Fruta jatea eta edatea, bi gauza oso desberdin

Amaia Portugal

Haurrei zuzendutako zuku edariek, fruta zuku naturalek eta smoothiek behar baino askoz ere azukre libre gehiago dituztela ondorioztatu dute, Erresuma Batuan egindako ikerketa batean. Egunean bost fruta jan behar direla dioten gomendioei jarraiki, azpimarratu dute edari horietako batek ezin duela, inolaz ere, fruta ale bat ordezkatu.

Haur obesitatea kezka iturri da osasun erakundeentzat. Azken urteotan, instituzioek freskagarriak eta edari energetikoak hartu dituzte errudun nagusitzat, eta herrialde askotan, debekatu egin dute ikastetxeetan halakoak saltzea. Bitartean, baina, osasuntsu mozorroa daraman beste etsai batek hartu die lekukoa freskagarriei: zukuak eta smoothie delakoak. Fruta daukate, eta frutaren usaina eta kolorea ere bai, baina horrek ez du esan nahi, inondik inora, halako bat edatea laranja bat jatea bezain onuragarria denik.

Susmoak egiaztatu dituzte Liverpoolgo Unibertsitateko (Ingalaterra) ikertzaile batzuek, Action on Sugar erakundearekin elkarlanean egindako azterketa batean. Haurrentzako egokiak omen diren eta Erresuma Batuko supermerkatuetan saltzen diren 203 zuku edari, fruta zuku natural eta smoothie izan dituzte ikergai, eta horietan aurkitutako azukre edukia “onartezina” dela ondorioztatu dute. Horietako askok, gainera, hemeretzi gramo azukre libre baino gehiago dituzte: haur batek gehienez egun batean irentsi beharko lukeen kantitate guztia, botilatxo bakar batean. BMJ Open online aldizkarian eman dute lanaren berri.

Smoothie

1. irudia: Aztertutako smoothiek 13 gramo azukre libre zituzten, batez beste, 100 mililitroko. (Argazkia: Sigurdas / CC BY-SA 3.0)

203 edari horien etiketei erreparatu eta zenbat azukre libre duten begiratu dute azterketa honetan. Azukre libre horietako batzuk ekoizleek berek sartutako glukosa eta fruktosa gehigarriak dira, baina fruta bat zuku bihurtzen dugunean ere sortzen dira berez azukre libreak. Action on Sugar erakundeak oharrarazi bezala, askoz osasungarriagoa da laranja bat jatea, laranja zuku bat edatea baino: “Fruta oso bat gozoa da berez, eta osasungarria, zuntza eta bitaminak dituelako. Baina fruta zuku moduan prozesatzen dugunean, berezko azukre horiek (fruktosa) askatu egiten dira, azukre libre bihurtu, eta hortzak kaltetzen ditu, bai eta behar baino kaloria gehiago eman ere. Kaloria gehiago kontsumitzen dituzu asebete gabe (baso bete laranja zuku = hiru laranja)”.

Zuku bat edanda fruta janda baino azukre gehiago irenstearekin gutxi ez, eta supermerkatuetan saltzen diren produktuoi, gainera, erabat lekuz kanpo dauden azukre gehigarriak txertatzen zaizkie. Ikerketa honetako emaitzek garbi erakusten dute. Haurrek hemeretzi gramo (edo bost te goilarakada) azukre libre jan beharko lituzkete egunean asko jota. Bada, aztertutako 158 zuku edariek 5,6 gramo zituzten, batez beste, 100 mililitroko; 21 fruta zuku naturalek 10,7 gramo; eta 24 smoothiek 13 gramo. Gainera, kontuan izan behar da produktu ia guztiak 200 mililitrokoak direla; gaur egungo gomendioek diote edari horiek ez lituzketela 150 mililitro baino gehiago eduki behar, baina aztertutako laginean, sei produktuk baino ez zuten neurri hori betetzen.

Ontziaren neurria eta produktu batetik bestera aurkitu dituzten gorabehera handiak kontuan hartuta, laginaren %40ak hemeretzi gramo azukre libre zituen gutxienez. Bestela esanda, haur batek egunean irentsi beharko lukeen guztia hartuko luke, edari horietako bakar bat kontsumituta. Simon Capewell Liverpoolgo Unibertsitateko ikertzaileak adierazi bezala, gurasoei iruzur egin zaie, propio haurrei zuzendutako produktu horiekin: “Edarion azukre edukia oso handia da, onartezina, eta smoothieak dira guztien artean okerrenak”.

2. irudia: Fruta osorik jatea zukututa edatea baino askoz ere osasungarriagoa da. (Argazkia: Sandy Austin / CC BY 2.0)

2. irudia: Fruta osorik jatea zukututa edatea baino askoz ere osasungarriagoa da. (Argazkia: Sandy Austin / CC BY 2.0)

Egoera are larriagoa da, produktuek dakartzaten oharrak okerrak direla kontuan hartuta. Izan ere, ikertzaileok egiaztatu dutenez, kontsumo gomendio osasungarriei buruzko informazioa egon, badago, edarion etiketetan. Baina emakume heldu eta aktibo baten dietari dagozkion gomendioak dira, eta erreferentzia hori ez da inolaz ere egokia, haurrei zuzendutako produktu batean.

Hori horrela, artikuluaren egileek gomendio batzuk ere proposatu dituzte argitalpenean:

  • Egunean bost fruta ale jan behar direla dioten osasun aholkuei dagokienez, fruta zukuek, zuku edariek eta smoothiek ezin dute ale horietako bat ordezkatu (Erresuma Batuko gobernuak ontzat eman du ordezkapen hori orain arte).
  • Fruta osorik jatea lehenesten da, eta ez zukututa.
  • Fruta zukuak edatekotan, urtuta kontsumitu behar dira, edo bestela, gozatu gabeko zukuen alde egin. Edozein kasutan, otorduak laguntzeko hartu behar dira soilik.
  • Eguneko 150 mililitrotara mugatu behar dira produktu horiek.

Beste mezu bat ere gaineratu du Capewellek: “Ekoizleek ezin dute beharrezkoak ez diren azukreak (eta beraz, kaloriak) gehitzen jarraitu. Industria etekinak ateratzen ari da, gure haurren osasunaren lepotik. Enpresek ez badute azukrea beren borondatez murrizten, Erresuma Batuko gobernuak aurrera pausoa egin beharko du, eta araudia indartu”.

Erreferentzia bibliografikoa:
Jane Boulton et al. How much sugar is hidden in drinks marketed to children? A survey of fruit juices, juice drinks and smoothies. BMJ Open 2016;6:e010330 doi:10.1136/bmjopen-2015-010330

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Azukrea, janarien barruan ezkutuan - Zientzia Kaiera

[…] naturalek eta smoothiek behar baino askoz ere azukre libre gehiago dituztela ondorioztatu dute, Liverpoolgo Unibertsitatean egindako ikerketa batean. Egunean bost fruta jan behar direla dioten gomendioei jarraiki, azpimarratu dute edari horietako […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>