Nahiz eta azken urteetan obesitatearen tratamendu posibleen inguruan asko ikertu eta aurreratu den, oraindik ere lehen mailako osasun-arazoa da mendebaldeko gizartean. Izan ere, obesitatearen prebalentziak etengabe jarraitzen du handitzen eta ondorioz, mundu-mailan heriotza goiztiarren eragile nagusienetakotzat jotzen da.
Jakina izan arren obesitatea faktore anitzeko gaixotasun metaboliko kronikoa dela, haren garapenean eragin handiena duten faktoreak elikatze-ohitura desegokiak eta bizimodu sedentario bat eramatea dira. Obesitateak duen beste ezaugarria da, berarekin lotzen diren osasun-arazoak pairatzeko arriskua handitzen duela. Gaixotasun horien artean 2 motako diabetesa nabarmentzen da, zeina nagusiki obesitatea duten pertsonetan ematen den diabetes mota baita. Beraz, 2 motako diabetesa duten gaixoen gehiengoak obesitatea ere pairatzen duenez, ohikoena izaten da tratamendu berdina preskribatzea bi gaixotasunentzat, kaloria-murrizketan oinarritutako dieten erabilpena delarik nagusiki aukeratzen dena.
Zoritxarrez, mota horretako tratamenduek arrakasta urria izaten dute, eta ondorioz, beharrezkoak izaten dira 2 motako diabetesa tratatzeko bestelako erreminta terapeutikoak. Horien artean sakarosa (edo mahaiko azukrea) fruktosagatik ordezkatzea izan da aspalditik erabilitako neurri bat, azken horren xurgapen eta metabolismorako ez baita intsulinarik behar, eta ondorioz, ez du odoleko glukosa-mailen aldaketarik eragiten. Ezaugarri horrek fruktosa sakarosa baino osasuntsuagoa ote den ustea zabaltzea eragin du, zeinak, halaber, fruktosaren kontsumoaren handipena eragin baitu. Zoritxarrez, fruktosaren kontsumoaren handipen hori gaixotasun metaboliko ezberdinen handipenarekin batera eman dela ikusi da, eta ondorioz egun arreta fruktosaren gehiegizko kontsumoak edo kontsumo kronikoak eragin ditzakeen osasun-asalduretara bideratu da.
Gibel gantzatsu ez-alkoholikoa da fruktosaren gehiegizko kontsumoarekin edota kontsumo kronikoarekin lotu den osasun-arazoetako bat. Izan ere, behin hestean xurgatu ondoren, odoleko fruktosaren gehiengoa gibelera sartzen da bertan metabolizatua izateko. Organo horretara heltzen den fruktosa kantitatea handiegia denean, lipidoen sintesia aktibatu eta oxidazioa inhibituko dira, baita oxidazio estresa eta hesteko mikrobiotaren asaldurak sortu ere. Prozesu horiek gibeleko gantz-metaketa eta hantura eragingo dituzte, organo horren funtzionamendu egokia asaldatuz.
Paradoxikoki, ikusi da fruktosa gehiegi edo kronikoki kontsumitzeak intsulinarekiko erresistentziaren garapena eragin dezakeela, zeina 2 motako diabetesaren aurreko urratsa baita. Kasu horretan ikerlan ezberdinek erakutsi dute fruktosak pankreako intsulina jarioa handitzen duela eta hiperintsulinemia sortu. Egoera hori denboran luzatzen denean, intsulina hartzaileen jarduera-murrizketa eragingo da, eta ondorioz intsulinak ez du bere funtzioa egokiro beteko. Bestalde, aurrez aipatu den fruktosak eragindako gibelaren hanturak ere eragina izango du intsulinarekiko erresistentziaren garapenean, glukosaren xurgapenaren murrizketa eragingo baitu.
Aurrekoez gain, fruktosaren gehiegizko kontsumoak edo kontsumo kronikoak erraietako gantz-ehunaren gehiegizko metaketa ere eragin dezake. Hori gertatzen denean, gantz-ehun horrek bitartekari hantura-eragileak jariatuko ditu odolera, baita gantz azido askeak ere, kalteak sortuz egun eta organo ezberdinetan. Era berean, fruktosaren kontsumo desegokiak odoleko lipido-mailen asaldurak ere sortu ditzake, horien artean nabarmentzen direlarik triglizerido eta LDL kolesterolaren maila igoerak, baita HDL kolesterolaren maila murrizketak ere. Horiek horrela, fruktosaren gehiegizko kontsumoak gaixotasun kardiobaskularrak pairatzeko arriskuaren handipena eragingo lukete.
Egun ezagutzen diren datuetan oinarrituz, esan liteke fruktosaren kontsumoa gomendagarria ez izateaz gain, zenbait osasun-arazo garatzeko arrisku-faktorea ere badela. Kontuan izanik fruktosatan aberatsak diren elikagaietako asko (zukuak eta freskagarriak, esaterako) haur eta nerabeek kontsumitzen dituztela, arreta berezia jarri beharko litzateke azukre horrek adin-talde horretan sor ditzakeen efektuetan. Ondorioz, “osasungarriagoak” diren gozagarrietan ikertzen jarraitzea eta elikagaietako fruktosa edukia mugatzen duten lege/arauak garatzea beharrezkotzat jotzen da.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 41
- Artikuluaren izena: Fruktosaren kontsumoak eragin ditzakeen osasun arazoak: konponbidea arazo bihurtzen denean.
- Laburpena: Obesitatea lehen mailako osasun-arazotzat hartzen da, epidemia baten tamaina hartuz eta mundu-mailan heriotza goiztiarren eragile nagusietakoa bihurtuz. Gaixotasun metaboliko kroniko honen ezaugarri nagusietako bat berarekin lotzen diren osasun-arazoak dira, eta horien artean 2 motako diabetesa nabarmentzen da. Obesitatearen kasuan bezala, diabetesaren tratamendurako ere murrizketa kalorikoan oinarritutako dietak erabili ohi dira. Hala ere, tratamendu mota horrek arrakasta baxua lortu ohi duenez, bestelako esku-hartzeak ere beharrezkoak dira, eta horien artean sakarosa fruktosarekin ordezkatzea sarritan preskribatzen da paziente horientzat. Izan ere, glukosarekin ez bezala, fruktosaren metabolismorako ez da intsulinarik behar, eta ondorioz, ez da odoleko glukosa-mailen handipenik gertatzen. Hala ere, azken urteetan izan den fruktosaren kontsumoaren handipena gaixotasun metaboliko ezberdinen prebalentziaren handipenarekin batera gertatu denez, arreta handia jarri zaio fruktosari, konponbidea izan beharrean arazoa izan daitekeela uste delako. Esaterako, ikusi da fruktosaren gehiegizko kontsumoak edo kontsumo kronikoak gibel gantzatsu ez-alkoholikoa (GGEA) sortzen duela, de novo lipogenesia aktibatuz, gibeleko gantz-azidoen (GA) oxidazioa murriztuz eta hesteko mikrobiotaren konposizioa aldatu eta iragazkortasuna handituz, besteak beste. Horretaz gain, paradoxikoki fruktosaren gehiegizko kontsumoa intsulinaren erresistentziarekin (IR) ere lotu da. Kasu horretan, pankreako intsulina-jario handiagotua eta gibeleko IR deskribatu dira mekanismo eragile nagusitzat. Azkenik, fruktosaren gehiegizko kontsumoak edo kontsumo kronikoak erraietako gantz-ehunaren (EGE) gehiegizko metaketa eta dislipemiak ere eragin ditzakeela deskribatu da ikerlan ezberdinetan. Horiek horrela, nahiz eta hasiera batean fruktosaren kontsumoa osasungarritzat eta zenbait osasun-asalduraren «konponbidetzat» jo, argi geratzen da haren kontsumo desegokiak zenbait arrisku ere badituela. Ondorioz, beharrezkotzat jotzen da administrazioaren esku-hartzea fruktosaren kontsumoa murrizten edota erregulatzen lagunduko duten arauen garapenerako.
- Egileak: Iñaki Milton-Laskibar, Irene Besné, Helen Carr-Ugarte, María Puy Portillo
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 109-126
- DOI: doi.org/10.1387/ekaia.22707
Egileez:
Iñaki Milton-Laskibar, Irene Besné, Helen Carr-Ugarte eta María Puy Portillo UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Saileko, Bioaraba Osasun Ikerketa zentroko eta CIBERobn zentroko ikertzaileak dira.