Edari energetikoen kontsumoaren kalte-galerak gazteetan

Dibulgazioa

Edari energetikoen kontsumoa hazi egin da mundu mailan eta, batez ere, haur eta gazteen artean. Datuen arabera, munduko haurren erdiak edari energetikoak kontsumitzen ditu astean behin. Kontsumo horrek kezka sortu du produktu horiek osasunean izan ditzaketen ondorioengatik.

Edari energetikoen definizioa ez dago argi zehaztua araudian, izan ere, edari freskagarrien barruan sartzen dira. Horrez gain, ez daude finkatuta baimendutako osagaiak eta gehienezko produktu kontzentrazioak zeintzuk diren.

Orokorrean, kafeina da edari horien osagai nagusia (250 ml-ko edari batek 60 ml kafeina ditu), baina, horrez gain, beste osagai aktibo batzuk ere baditu: besteak beste, taurina eta guarana bezalako estimulatzaileak, ginseng edo ginkgoan oinarritutako nutrizio-gehigarriak, L-karnitina aminoazidoa edota azukrea. Produktuen etiketan ageri den osagaien-koktel honek ez dio kontsumitzaileari pista larregirik ematen edari hauen zeregin eta betebeharrez.

edari energetikoak
Irudia: Edari energetikoak. (Argazkia: Jorge FranganilloCC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: flickr.com)

Baina edari hauek gizartearen onespena dute eta arrakasta lortu dute, batez ere, gazteen artean. Egoera hau, neurri handi batean, publizitateari sor zaio. Edari energetikoak panazea bezala merkaturatu dira: nekea murrizteko, errendimendu fisikoa eta kontzentrazioa hobetzeko eta energia emateko produktu bezala saldu baitira. Hala ere, baieztapen horiek babesten dituzten ikerketak mugatuak dira eta, bestalde, analisiak agerian uzten ari dira onurak baino kalteak direla usuagoak.

Espainiako Osasun Ministerioak 2021ean egindako ESTUDES inkestaren emaitzek adierazten dutenez, 14-18 urte bitarteko ikasleen artean ohikoa da honako produktuen kontsumoa. Parte hartu zuten ikasleen erdiak edari energetikoak edan zituen inkesta bete aurreko 30 egunetan. Horrez gain, datuek erakusten dute prebalentzia handiagoa dela mutilen artean (% 50,7) nesken artean baino (% 39). Honako emaitzak berretsi ditu duela bi hilabete BMJ Open aldizkarian argitaratutako artikulu batek eta arreta piztu duen gainerako datua plazaratu du ere: mundu osoko haurren erdiak eta Erresuma Batuko haurren herenak edari energetikoak kontsumitzen dituzte astero.

Kontsumoa ikertzen

BMJ Open aldizkarian argitaratutako ikerketa honek bi helburu zituen: batetik, Erresuma Batuko nerabeek zer nolako edari energetikoak kontsumitzen zituzten eta zenbatekoa zen kontsumoa jakitea; bestetik, osasun fisiko eta mentalean eta gazteen portaeran izan zezaketen eragina aztertzea.

Ikertzaileek 2021ean burutu zuten lana eta, besteak beste, 2013tik 2021era 18 urtetik beherakoen edari energetikoen kontsumoari buruz egindako ikerketa garrantzitsuen emaitzak aztertu zituzten. Horretarako, 9 datu-basetan gordetako informazioa bildu eta aztertu zuten. Era berean, beste berrikuspen-lan sistematiko bat erantsi zioten ikerketari, bertan kontsumoaren prebalentziaren berri ematen zuten lanak, eta kontsumoaren eta osasunaren edo portaeraren arteko loturari buruzko analisiak izan ziren ardatz.

Berrikuspen gehigarrietan Erresuma Batuko datuak bildu zituen ikertzaileek. Datu horietan, haurren artean edari energetikoen kontsumo-mailaren eta patroien inguruko informazioa zegoen eta baita osasun kardiobaskular, mental eta gaitz neurologikoetan izan zezaketen eragina, edo errendimendu akademikoan eta loan izan ditzaketen ondorioei buruzkoa ere.

Ikerketaren emaitzak

Datuek agerian utzi zuten mundu mailan haurren % 13k eta % 67k edari energetikoak kontsumitu zituztela aurreko urtean (2020) eta Erresuma Batuko haurren % 3 eta % 32 artean, gutxienez astean behin kontsumitzen zituztela edari energetikoak (beraien jatorri etnikoaren edozein zela ere). Erresuma Batuko berrikuspenen eta datuen ebidentziek aditzera eman zuten:

  • mutilek neskek baino gehiago edaten dutela,
  • adinarekin batera handitzen dela kontsumoa,
  • eta erlazioa duela buruko minekin, loaren arazoekin, alkohol-kontsumoarekin, tabakismoarekin, suminkortasunarekin eta eskola-bazterketarekin.

Ikertzaileek ikusitakoaren arabera, edari energetikoak kontsumitzen ez zituztenekin alderatuta, astean bost egunetan edari bat hartzen zuten gazte hauen batez besteko notak bajuagoak ziren, kurtso gehiago errepikatzen zituzten, osasun mental eta fisiko txarragoa zuten eta euren ongizate orokorra kaskarragoa zen.

Dena dela, ikerketaren egileek adierazi dute berrikuspenen datuek mugak dituztela, batez ere, zeharkako inkestetatik datozelako eta datu gehigarrietako batek ere ez duelako epe luzerako informaziorik jasotzen. Beraz, badago oraindik zer hobetu ikerketa mailan eta zer egin kontsumo honen oinarrietan sakontzeko. Hala ere, ezin da ukatu gazteetan ematen den edari energetikoen kontsumoak baduela kezkarako zantzurik.

Iturriak:

Erreferentzia bibliografikoak:

Alsunni A. A. (2015). Energy Drink Consumption: Beneficial and Adverse Health Effects. International journal of health sciences, 9 (4), 468–474.

Khouja, C., Kneale, D., Brunton, G., et al. (2022). Consumption and effects of caffeinated energy drinks in young people: an overview of systematic reviews and secondary analysis of UK data to inform policy.

Egileaz:

Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zuzendaria da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..