Asteon zientzia begi-bistan #410

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

erretxina

Biologia

Svante Pääbo paleogenetikariak jasoko du Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria aurten. Sari honekin haren lanaren mugarriak aitortu nahi izan dizkiote, desagertutako hominidoen genomari eta giza eboluzioari buruz egin dituen aurkikuntzengatik. Besteak beste, neandertalen genomaren sekuentziazioa gauzatu zuen, eta lan hari esker jakin zen neandertalak sapiensen ahaideak zirela. Horrez gain, denisovarrak eman zituen ezagutzera, eta orain desagertuta dauden homininoetatik Homo sapiens-era gene-transferentzia gertatu zela ere frogatu zuen. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian eta Sustatun.

Emma Lavaut Sorbonako Unibertsitateko biologoak eta bere taldekideek lehen aldiz begiztatu dute animalien bitarteko algen polinizazioa. Esperimentu baten bidez, ikertzaileek alga gorri baten hainbat banako sartu zituzten ur-mugimendurik gabeko hainbat tanketan. Tanke horietako batzuetan Idotea balthica izeneko krustazeo espezie bat ere sartu zuten. Emaitzak argiak izan ziren. Krustazeoa zegoen tankeetan, ernalketa hogei aldiz arrakastatsuagoa zen I. balthica­rik ez zegoen tankeetan baino. Gainera, aurkikuntza honek zalantzan jarri du ernalketa modu hau lehenago garatu ote zen itsasoan lurrean baino. Azalpenak Zientzia Kaieran: Itsasoko polinizatzaileak: krustazeoek algak ernaltzen dituzte.

Hegaluzeek non hibernatzen duten aurkitu du Aztiko ikerketa talde batek. Ozeano Atlantikoaren mendebaldeko zonetan hibernatzen du hegaluzeak, Euskal Herritik urrun, eta sakonera handiko uretan murgildurik. Iñigo Onandia itsas ikertzaileak marka elektroniko bat ipini zion hegaluze bati duela bi urte, animaliak ondoko hilabeteetan eginen zuen ibilbidea erregistratzeko. Bada, orain dela zenbat hilabete hartu zuten arraina, Irlanda hegoaldean. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Berrian aurki daiteke.

Gizakiok gure hurbileko senide ebolutiboek baino energia gehiago gastatzen dugu bizirik mantentzeko, hazteko eta ugaltzeko. Hau, neurri batean, gure entzefaloaren tamainagatik gertatzen da. Izan ere, gutxieneko jarduera fisikoan gastatzen dugun energiaren % 20 inguru kontsumitzen du. Baina gure senide ebolutiboak baino aktiboagoak ere bagara, neurri batean gastu horri aurre egiteko behar dugun energia lortzeko. Arrazoi horregatik gizakiok, eta, bereziki emakumeek, gainerako tximinoek baino askoz koipe gehiago gordetzen dute, erreserba moduan izateko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Tximino garestiak gara.

Fisika

2022ko Fisikako Nobel saria Alain Aspect, John F. Clauser eta Anton Zeilingerrek jasoko dute. Hiru saridunek egiaztatu dute korapilatze kuantikoa erreala dela eta, are gehiago, teknologikoki ustiatzeko interes handiko fenomenoa dela. Korapilatze kuantikoa mekanika kuantikoaren oinarrizko fenomeno bat da. Honen arabera, bi oinarrizko partikula kuantikoki korapilatuta daudenean, bakarra balira bezala jokatzen dute, eta horregatik, partikula bakarraren bidez, urruti dagoen beste partikula bati informazioa transferitu dakioke, baita milaka km-ra egonda ere. Bada, hiru zientzialari hauek ezinbesteko ekarpenak egin dituzte korapilatze kuantikoaren inguruko esperimentuetan. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian eta Berrian.

Kimika

Kimikako Nobel sariari dagokionez, Klik kimikaren asmatzaileei eta bizidunetara eraman dutenei egin diete aitortza. Carolyn R. Bertozzi, Morten Meldal eta K. Barry Sharpless izan dira sarituak. Lehenengo biak kimika modu funtzional bat asmatu zuten, klik kimika, hain zuzen. Haren bidez, eraikuntza-bloke molekularrak erraz eta modu eraginkorrean elkartzen dira. Bertozzyk, berriz, organismo bizidunetara eraman zuen klik kimika, eta minbizi-tratamendu zehatzagoak emateko erabiltzen dira gaur egun hark garatutako erreakzio bioortogonalak. Aipatzekoa da Sharplessek 2001ean ere jaso zuela Kimikako Nobel Saria, orduan katalisi kiralaren gainean egindako ikerketengatik. Azalpen gehiago Elhuyar aldizkarian eta Berrian.

Teknologia

María Arnaiz González CIC energiGUNEko ikertzaileak Ingeniaritza Kimikoa ikasi zuen unibertsitatean, baina jada karrera hasi aurretik erregai-pilak eta halakoak gustuko zituela dio; alegia, orain egiten ari dena. Horrez gain, nabarmendu du atzerrira joatea oso aberasgarria izan zaiola, eta denei gomendatzen die esperientzia hori bizitzea. Bere ikerketa-eremua nahiko maskulinizatuta dagoela aipatu du, baina ez du nabari emakumea izateagatik zailtasun edo oztopo gehigarriak dituenik. Izatekotan, gaztea izateagatik sentitu da noizbait gutxietsita edo baztertuta. Azalpenak Zientzia Kaieran: María Arnaiz, ingeniari kimikoa: “Zure lanaren bidez erakusten duzu zure ahotsa haiena bezain garrantzitsua dela”.

UPV/EHUko NanoBioCel eta BIOMAT taldeek sudurreko tapoi bat garatu dute, ekonomia zirkularraren ikuspegitik egina. Tapoi honen helburua sudurreko hemorragia edo epistasia tratatzea da, eta oso propietate fisiko-kimiko interesgarriak ditu. Izan ere, soja-proteina eta kitina-proteinarekin egin dute material berritzaile hau, eta odol kantitate handiak xurgatzeko gai da. Gainera, gainazal handia du barruan zelulak elkartu eta gordetzeko, ez du materialaren kontrako inolako erantzun okerrik eragiten eta, gainera, partzialki degradatzen da. Elikagaien industriako azpiproduktuak erabiliz egin dute. Datu gehiago Zientzia Kaieran: Sudurreko hemorragia tratatzeko tapoi ekologikoa.

Karbono konposite birprozesagarria, birziklagarria eta konpondu daitekeena garatu du Cidetec zentro teknologikoak, erretxinaren lotura kimiko dinamikoetan oinarrituta. Gominola itxurako erretxina mota bat da, eta moztu eta gero moztutako zatiak elkarren kontra jarriz, denbora gutxian berriro bat egiten dute. Alaitz Rekondo Cideteceko Polimeroen eta Konpositeen Unitateko arduradunak azaldu duenez, materialetan lotura kimiko itzulgarriak sartu eta propietate berriak ematen dizkiete, prozesu hau posible bilakatuz. Gaur egun, Cideteceko ikertzaileak lanean ari dira lotura itzulgarri hori aeronautikan, autogintzan, trenetan eta haize errotetan erabiltzeko. Azalpen guztiak Berrian: Atzera egin dezaketen karbono piezak.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.