak bermatzea baino ez du nahi, guk guztiok bezala—.
Bananen kasuan, Cavendish motako barietatea onddo horren aurrean nagusitu zen, duela hamarkada batzuk luze eta zabal hedatuta zegoen Gros Michel barietatea hondoratu zen bitartean. Tomateen kasuan, Raf barietate espainiar ezagunari hortik datorkio izena, hain justu: Resistente al Fusarium.
Biak ala biak, tomate zein bananak, oso desberdinak dira jatorrizko basa ahaideekiko. Bananen kasuan, basa barietateak haziez beteta daude. Tomateen kasuan, oso txikiak dira, diametroan zentimetro baten ingurukoak, eta guztiak dira borobilak eta gorriak. Gaur egun, ordea, merkatuetan tamaina eta forma desberdinetakoak daude, eta kolorean ere alde nabarmena egon daiteke.
Oparotasun hau, ordea, ez da beti horrelakoa izan. Baina tomateen bilakaera jarraitzea ez da kontu erraza, are gehiago kontutan izanda arrasto arkeologikoek ezer gutxi esan ahal digutela haien historiari buruz. Alabaina, ikertzaile talde bat horien analisi genetiko eta morfologikoan oinarritu da tomatearen etxekotzearen historia berreraikitzen saiatzeko.
Traditom izeneko proiektuaren baitan egin dute ikerketa hori. Bertan, Europan landu izan diren 1254 tomate barietate ikertu dituzte. Journal of Experimental Botany aldizkarian argitaratutako emaitzak aztertuta ondorioztatu dutenez, Europako nekazariak gai izan ziren aniztasun handia lortzeko berez nahiko mugatua zen gene dibertsitate batean abiatuta.
Egileek ikerketa horren gaineko xehetasun osagarriak eman dituzte The Conversation atarian argitaratutako artikulu batean, Jose Blanca eta Joaquin Cañizares Valentziako Unibertsitate Politeknikoko ikertzaileen eskutik.
Bertan azaldu dutenez, orain arte zabalduen egon den hipotesiak dio tomatea Mexikon etxekotu zela. Halere, eta kontuan izanda Peruko eta Ekuadorreko Andeetako goi oihanetan dagoela laborantza tomateen dibertsitate handiena, proposatu dute Mexikotik eremu horretara mugitu zela belar txar gisa; bertan etxekotu bide zuten eta, ondoren, berriro bueltan eraman zen Mexikora, oraingoan laborantza landare gisa. Zantzu genetikoek hori iradokitzen dute.
XVI. mendetik aurrera Ameriketatik Europara eraman zuten ondoren, bereziki Espainiara eta Italiara. Halere, jatorrizko lurraldean zeuden barietateen lagin bat baino ez zen esportatu, eta horrek, noski, ezinbestean aniztasun genetikoaren galera ekarri zuen, kanpoan utzi zirelako hainbat eta hainbat aukera genetiko. Horren emaitza da Europako barietateen azterketaren ondoren aurkitu duten urritasun genetikoa.
Europan elikagai berriak izan zuen ibilbidearen hasiera, gainera, ez zen oso oparoa izan: bereziki herri xehearen artean kultibatu zen, baina goi mailako klase sozialetan ez zen estimatua izan. Gaur harrigarria egiten bazaigu ere, mende askotan medikuek uste zuten fruta eta barazkiak ez zirela oso osasungarriak.
Halere, beste landare askorekin historian egin den bezala, denborarekin nekazariek askotariko kolore, forma, tamaina eta testurak lortu dituzte tomateetan, barietate andana sortuta. Gogoratu beharra dago aniztasuna ez dela soilik gustu kontua. Gaitz berriei edota klima aldaketari aurre egiteko oso komenigarria izan daiteke alternatiben aukera zabala eskura izatea, arazoak sortzekotan, ahalik eta landare mota egokiena erabili ahal izateko. Norabide horretan, mundu osoan mota askotako hazi bankuak daude, normalean hedabideetan Svalbardeko hazien ganga agertzen ez bada ere.
Bi multzo
Ikertzaileek bi barietate multzo identifikatu dituzte Europan: Espainiakoa eta Italiakoa, eta baita bi eremu hauen arteko hibridazioetatik sortutako hirugarren multzo bat ere. Hortaz, azken hau modernoagoa da.
Mediterraneo inguru hau bigarren mailako aniztasun gune bilakatu zen —Nikolai Vavilov genetistak etxekotutako landaretarako zehaztu zituen zortzi aniztasun guneetatik ondoren sortutakoa, hain justu—.
Gaur egun merkatuan dauden barietate gehienak eremu horietan lortu ziren. Alabaina, lortu ziren barietate tradizional horietako gehienak jada ez dira ereiten, edo oso merkatu txikietan baino ez dira lantzen.
“Bi tomate landare ausaz aukeratuz gero, ikusiko dugu sekuentzia genetiko ia berdinak dituztela”, azaldu dute. “Halere, basamortu genomiko horretan, oasi bakar batzuk badaude. Genoma zati txiki horietan, oso desberdinak diren sekuentzia genomiko batzuk azaltzen dute zenbait barietatek”. Erantsi dute eremu horietako asko intereseko ezaugarriei lotuta agertzen direla: hala nola fruituaren forma edo tamaina kontrolatzen dituztenak. “Bai basamortu handia zein oasi txikiak, biak ala biak izan ziren nekazarien hautespenak egindako zizelkatzearen emaitza”, laburbildu dute, poesia kutsu batekin.
Europako barietateetan aldakortasun handia duten 298 gene eremu aurkitu dira. Horietako asko bat datoz nekazariek egindako hautespenetan faboratu diren ezaugarri morfologikoekin. Izan ere, mutazioei adi egon ziren nekazariak. Kasurako, nor izeneko mutazioak tomateak usteltzeko denborak dezente luzatzea ahalbidetu zuen. Beste mutazioetako bat CLAVATA3 geneari dagokio: fruitu handiagoak eta irregularrak sortzen ditu.
Europako merkatuetan izan zuen bilakaerari dagokionez, egileek gogora ekarri dute hasieran denboraldiko kontsumoa zela tomateena. Negutegiak agertu baino lehen, gainera, zaila zen klima hotzetan tomateak kultibatzea, eta fruituak ez ziren luzaroan kontserbatzen.
Industria iraultzarekin batera etorri zen garraiobideen garapenari esker errazagoa izan zen fruta eta barazkiak garraiatzea, eta Maria bainu moduko kontserbazio teknika berriak edota lata metalikoen agerpena oso lagungarriak izan ziren. Bestetik, hazien lanketa modu profesionalean egiten hasi zen, eta XX. mendearen hasieran berriro basa barietateen bila hasi ziren, modu antolatu batean aniztasun gehiago eskuratzeko. Bide horretatik, gene erresistenteak lortu ziren.
Joan-etorriko bidaia izan da hobekuntza hauena, eta tomate barietate tradizionaletan ere mantendu dira. Egiaztatu dutenez, aztertu dituzten barietate tradizionalen %25ean daude gaitzen aurrean erresistente diren geneak, eta horiek barietate komertzialetarako egindako hautaketa profesionalen ondorio dira.
Dena dela, argi dago tomatearen historia ez dela orain bukatuko, horren gaineko ikerketa eta saiakera asko egiten direlako oraindik. Zentzu honetan, eta beren beregi aipatu gabe, transgenikoen aldeko aldarria egin dute egileek. Laborantzak hobetzea ahalbidetuko duen “edozein teknologia” erabiltzeko beharra azpimarratu dute, nekazaritzak ingurumenean duen inpaktua ahalik eta gehien gutxituz. “Tamalez, zio ideologikoengatik tresnak alboratzeko Europan hartu dugun alternatibak gosetea dakar, bai eta baliabide naturalen alferrikako suntsiketa ere”, erantsi dute.
Erreferentzia bibliografikoa:
Blanca, Jose et al. (2022). European traditional tomatoes galore: a result of farmers’ selection of a few diversity-rich loci. Journal of Experimental Botany, erac072. DOI: https://doi.org/10.1093/jxb/erac072
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
2 iruzkinak
[…] Ikertzaile talde batek analisi genetiko eta morfologikoak egin ditu tomate barietate ugaritan, tomatearen etxekotzearen historia berreraikitzen saiatzeko. Zehazki, Europan landu izan diren 1254 tomate barietate ikertu dituzte. Azaldu dutenez, tomatea Mexikon etxekotu zen, eta ondoren, Peruko eta Ekuadorrera zabaldu […]
[…] Jatorrizko espeziaren tomate loreak estilo luze bat du, lorezil konoa baino garaiagoa; horri esker, errazagoa da beste lore baten polenarekin, intsektuek edo haizeak lagunduta, ernalkuntza gurutzatua gertatzea. Denboraren poderioz, estilo laburreko eta nahitaezko autoernalkuntzako zenbait barietate agertu ziren. […]