Asteon zientzia begi-bistan #394

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

kirol jarduerak

Osasuna

Naturarekin lotutako kirol jarduerak preskribatzea geroz eta ohikoagoa da medikuntzan. Izan ere, onura fisikoez gain, onura emozionalak eta kognitiboak dituzte kirol mota horiek. Adituen esanetan, surfean adibidez, oso agerikoak dira onura horiek. Surfean, erabakiak hartzea oso garrantzitsua dela diote adituek, eta ikerketa batek erakutsi zuen eskarmentua duten surflariek gaitasun handiagoa dutela erabakiak hartzeko. Gainera, jarduera hori praktikatzen dutenek diote psikologikoki indarberritu egiten zaituela surfak. Datu guztiak Berrian: Jauzi bat osasunaren aparretara.

Edari energetikoen kontsumoak kalteak sortzen ditu gazteetan. Orokorrean, kafeina da edari horien osagai nagusia, taurina eta guarana bezalako estimulatzaileekin batera. Erresuma Batuan egindako ikerketa batek 2013tik 2021era 18 urtetik beherakoen edari energetikoen kontsumoa aztertu zuen. Emaitzen arabera, edari energetikoak kontsumitzen ez zituztenekin alderatuta, kontsumitzen zituztenek batez besteko nota baxuagoak zituzten, osasun mental eta fisiko txarragoa zuten eta euren ongizate orokorra kaskarragoa zen.

Maiatzean tximino-baztangaren lehen kasuak jakinarazi ziren Erresuma Batuan. Geroztik, Europako zenbait herrialdetan azaldu dira kasuak, gehienak Afrikan izan gabeko pertsonetan. Tximino-baztangaren birusa zoonotikoa da eta tximinoetan identifikatu zen lehen aldiz, eta, baztangaren antzeko gaitza sorrarazten du. Gaur egun, endemikoa da Kongoko arroan, eta, bereziki, Afrikako Errepublika Demokratikoan, baina handik kanpo kasuak oso ezohikoak dira. Txertoa dagoeneko ez dago eskuragarri, baina baztangaren birusarekin lanean jarraitzen dute bi laborategitan gordeta dauden laginei esker berriro eskura izatea espero da. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Medikuntza

Konputazio erabiliz, koronabirusaren aldaera guztien kontrako txertoa diseinatu dute. CoVPSA izena jarri diote eta txerto peptidiko bat da, hau da, oinarri proteikoa du. Gainera, aipatu behar da peptido hori osatzen duen aminoazido-katea EHUn diseinatu dela, Arina superordenagailua erabilita. Zehazki, lambda supersokaren kontzeptuan oinarritu dira, eta frogatuta dute metodo hau bereziki aproposa dela birusaren mutazio guztiak aztertzeko, eta guztiekiko eraginkorra izango den sekuentzia lortzeko. Horrez gain, azkar mutatzen duten beste birus batzuen aurkako txertoak egiteko ere balio duela aipatu dute. Ana Galarragak azaldu du Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Giza immunitate-zelulen atlasa sortu dute. Giza Zelulen Atlasa proiektua 2016an sortu zen, giza zelula-mota guztiak identifikatzeko asmoz, eta oraingoan immunitate-zelulen atala amaitu dute. Zehazki, bi lorpen garrantzitsu izan dira. Lehenik, ikerketa-talde batek organo periferikoetan dauden immunitate-zelulak identifikatu ditu. Espero da aurkikuntza honek laguntzea gaixotasunen aurkako mekanismoak hobeto ulertzen. Bestetik, beste talde bateko ikertzaileek aztertu dute nola eraldatzen diren immunitate-zelulak indibiduoaren garapenean zehar.

Arkeologia

Argantzongo Erdi Aroko herrixkan egindako ikerketei esker inguruko lehen herrixkak nola sortu ziren aztertu ahal izan dute. Adibidez, botereguneak nola eratu ziren jakin dute, eta Erdi Aroko herriak eta hiriak zergatik eta nola fundatu ziren ere ikusi ahal izan dute. Argantzon herriaren sorrera IX. eta X. mendeen artean koka daitekeela ondorioztatu zuten ikerlariek, eta orain dorrea bakarrik dago zutik. Azalpenak Alea aldizkarian: Iragan urrun baten lekuko.

Atapuerca aztarnategiko El Mirador haitzuloan ardien arrastoen hormonak identifikatu dituzte. Asier Vallejo kimikaria izan da aurkikuntza honen erantzulea, EHUko Arabako campuseko arkeologoekin batera. Denen artean, ikusi ahal izan dute duela 6.000-7.000 urte inguru ernaldian eta edoskitze garaian zeuden ardiak gainerako artaldetik bereizten zituzten gizakiek. Animalien gorotzetan biomarkatzaileak aztertu dituzte horretarako. Juanma Gallegok azaldu du Alea aldizkarian: “Iragana argitzeko biomarkatzaileak baliatzen ditugu”.

Denisovarren fosil bat aurkitu dute Laos iparraldeko Annamango mendikateko kobazuloetan. Topatutako hagina duela 150.000 urte inguru bizi izan zen haur denisovar bati dagokio. Denisovarrak neandertalen eta Eurasiako lehen Homo sapiensen garaikideak izan ziren, baina haiei buruz dagoen ezagutza oso murritza da. Izan ere, 2010an Errusiako Denisovako haitzuloan aurkitu zirenetik, aztarna bakarra topatu da bertatik kanpo (Tibeteko lautadan, hiru mila metrotik gora). Laosko hagina, beraz, Denisovako haitzulotik at aurkitu den bigarren aztarna fosila da, are gehiago, Asia hego-ekialdeko lehena. Aurkikuntza hau aurrerapauso nabaria izan da Denisovarren migrazioari eta gure espeziearen historia naturalari buruz dugun ezagutzan. Azalpenak, Jakes Goikoetxearen eskutik, Berrian: Laosko hagin bat, denisovarren Asiako migrazioak erakusteko froga.

Teknologia

Aste honetan Unibertsitatea.net webgunean Harbil Arreguiri egin diote elkarrizketa. Arregui Telekomunikazio ingeniaria da, eta Bilbon ikasketak amaitu zituenetik Vicomtech enpresan dihardu ikertzen da garraio adimendunen arloan. Azaldu duenez, orokorrean hiriaren barruko mugikortasuna oso konplexua da, baina mugikortasunaren eskariak (noiz eta nondik nora mugitzen garen) askotan patroi errepikakorrak jarraitzen ditu. Hau jakinik, Arreguiren taldeak garraioaren azpiegitura osatzen duten egitura multimodalak digitalki nola adierazi proposatu nahi izan du.

Geologia

Aurten, Uraren Nazioarteko Eguneko protagonista lurpeko ura izan da. Munduko ur gezaren erreserba guztietatik, % 66 inguru glaziarretan eta kasko polarretan izoztuta dago, % 30 lurpeko urak dira eta % 4 baino ez dugu ibai eta lakuetan aurkitzen. Lurpeko urak lurrean sartzen dira eta lur azpian pilatu eta zirkulatzen dute, baina ez dira ibaiak bezala mugitzen. Lurpeko ur gehiena harriek dituzten zulo mikroskopikoen bidez pilatu eta desplazatzen da. Ur oso preziatua da eta erromatarrek, adibidez, nahiago zuten lurpeko ura ibaietako ura baino. Blanca Martinezek azaldu du Zientzia Kaieran: Ikusten ez dugun ura.

Elikadura

Nature Food aldizkarian argitaratutako ikerketa berri batek erakutsi duenez, elikadura-sistema oinarritik aldatzea ezinbestekoa da hau jasangarria izan dadin. Ingurumen-larrialdiari aurre egiteko, desazkundea ezinbestekoa dela proposatzen dute zientzialariek. Ikerketa honetan, zehazki, desazkundearen hainbat eszenatoki simulatu eta horiek elikadura-sistemak izango lituzketen ondorioak aztertu dituzte. Ondorioztatu dutenez, egungo elikadura-sistema murriztuta soilik ez lirateke berotegi-efektuko gasen isuriak murriztuko. Aldaketa sumatzeko, dieta aldatu beharko litzateke nahitaez, eta gainera, eraginkortasun handiagoz sortu beharko lirateke elikagaiak.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..