Asteon zientzia begi-bistan #398

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Emakumeak Zientzian

Linda Brown Buck biologo estatubatuarra ezaguna da usaimen sistemari buruz egindako lanengatik. 2004ko Fisiologiako edo Medikuntzako Nobel saria jaso zuen, errezeptoreei buruz egindako lanengatik. Bere hastapenetan, biologia molekularra ikastea erabaki zuen Buckek, eta Richard Axelen laborategian hasi zen lanean, Aplysia izeneko molusku batekin. Bertan zebilela, Sol Snyderren taldearen 1985eko argitalpen bat irakurri zuen, usainak hautemateko prozesuaren balizko mekanismoen ingurukoa. Artikulu horrek usaimenean espezializatzeko grina sartu zion. Horrela, hiru urtez usaimen errezeptoreen geneak bilatzen ibili zen, eta azkenik, PCR teknika eraldatu bat erabiliz, usaimen errezeptoreak GPCRen superfamiliako kide gisa identifikatu zituen. Honek usaimenak zientzia modernoan duen garrantzia aldatu zuen.

Ingurumena

Aihnoa Magrach BC3ko (Basque Center for Climate Change) Ikerbasque ikertzaileak basapolinizatzaileen garrantziaz idatzi du Berrian. Azaldu duenez, erleei eta beste polinizatzaile batzuei esker (euliak, kakalardoak, hegaztiak eta saguzarrak) ugaltzen dira loreak dituzten naturako landareen %85 eta jaten ditugun laboreen %70 baino gehiago. Erleetan pentsatzen dugunean, ezti erleak etortzen zaizkigu gogora. Alabaina, Iberiar penintsulan mila erle espezie baino gehiago daude, eta munduan kopurua 20.000 espezieraino iristen da. Ezti erleez asko badakigu ere, gainontzeko espezieez oso informazio gutxi bildu da gaur egunera arte. Magrachek argi dio espezie hauen habitatak zaintzea eta berreskuratzea oso garrantzitsua dela, loreak polinizatzen jarraitzea nahi badugu.

Science aldizkarian argitaratutako artikulu batek salatu du orain arte asko gutxietsi dela gizakiak itsasoan eragindako petrolio-isurien kutsadura. Nanjing Unibertsitateko (Txina) geologo batzuk egin dute ikerketa, eta 450.000tik gora petrolio-orban monitorizatu dituzte satelite-irudien bidez. Honela, ikusi ahal izan dute ozeanoetan 1,5 milioi kilometro karratu baino gehiago daudela marea beltzaz estalita. Orain arteko estimazioek zioten itsasoko azalean dauden hidrokarburoen ia erdia itsas hondoko petrolio-biltegi naturaletatik iragazitakoa zela. Haatik, ikerketa honen emaitzen arabera, % 6 baino ez da itsas hondotik naturalki iragazitakoa, eta gainerako % 94ak jatorri antropogenikoa du. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Zientzia Kaieran, naturako paradoxetako bat azaldu du Juan Ignacio Pérez Iglesiasek. Paradoxa hau zera da: animalia gutxiago daudenean, animaliok janari gutxiago dutela. Izan ere, ekosistema oso emankorretan, landare biomasa asko sortzen da, baina, tokiko belarjaleek biomasa hori oso azkar jaten dute. Alabaina, gakoa belarjaleek sortzen dituzten hondakinetan dago. Elikagaia asimilatu ondoren, hondakinak kanporatzen dituzte belarjaleek, eta horietan daude landareen hazkuntzaren oinarri diren substantzia mineralak. Paradoxa honen hainbat adibide daude, besteak beste, balea eta krillarekin gertatzen dena, edo Australiara Afrikako kakalardo pilotagileak inportatzeko beharraren zergatia. Gai hau hobeto ulertzeko, irakur Zientzia Kaierako artikulua: Gehiago, gutxiagorekin.

Zetazeoen bi espezie soilik elikatzen dira beste itsas ugaztun batzuez. Orka (Orcinus orca) eta orka faltsua (Pseudorca crassidens) dira zetazeo hauek, baina zientzialariek oraindik ez dakite elikatze-moldaera hau zergatik eta noiz sortu zen. Alabaina, dieta-berezitasun horren jatorria hobeto ulertu dezakegu orain, martxoan Current Biology aldizkarian argitaratutako artikulu bati esker. 2020an Rodas izeneko Greziako irlan antzinako izurde ezezagun baten arrastoak aurkitu zituzten, eta ikertzaileek uste dute izurde hori duela 1,5 milioi urte bizi izan zela. Gainera, arrasto horiekin batera, animalia horren azken bazka izan zenaren hondarrak topatu zituzten: arrain hezurrak. Aurkikuntza honi esker, beraz, ondorioztatu ahal izan dute antzinako izurdeak artean arrainez elikatzen zirela duela 1,5 milioi urte. Datuak Zientzia Kaieran: Noiz hasi ziren orkak beste itsas ugaztun batzuk jaten?

Kanal ionikoak, mintz-zelularretan zehar ioien fluxua ahalbidetzen duten mintz-zeharreko proteinak dira. Orokorrean, kanal ionikoak hauek zeharkatzen duten ioi espezifikoaren arabera sailkatzen dira. Hauetako batzuk dira potasio-kanalak. Potasio-kanalak ia zelula guztien mintzean agertzen dira eta funtzio biologiko garrantzitsuak betetzen dituzte. Potasio-kanalen artean, bestalde, KV7 kanalak daude, 5 kidez osatutako kanalen familia bat. Familia hau bereziki interesgarria da; izan ere, hauek kodetzen dituzten geneak patologia esanguratsuekin erlazionatzen dira, besteak beste, epilepsia, diabetesa, gortasuna edota arritmiekin. Horregatik, kanal hauek ulertzea garrantzitsua izan daitekeela pentsatzen da, gaixotasun desberdinen kontrako farmakoak diseinatzeko. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Klima-aldaketa

EHUk egindako ikerketa batek frogatu du Kantauriko itsas algen banaketa eraldatzen ari dela. Are gehiago, ikusi ahal izan dute Kantauriko makroalgak Mediterraneokoen gero eta antzekoagoak direla. Naiara Mugerzak, lanaren lehen sinatzaileak, azaldu duenez, uraren tenperatura dela makroalga-multzoak banatzeko faktore nagusia. Hala, beren emaitzek iradokitzen dute ipar-mendebaldeko komunitateek (Galizia, adibidez,) ur hotzenetako espezieak babestuko dituztela etorkizunean. Kantauri itsasoko erdiguneko eta ekialdeko multzoek, berriz, Mediterraneoko eskualdeen antz handiagoa izango dute, eta ur epeletako espezieak gailenduko dira bertan. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Zientziaren dibulgazioa

Maddi Astigarragak (Deba, Gipuzkoa, 1997) 2022ko Jot Down lehiaketa irabazi du, ilustrazio zientifikoaren adarrean. Ikusezinak izendun ilustrazioarekin, emakume zientzialarien ikusgaitasunik eza irudikatu du, eta lehen saria jaso du harengatik. Cecilia Payne, Inge Lehmann eta Rosalind Franklin zientzialariak irudikatu ditu Astigarragak bere lanean, eta baita bakoitzaren lorpenekin zerikusia duten irudi bat ere: Izarrak, sismografoetako irudia eta DNAren marrazkia. Bere lanaren izenburuaz baliatuz, ilustrazio zientifikoaren gutxiestea salatu du, honen erabilgarritasuna ere ikusezina baita gaur egun. Elkarrizketa osoa dago irakurgarri Berrian: «Ilustrazio zientifikoek ikusgaitasun handiagoa behar dute»

Geografia

Aste honetan Alea aldizkarian, Itziar Aguado ekonomilariari egin diote elkarrizketa, bizitoki ezberdinen jasangarritasunaren inguruan. Enpresen kudeaketa ikasi zuen Aguadok eta ekonomian doktoretza egin ostean, EHUko giza geografiako irakaslea da gaur egun. Azaldu duenez, jasangarriagoa da hirietan bizitzea landa-eremuetan bizitzea baino. Hau kontraintuitiboa izan daiteke, baina bere tesiko kapitulu batean horiek izan ziren emaitzak. Jasangarritasunaren ikuspuntutik, balio altuena Bilbok lortu zuen, eta kontrara, landa guneek lortu zituzten emaitza txarrenak. Ez da ahaztu behar landa guneetan bizi direnek rol garrantzitsu bat betetzen dutela eremu horietan, baina izatez, ekologikoagoa da hirietan bizitzea. Hirietan jendea oinez edo garraiobide publikoetan mugitzen da gehiago, energia-kontsumoa ere baxuagoa da etxebizitzetan, eta zerbitzuak eskura izateko aukera askoz hobea da hirietan.

Astronomia

Esne Bidearen mapa osatuena eta xeheena osatu du Gaiak. Europako Espazio Agentziaren Gaia misioak Esne Bideari buruzko datu-andana berria argitaratu du, eta hainbat datu erabili dituzte honetarako: milioika izarren osaera kimikoa eta hiru dimentsioko mugimendua jaso dituzte, baita izarretako seismoak, mugimendu asimetrikoak eta beste hainbat datu ere. Mapa honek Esne Bidearen historiari eta eboluzioari buruzko informazioa jasotzen du, eta berretsi dute gure galaxiak aniztasun handia duela. Gainera, konposizio kimikoan oinarrituta, ikusi ahal izan dute badirela izar batzuk beste galaxia batzuetatik etorriak. Izan ere, Esne Bideak beste galaxia batzuk irentsi zituen. Mapa honek jaso dituen aurkikuntza harrigarri gehiago kontsultatu daitezke Elhuyar aldizkarian.

Sagittarius A* zulo beltzaren lehen irudia lortzeko zientzialariek planetaren tamainako behatoki birtual bat eraiki behar izan dute. Zortzi irrati-teleskopio erabili dituzte (2022an, 11 behatoki dira dagoeneko), eta teleskopio horiek EHT sarea osatzen dute. Teleskopio bakoitzak galaxiaren erdigunea behatu du, eta seinale horiek guztiak bateratu dituzte ondoren irudia sortzeko. Irudi hau lortzeko, zulo beltzaren inguruan dagoen erradiazioan oinarritu dira, irrati uhinen bidez eskuratutako informazioa bisualki erakutsita, hain zuzen. Gainera, oinarrizko informazioa zuri-beltzezkoa zen, eta beraz, kolorea gehitu diote ikusgarriagoa egiteko. Gai honen inguruko azalpen gehiago Zientzia Kaieran: Galaxiaren bihotza azaleratzeko erronka.

Osasuna

Angel Chamorro doktorea saritu egin du Espainiako Neurologia Elkarteak, bere ibilbidean zehar iktusei aurre egiteko ikerketan egin dituen ekarpenengatik. Izan ere, Chamorro ohartu zen iktusa azido urikoarekin tratatzeko aukera zegoela, eta haren ikerketak tratamenduen nondik-norakoak aldatu ditu. Bartzelonako 2.000 pazienteri egindako odol analisien emaitzak ikusita, Chamorro ohartu zen pazienteen une horretako azido uriko kopurua handitzen zen heinean hiru hilabetera kalte askoz ere txikiagoa izateko aukera zegoela. Animaliekin frogak egin ostean, pertsonekin hasi ziren saiatzen, eta emaitza oso onak lortu zituzten. Alabaina, inbertsioen faltan, oraingoz ezin dute medikamentua fabrikatu. Informazio guztia Berrian irakurri daiteke.

Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, izurri beltzaren jatorri geografiko eta genetikoa argitu dituzte. Jakina zen 1347an sartu zela izurri hau Mediterraneora, Urrezko Hordatik zihoazen merkataritza-ontzien bidez. Alabaina, eztabaida asko zegoen bigarren olatuaren jatorriari buruz. Alabaina, duela 140 urte Issyk Dei lakuaren inguruetan (gaur egungo Kirguistan) egindako indusketek agerian utzi zituzten 1338-1339 urteetako zenbait hilobi. Hilobi hauek inskripzio batzuk zituzten, bertan lurperatutakoak izurri ezezagun batek hil zituela ziotenak. Orain, inskripzio horiek zituzten hilobietako aztarnen antzinako DNA ikertu dute, eta frogatu dute Yersinia pestis bakterioa zutela, izurri beltzaren eragilea, alegia.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.