Gaur egun, mundu mailan, gehiegizko pisuak eta obesitateak eragindako hilkortasun-tasak elikagai-faltak eraginikoak baino askoz handiagoak dira. Sedentarismoa ere munduko laugarren heriotza-kausa nagusia da, eta eragile hauen prebalentziak gorako joera dute. Gainera, garapen teknologiko handiko herrialdeetan, gero eta interes handiagoa dago loaren iraupenaren eta kalitatearen murrizketak obesitatearen jatorrian izan dezaketen eragina aztertzeko.
Lan-eremuan, detektatu daitezken osasun-arazoak, eskala txikiagoan, dagokion biztanleriaren arazoen isla dira. Horregatik esku hartzeko eremu interesgarri gisa aurkezten da, bai arriskuen prebentziorako, bai osasuna sustatzeko.
Testuinguru horretan UPV/EHUko langileen osasun-ohiturak aztertzeko ikerketa abiatu genuen. Langileen pisua, gorputz masa indizearen bidez (GMI), ezaugarri soziodemografikoak eta jarduera fisikoaren informazioa bildu ziren, eta aldagai hauen arteko erlazioa aztertzea izan genituen helburu.
Parte hartzea onartu zuten langile ia guztiek (% 89) goi mailako ikasketak zituzten. Nagusiki ikerketa eta irakaskuntzako pertsonalekoak (IIP) eta adin ertainekoak ziren (>44 urte), eta lanaldi estandarra zeukaten (35-45 ordu astean). Aztertutako aldagaiak sexuaren arabera erkatzean ezberdintasunak soilik aurkitu ziren adinean, loaren iraupenenean eta GMIan. Berriz, ez zen alderik aurkitu ondorengo aldagaietan: lanaldi motan, hezkuntza-mailan, familia-ekologian ezta jarduera fisikoaren mailan ere.
Unibertsitateko langileen gehiegizko pisuaren eta obesitatearen arteko konbinazioa biztanleria orokorrarena baino txikiagoa izan zen, nahiz eta %40tik gorako balioa hartu. Hau ondo deskribatuta dagoen maila sozioekonomikoarekin duen harremanak azal dezake, zehazkiago hezkuntza maila altuagoa izateak.
Aldagaien erlazioak aztertzean, gainpisu eta obesitatearen prebalentzia (1. irudia), altuagoa izan zen 45 urtetik gorako gizonezkoetan, gizon zein emakume gazteenetan baino. II mailako gehiegizko pisua edo obesitatea (GMI ≥27 kg/m2) pairatzeko probabilitatea 24 bider handiagoa zen gizonetan emakumeetan baino 35 eta 44 urte bitartean, 30 bider 45-54 bitartean, eta antzera 8.6 bider ≥55 urteko emakumeetan 20 eta 34 urteko emakumeekin alderatuz. Pisuaren aldaketa adinarekin, batez ere gizonezkoetan jadanik literaturan islatuta dago. Baina aipagarria da langile gizonezkoek adin goiztiarretan azaldu dutela pisu gehikuntzarako prebalentzia altuagoa, emakumeek pisuari ondo eusten dioten bitartean, harik eta menopausian adinera arte.
Nahiz eta jarduera fisikoaren maila oso altua ez izan, langile ia guztiek (% 89) bete zituzten OMEren gomendioak, eta betetze-maila handiagoa izan zen estatu espainiarreko populazio orokorrarekin zein langileekin alderatuta.
Modu interesgarrian, gaueko loaren iraupenarekin lotutako erlazio adierazgarriak aurkitu genituen, bai jarduera fisikoa egokia praktikatzearekin, bai gorputz-pisu handiagoa izatearekin ere. Alde batetik, GMIaren balio normala eta gainpisua-obesitatea zutenak konparatzean: lo-urritasuna zutenek (< 7 ordu / egun) 10.2 probabilitate handiagoa zuten gehiegizko pisua edo obesitatea izateko.
Lo-orduen kopurua handitzeak, OMEren jarduera fisikoaren gomendioei ez atxikitzeko arriskua handitu zuen (2. Irudia). St-Onge eta lankideek (2016) ondoko azalpena proposatu dute: lo–ordu gutxiko indibiduo batzuk fisikoki aktiboagoak direla, denbora gehiago esna egoten direlako hain zuzen ere. Gaizki lo egiten dutenek, berriz, energia gutxiago eta aktibatzeko gaitasun gutxiago izango lukete.
Lan honetan agerian gelditu da unibertsitateko langileen gainpisua eta obesitatearen prebalentziak altuak direla, eta egoera hau nabari hobetzekoa dela, batez ere gizonetan. Azpimarratzekoa da ere loak duen garrantzia obesitatea eta ekintza fisikoa aztertzeko orduan, interakzio horiek bizi-kalitatearekin hertsiki lotuta baitaude.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 42
- Artikuluaren izena: Jarduera fisikoaren, obesitatearen eta ezaugarri soziodemografikoen arteko erlazioa unibertsitateko langileetan.
- Laburpena: Lan-ingurunean bizimodu osasungarriak sustatzea funtsezkoa da langileen osasuna eta autonomia ahalik eta ondoen mantentzeko. Gero eta interes handiagoa dago gehiegizko pisuaren, obesitatearen eta ohitura osasungarrien arteko erlazioa aztertzeko, bai eta jarduera fisikoa edo loaren iraupena eta kalitatea, lanaldiarekiko elkarreraginetan aztertzeko ere. Hala ere, ikerketa gutxik aztertu dituzte elkarreragin horiek unibertsitateko langileen artean. Helburua: gainpisuaren prebalentzia tasa eta Jarduera Fisikoaren Nazioarteko Gomendioen betetze-maila estimatzea, eta, aldi berean, parametro horien eta faktore soziodemografikoen arteko loturak aztertzea izan dira helburuak. Metodoak: unibertsitateko 292 langileren datuak bildu ziren, lan-osasuneko azterketan. Aldagai prediktibo eta emaitza bakoitzaren arteko erlazioak aztertzeko khi karratuaren edo Fisher-en proba zehatzak erabili ziren eta hari lotutako ezaugarrien ebaluaziorako aldagai anitzeko ereduak. Emaitzak: gehiegizko pisuaren prebalentzia % 42koa izan zen. Sexuka, 35 eta 54 urte bitarteko gizonek eta ≥ 55 urteko emakumeek II. mailako gehiegizko pisua edo obesitatea izateko arrisku handiagoa izan zuten. Jarduera Fisikoaren Nazioarteko Gomendioekiko atxikimendua % 89koa izan zen, eta 7 ordu / egun baino gutxiago lo egiteak atxikimendua betetzeko probabilitatea handitu egin zuen. Ondorioak: Gehiegizko pisuaren prebalentzia adin ertaineko langileengan areagotu egiten da, eta gizonetan emakumeetan baino lehenago agertzen da. Gainera, loa eta jarduera fisikoa elkarreraginean egon daitezke.
- Egileak: Itxazne Garcia-Ceciaga, Ana María Valle, Inmaculada Arostegui, Jaime Zubero, Begoña Marina Jugo, Elena Díaz-Ereño
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 207-225
- DOI: 10.1387/ekaia.22947
Egileez:
Itxazne Garcia-Ceciaga eta Elena Díaz-Ereño UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia saileko ikertzaileak dira.
Ana María Valle eta Inmaculada Arostegui UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika saileko ikertzaileak dira.
Begoña Marina Jugo UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia saileko ikertzaileak dira.
Jaime Zubero UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintza II saileko ikertzailea da.