Taxonak, paleontologiako paranormal activityak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zientzian, oro har, eta geologian, bereziki, prozesu edo egitura bat izendatu nahi dugunean, zer esan nahi duen bere kabuz azaltzen duen termino bat bilatu ohi dugu. Hau da, kontua da entzute hutsarekin zertaz ari garen jakitea, sakonago deskribatu behar izan gabe. Baina, batzuetan, oso literalak gara hitzok aukeratzeko orduan. Orain, erakutsiko dizkizuedan zenbait adibide ikusita, ez duzue jakingo paleontologiako terminoez ari garen ala rock kutsua duen beldurrezko film bat kontatu nahi dugun.

Baina, hasi baino lehen, gauza batzuk argitu behar ditut. Ikerketa paleontologikoak fosil erregistroan jasotako informazioan oinarritzen dira; hau da, arroka bihurtuta kontserbatu diren iraganeko organismoen hondakinak aztertzen dituzte. Alabaina, izugarri zaila da hondakin organiko bat fosil bihurtzea, gehienak arrastorik utzi gabe desagertzen baitira. Horregatik, fosil erregistroa “osatugabea” dela esaten dugu. Horrekin ez dugu esan nahi txarra denik edo ez duenik ezertarako balio; aitzitik, osatzen joan behar dugun puzzle horretan oraindik ere pieza asko falta zaizkigula gogorarazteko modu bat besterik ez da. Eta hori bereziki garrantzitsua da iraganeko organismoetan oinarritutako ikerketa ebolutiboetan; horregatik aurkitzen dira fosil espezie berriak egunero, eta ziurtzat genituen zenbait sinesmen zuzentzen dira. Horrekin lotuta daude, hain zuzen, gaurko protagonistak.

Elvis eta Lazaro taxonak, baita zonbiak ere

Heavy metal eta hard rock musikaren zalea naizenez, Rockaren Erregeaz hitz egingo dut hasteko: Elvis Presley handiaz. Erregea bakarra eta paregabea izan zen arren, hil zenetik haren ehunka imitatzaile agertu dira toki guztietan. Bada, horixe bera gerta daiteke taxonekin; termino zientifiko horren bidez, gure planetaren historia ebolutiboan egon diren fauna taldeak izendatzen dira. Batzuetan, organismo moderno batzuk beste organismo zaharrago batzuen oso antzekoak dira, ia berdin-berdinak. Hori ikusita, pentsa dezakegu haien ondorengo ebolutiboak direla, baina, egiaz, ez dute inolako zerikusirik. Dituzten antzekotasun morfologikoak konbergentzia ebolutibo izeneko prozesu baten emaitza dira; prozesu horren bidez, bi organismok egitura morfologiko oso antzekoak eta funtzio ia berdinekoak garatzen dituzte, baina haien lerro ebolutiboek bananduta egin dute aurrera. Talde zaharragoekiko antzekotasunak garatu eta ia imitatu ere egiten dituzten organismo modernoago horiek, hertsiki ahaidetuta daudela sinetsarazten digutenek, Elvis taxonak izena dute.

Taxonak
1. irudia: Hegaztien, pterosauroen (narrastiak) eta saguzarren (ugaztunak) hegoen konbergentzia ebolutiboa. Hiru taldeek elementu morfologiko oso antzekoa eta funtzio ia berdinekoa garatu dute, baina lerro ebolutibo desberdinak dituzte. (Iturria: Seed, A., Emery, N. eta Clayton, N. (2009). Intelligence in Corvids and Apes: A Case of Convergent Evolution? Ethology 115, 401.-420. or.)

Orain, hildako bizidunen mundura igaroko gara. Hasteko, Lazaro taxonak aipatuko ditut. Historia biblikoan oinarritutako izen hori dute duela milaka edo milioika urte desagertu zirela uste zen favuna taldeak, ez baitzegoen haien hondakin fosilik historia geologikoaren une jakin batetik aurrera. Baina, bat-batean, hondakin fosil berriagoak edo, batzuetan, oraindik bizirik dauden aleak agertzen dira, eta taldearen lerro ebolutiboa denboran luzatzen da. Lazaro taxon baten adibide nagusia zelakantoa da, ur oso sakonetan bizi den arrain bat; uste zenez, duela 66 milioi urte desagertu zen, ez baitzen haren ebidentziarik aurkitu Kretazeoaren amaieratik. Baina, duela ia mende bat, bizirik zegoen ale bat harrapatu zuten Hego Afrikako kostaldean. Horrek agerian jartzen du zein zaila den hondakin organiko batek fosil erregistroan bere arrastoa uztea.

Taxonak
2. irudia: Goian, zelakantoaren fosila (milioika urte) eta, behean, zelakantoaren gaur egungo ale bat (bizirik). (Iturria: Wikimedia Commons – domeinu publikoko irudia).

Eta, aurreko gaiarekin jarraituz, taxon zonbia zer den azalduko dizuet. Termino horren bidez, dagoeneko desagertuta dauden fauna talde bat izendatzen da, baina talde horren hondakin fosilak beren jatorrizko material harritsuetatik atera daitezke higadura, garraio eta sedimentazio prozesuen ondorioz, eta material geologiko modernoagoen parte izaten amaitu dezakete. Berriz jaulki diren ale horiek oso informazio garrantzitsua ematen digute ingurune horretan gertatu diren prozesu geologikoei buruz (adibidez, urak antzinako lakuetan isurtzen zituzten ibai eta erreken sorburuko eremuari buruzko informazioa ematen digute). Baina, arroka horietan dauden organismo fosilak aztertzean oso kontuz ibili eta hondakinik zaharrenak mugitutako hondakin gisa identifikatzen ez baditugu, berorien historia ebolutiboa luzatzeko akatsa egin dezakegu; izan ere, pentsa dezakegu espezieok hurbilagoko garaietara iritsi zirela, egiaz ordurako desagertuta zeuden arren. Hau da, euren hilobi harritsuetatik jaiki eta ingurune modernoagoetan paseatzen diren benetako zonbiak dira.

Lurreko bizitzaren eboluzioa aztertzeko, fosil erregistroak emandako informazioan soilik oinarritu gaitezke. Baina ez da dirudien bezain lan erraza. Horregatik, etengabe aldatu eta eguneratzen da, eta gero eta ikerketa paleontologiko zehatzagoak egin behar dira. Nondik gatozen eta nora goazen jakin nahi badugu, gure inguruan ditugun harrizko lekukoetan jarri behar dugu arreta. Hori dela eta, ezinbestekoa da mundu osoko azaleratze fosilak kontserbatu, zaindu eta babestea, bizitzaren puzzlean oraindik kokatzeke ditugun piezetako bat ere ez galtzeko.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.