Asteon zientzia begi-bistan #395

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Pesticide Action Network

Ingeniaritza

María Arnaiz gasteiztarra Ingeniaritza Kimikoan graduatu zen UPV/EHUn. Gaur egun, doktorego osteko ikertzailea da CIC-energiGUNEn. CIC energiGUNEn energia elektrokimikoa metatzeko teknologietan lan egiten da, eta berak, zehazki, kondentsadore hibridoen ikerketan egiten du lan. Azaldu duenez, kondentsadore hibridoekin, bateria eta kondentsadoreen ezaugarri onenak lortu nahi dituzte, hau da, baterien energia, eta kondentsadoreen potentzia eta ziklo bizitza. Arnaizek berak ikatza oinarri duen sistema bat garatu du, oliba-hezur hondakinez baliatuz. Teknologia honekin erakutsi du bai bateriek eta bai kondentsadoreek bete ezin dezaketen aplikazioei erantzuna emateko beste teknologia bat existitzen dela. Unibertsitatea.net webgunean egin diote elkarrizketa.

Fisika

Duela 40 urteko uste bat gezurtatu du DIPCk eta Princentongo Unibertsitateak zuzendutako ikerketa batek: material topologikoak bitxiak eta exotikoak direla. Ikerketa-talde honek, ordea, erakutsi du naturako ia material guztiek daukatela egoera topologiko bat, gutxienez. Analisi kimiko eta topologiko konbinatu baten bidez, taldeak 38.000 bat material topologikotan taldekatu ditu egitura elektronikoak, eta komunitate zientifikoaren eskura jarri ditu. Maia García-Vergniory DIPCko ikertzailearen esanean, material topologikoen potentziala izugarria da. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Arkeologia

Arkeologia esperimentalaz baliatu dira Trebiñuko Neolitoa berreraikitzeko. Pozarraten dagoen Neolito aroko meategian hainbat indusketa kanpaina egin dituzte azken urteotan. Andoni Tarriño geologoa buru duen taldea duela 6000–5600 urteko silex meategi bat aztertzen ari da 2011. urtetik. Geroztik, 13.634 objektu aztertu dituzte. Arrasto hauez baliatuta, arkeologia esperimentala erabili dute garaiko meatzaritza teknikak nolakoak ziren asmatzen saiatzeko.

Osasuna

Nature aldizkariko artikulu batean COVID-19aren kudeaketan Japoniak hain emaitza onak izatearen arrazoiak aztertu dituzte. Honen arabera, Japonian G-7 taldeko beste herrialdeek baino hildako gutxiago eta egoera hobea izan dituzte, nahiz eta populazio-dentsitate handia duten, eta adin oso nagusikoa. Azaldu dutenez, batez ere hauek izan dira gakoak: birusa nola transmititzen den eta zer arrisku dituen ulertzea, eta jarduera sozialari eta ekonomikoari eustea, ospitaleratzeak eta heriotzak ahalik eta gehien murriztuz. Bestalde, gobernuak azkar bideratu zuen komunikazioa, eta informazio eraginkorra emateaz gain, agindu gogorrak saihestu zituen. Horrez gain, berehala ohartu ziren birusa aerosolen bidez transmititzen zela. Ana Galarragak azaldu du Elhuyar aldizkarian: Japoniaren lezioak COVID-19aren kudeaketan.

Espainiako Gobernuak abortuaren arautzea berritzeko ondu duen legearen aurreproiektuan aipatu du baita ere menstruazioan min handiak izaten dituzten andreentzako bajak ezartzea. Honen harira, Arantxa Iraola Gurutzetako ospitaleko ginekologoa den Elena Urkijorekin bildu da, hilerokoaren minen inguruan jarduteko. Eztabaidatutako gaien artean, hilerokoa mingarria izatea normala ote den azaldu du Urkijok, bai eta min ori noiz bihurtzen ote den kezkatzeko motiboa. Endometriosia gaixotasuna ere azaldu dute. Azalpen guztiak Berrian: Oinazea hileroko konpasean.

Pestiziden arrastoa duen fruta % 53 areagotu da azken bederatzi urteotan Europan. Pesticide Action Network (PAN) taldeak argitaratu ditu datu kezkagarri hauek. Bederatzi urtez egin dute ikerketa, eta urte horietan zehar Europako azoka, denda eta supermerkatuetan saltzen diren 100.000 fruta eta barazki laginak aztertu dituzte. Adibide gisa, azterturiko gerezien erdia kutsatuta zegoela aurkitu zuten ikerketaren azken urtean (2019). 2011n, ordea, %22 ziren kutsatutako gereziak. Horrez gain, azaldu dute frutarik kutsatuenak masustak zirela (% 51), eta, ondoren, mertxikak (% 45) eta marrubiak (% 38). Barazkien artean, berriz, apioa (% 50), aza berdea (% 31) eta Bruselako azak (% 26). Edu Lartzangurenek azaldu du Berrian.

Frantziak baimendutako zarata maila gainditzen duten ibilgailuak identifikatzeko aparatuak instalatzeko asmoa du. Honela, abiadurari ematen zaion tratamenduaren parekoa emango zaio hotsari. Izan ere, Europako Ingurumen Agentziak (EIA) argitaratutako “Zarata Europan 2020” txostenaren arabera, bost pertsonatik bat osasunerako kaltegarriak diren mailen eraginpean dago egunero. Zehazki, ikertu da zarata handiaren eraginpean luzaroan egotearen ondorioz, Europan urtero 48.000 istripu kardiobaskular eta 12.000 heriotza goiztiar gertatzen direla. Gainera, aipatutako txostenaren arabera, 22 M pertsonak narritadura kronikoa dute zarataren ondorioz, eta 6,5 M pertsonak loaren nahasmendu larriak dituzte. Osasun mentalean ere eragin handia du faktore honek. Juan Ignacio Pérez Iglesiasek azaldu du Zientzia Kaieran: Zarata, adimenerako pozoia.

Genetika

Ponpeia suntsitu zenean hildako pertsona baten genoma sekuentziatu dute. Gorpuaren hezurretatik DNA erauzi eta osorik sekuentziatzea lortu dute ikertzaileek, lehen aldiz. DNA aztertzean, Mycobacterium generoko bakterioen DNA-arrastoak azaldu dira. Ondorioz, gizonezkoa tuberkulosiak jota zegoela uste dute ikertzaileek. Genoma hau, gainera, Erromar Inperioaren garaian Italiar penintsulan zegoen dibertsitate genetiko handiaren erakusle ere bada. Izan ere, ikusi dute garai hartako italiarren ezaugarriez gain, bazituela Cerdeña irlako hainbat ezaugarri bereizgarri ere. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Ikerketa berri batean zelula osasuntsuetan gertatzen diren mutazio somatikoak aztertu dituzte, mutazio-tasak zahartzean duten eragina hobeto ezagutu ahal izateko. Honetarako, hainbat ugaztunen mutazio-prozesuak ikertu dituzte, zehazki, 16 ugaztun espezieren 56 indibiduotako mutazio-prozesuak. Animalia hauen hesteen horman kokatuta dauden guruinetatik atera zituzten laginak. Zelula hauetan metatzen diren mutazioak aztertuta, ikertzaileek ikusi zuten espezie guztietan mekanismo batzuk partekatzen zirela, baina espeziez espezie, aldakorra izan zen mekanismo hauen ekarpena mutazioak eragiterako orduan. Lorturiko datuekin, ikertzaileek ondorioztatu dute mutazio-tasaren eta bizi-itxaropenaren arteko alderantzizko harremanak eragina izan dezakeela adintzean. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Zenbat mutatu, hainbeste bizi.

Astronomia

Marten hautsa nola harrotzen den azaldu dute EHUko zientzialariek. EHUko Zientzia Planetarioen Taldea kide den nazioarteko talde batek egin du aurkikuntza, eta Perseverence ibilgailuaren MEDA estazio meteorologikoa erabili dute. Izan ere, Marteko hautsak atmosferaren propietate termikoetako asko zehazten ditu. Ikusi ahal izan dutenez, haize korronteen eta gainazalaren arteko interakzioak sortzen ditu hautsa kopuru handiak altxatzeko fenomenoak. Horretaz gain, Marteko haizearen soinua ere grabatu dute, EHUko IBeA laborategiaren parte hartzearekin. Grabazioen arabera, Marteko atmosfera Lurrarena baino meheagoa denez, Lurreko atmosferan ez bezalako soinu-fenomenoak gertatzen dira. Albiste honen inguruko datu gehiago Elhuyar aldizkarian eta Berrian kontsultatu daitezke.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.