Izenei esker izana aitortu zitzaien zuhaitzak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Txoko honetan aipatua dugu, gene-azterketak egiteko, beharrezkoa dela tokian tokiko jakintza eta usadioa errespetatzea. Hala nabarmendu genuen aritu ginenean Tuatararen genomari buruz edo Afrikak bere gene-beharrei heltzeari buruz. Baina, zer gertatzen da tokian tokiko jakintza ikerkuntzan jasotzen ez bada?

Artocarpus odoratissimus zuhaitza (malaysieraz tarap, tagaloz marang) ogi-zuhaitzaren (Artocarpus altilis) eta jackaren (Artocarpus heterophyllus) ahaidea da. Zuhaitz hauek guztiak tropikoan hazten dira eta morazeoen familikoak dira. Manuel Blancok –Filipinetan bizi zen fraide espainiar batek– eman zion Artocarpus odoratissimus zuhaitzari izen zientifiko hori 1837. urtean, Filipinetako zuhaitzetan oinarrituta. Geroago, 1860. hamarkadan, Odoardo Beccari italiar botanikoak Artocarpus tarap eta Artocarpus mutabilis espezieak izendatu zituen Borneo irlako zuhaitzetan oinarrituta. Artocarpus odoratissimus espeziearen sinonimotzat jo izan dira azken izen hauek.

zuhaitzak
1. irudia: Artocarpus odoratissimus zuhaitzaren fruitua. (Argazkia: W.A.Djatmiko – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

185 urtez taxonomia ofizialean Artocarpus odoratissimus espezie bakartzat jo bada ere, lan berri batek ezbaian jarri du hori. 2016. urtean ikertzaile-talde bat lanean ari zen Borneon kokatzen den Malaysiako Sarawak estatuan. Ikertzaileak konturatu ziren bertan bizi den Iban jendeak bi izen erabiltzen zituela Artocarpus odoratissimus zuhaitza izendatzeko: lumok deitzen zioten landatzen den zuhaitzari –hosto handiak, adaxka lodiak, fruitu gozo handi eta mamitsuak eta kimuetan ile laburrak dituena–; eta pingan deitzen zioten zuhaitz basatiari –hosto txikiak, adaxka meheagoak, fruitu txikiagoa, ez hain gozo ezta mamitsuak eta askotan kimuetan ile luzeak dituena–. Era berean, Borneon kokatzen den Malaysiako Sabah estatuko Dusun jendeak pareko bereizketa egiten du: landatutako zuhaitzari timadang esaten diote eta basatiari tonggom-onggom. Taxonomia ofizialaren eta bertako jendearen jakintzaren arteko desadostasun hau argitzeko, lumok/timadang eta pingan/tonggom-onggom zuhaitzen gene-materiala aztertu du ikertzaile-talde batek.

Zuhaitzen identifikazio-lanak

Lan hori egiteko, Sarawak-eko eta Sabah-eko zuhaitzen laginak hartu zituzten eta zuhaitzen identifikazio-lanak Iban eta Dusun jendeek lagunduta egin zituzten ikertzaileek. Gainera, Beccari-k 1860. hamarkadan jasotako laginak aztertzeko aukera ere izan zuten. Material horrekin hainbat galdera erantzun nahi zituzten ikertzaileek: pingan eta lumok genetikoki ezberdinak diren espezieak al dira? Kimuetan ile luzeak edo laburrak izateak zuhaitzak sailkatzeko balio al du eta pingan eta lumok izatearekin zerikusia al du ilearen luzerak? Eta pingan al da lumoken arbaso basatia?

zuhaitzak
2. irudia: Artocarpus odoratissimus zuhaitzak Borneon du bere dibertsitaterik handiena. (Argazkia: labanglonghouse – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

31 zuhaitzen 451 generen informazioa erabilita, ikertzaileek argi ikusi zuten pingan eta lumok genetikoki ezberdinak zirela, bi multzo osatzen zituztela, alegia. Gainera, ikusi zuten Beccari-k Artocarpus tarap eta Artocarpus mutabilis izena eman zien zuhaitzak pingan taldekoak zirela; eta kimuetan ile luzeak zituzten zuhaitzak pingan taldekoak zirela, baina pingan guztiek ez zutela zertan kimuetan ile luzeak izan behar.

Bestalde, 251 zuhaitzen gene-informazioa erabili zuten populazioaren gene-egitura aztertzeko. Hala, ondorioztatu zuten bi gene-osagai nagusi zeudela eta gene-osagai horiek bat egiten zutela lumok eta pingan taldeekin; eta, emaitza horietan oinarrituta, lumok ez zela pingan taldearen azpitalde bat. Ondorioz, ikertzaileek uste dute datuek adierazten dutenaren arabera, lumok eta pingan taldeak banatu egin behar direla –Iban eta Dusun jendearen jakintza tradizionalak egiten duen bezala–, kimuen ilearen luzera ez dela irizpide ona zuhaitzak sailkatzeko eta lumok eta pingan ahaideak direla, baina ez dago ebidentzia nahikorik esateko pingan lumoken aitzindari basatia dela.

Emaitza horiek guztiak ikusita, ikertzaileek proposatzen dute lumok/timadang eta pingan/tonggom-onggom bi espezie ezberdin bezala sailkatzea. Hala, beren proposamena da Artocarpus odoratissimus izen zientifikoa lumok/timadang zuhaitzak izendatzeko erabiltzea; eta Artocarpus mutabilis –Beccari-ren izenetan oinarrituta– pingan/tonggom-onggom zuhaitzak izendatzeko.

Egileek onartzen dute beharrezkoa dela taxonomian izen indigenak barneratzea. Kasu honetan, aldiz, ikertzaileek azaltzen dute Artocarpus tarap –Beccari-k erabili zuen beste nomenklatura– izena erabiltzeak nahasmendua sor lezakeela, malaysierako tarap hitza erabiltzen delako izendatzeko bai zuhaitz basatiak, bai landatutako zuhaitzak.

3. irudia: Artocarpus odoratissimus zuhaitzak behar bezala sailkatu dira Iban eta Dusun jendearen ezagutzari esker. (Argazkia: Borndeo2018 – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Tokian tokikoari so eginez

Espezieen kontserbazioa deitura zientifikoaren arabera egiten denez, kontserbazio-programetatik kanpo geldi daitezke izen zientifikorik gabeko espezieak. Espezieak sailkatzen dituzten lanentzat, abagune bat izan daiteke tokian tokiko jendearekin lan egitea eta beren jakintza kontuan izanda gauzatzea. Hala, izendapen taxonomikoa arinago garatuko litzateke, ikuspuntu ezberdinak barneratzekoan kriptikoak diren espezieak definitu daitezkeelako.

Izan ere, espezieak zehazteko eta izendatzeko oinarria analisi filogenetikoak badira ere, lan honetan ikusi da galdera aproposak egiteko eta analisi horiek egiteko baliagarria dela tokian tokiko jakintza. Gainera, klima-aldaketaren aurrean espezieen kontserbazioa bermatu nahi bada, beharrezkoa da tokian tokiko espezieak ondo ezagutzea. Hala, indigenen jakintza aintzat hartzeak laguntzen du bai espezien kontserbazioan, bai herri indigenen kulturen mantentzean.

Laburbilduz, 185 urtez espezie bakar bezala sailkatu dira bi espezie ezberdin, espezie horien deskripzioa egitean bertako jakintza ez jasotzeagatik. Hortaz, tokian tokiko jakintza jasotzea, gehitzea eta aitortzea beharrezkoa da jakintza egokiagoa sortzeko. Euskal tradizioan esaten da izena duena badela. Baina izenik ez badu, jakintza hori jaso ez delako edo galdu egin delako, ez du izanik izango eta, ondorioz, ikusezina izango da.

Erreferentzia bibliografikoak:

Gardner, Elliot M.; Ahmad Puad, Aida Shafreena; Pereira, Joan T.; Tagi, Jugah anak; Nyegang, Salang anak; Miun, Postar; Jumian, Jeisin; Pokorny, Lisa eta Zerega, Nyree J.C. (2022). Engagement with indigenous people preserves local knowledge and biodiversity alike. Current Biology, 32 (11), R511-R512. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2022.04.062.

Kreier, Freda (2022). One tree or two? Genes confirm Iban traditional knowledge in Borneo. Nature News. DOI: https://doi.org/10.1038/d41586-022-01577-3.


Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..