Asteon zientzia begi-bistan #418

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

erle

Argitalpenak

Zientzia Kaieran 1995ean argitaratutako liburu bat aurkeztu dute, Oliver Sacks neurologoak idatzitako Antropologo bat Marten liburua. Liburuan zazpi kontakizun paradoxiko topatu ditzakegu, kasu kliniko banatan oinarriturikoak. Sacks doktorea bere neurologo-esperientziatik abiatzen da zuzenean tratatu dituen kasu horien inguruan hausnartzeko. Atal hau Zientzia Kaierak ZIO (Zientzia Irakurle Ororentzat) bildumatik atera du.

Emakumeak Zientzian

Jone Iraeta Orbegozo ingurumen-psikologoa da. Ez da egunerokotasunean entzuten den terminoa. Diziplinartekoa dela nabarmendu du, eta modu batean psikologia eta biologia batzeko modua aurkitu du Orbegozok diziplina honetan. Hasiera batean psikologia klinikoa egiteko asmoa zuen, baina Txilera joan zen karrerako hirugarren urtean, ingurumen-psikologo bat ezagutu zuen bertan. Ordua ikusi zuen hori zela berak egin nahi zuena. Sevillan zientzia sozialak ingurumenera aplikatuta izena zuen masterra ikasi zuen horrela, eta masterra amaitzean Global Training bekari esker Kolonbian egon da lanean, aholkularitza sozial batean. Orain lan-bila dabil ingurumen-psikologo moduan, ingurumenean dugun eragina aztertzeko, eta ingurumenak gugan duen eragina ulertzeko. Elhuyar Zientziarekin elkarlanean egindako atal hau Zientzia Kaieran dago irakurgai.

Osasuna

Tximino-baztangari ingelesez Mpox deitzea erabaki du OMEk. Hau da, gaitzaren izenak tximino-baztanga izaten jarraitu du, eta hura eragiten duen birusaren izena, berriz, Orthopoxvirus monkeypox. Berri hau Elhuyar aldizkarian argitaratu da.

Abenduaren 1a Hiesaren Nazioarteko Eguna izan da, eta Alea aldizkariko Emaize Sexologia Zentroa atalak gogora ekarri nahi izan du pandemia hori. GIBa birus bat da, eta pertsona bat infektatzean, sistema immunologikoko zeluletan sartzen da eta pixkanaka hauek suntsitzen ditu. Infektatu ostean sistema immuneak defentsarako zelulak sortzeko gai izaten jarraitzen du tarte baterako, eta “seropositiboa” izatea deritzo. Alabaina, momentu batean birusak defentsak gaindituko ditu, eta Hiesa gaixotasuna azaleratuko da. Honetaz gain, argi izan behar da infektatuak sintomarik sumatzen ez badu ere, kutsatzeko gaitasuna duela, lau jariakinen bitartez: odola, semena, baginako fluxuak eta ama-esnea. Datu guztiak Alea aldizkarian: Ez egin ihes hiesari.

Gaiarekin jarraiki, diagnostikatu gabeko GIB kasuen inguruan ohartarazi dute ECDCk eta OMEk. Hiesaren Nazioarteko Eguna aprobetxatu du OMEk mezu hori argi uzteko; izan ere, ugaritzen ari dira halako kasuak. Gaitzaren sorburua birus hori izaten da, eta, azaldu dute behar bezala atzematen ez bada, gaitzaren transmisioa ezin dela eten. Birusa berandu atzemanda, halaber, zailagoa izaten da pazientea ez eritzea, eta tratamendu egoki batekin asmatzea. Erakunde berak eman berri dituen azken datuen arabera, munduan 38 milioi GIBdun daude, 5,9 miliok ez dute tratamendurik jasotzen, eta lau milioi inguruk ez dakite birusa dutenik ere. Gauzak horrela, Europako gaitz infekziosoen prebentziorako zentroak eta OMEk helburu dute diagnostiko testak egiteko bideak erraztea. Azalpen guztiak Berrian.

Gaixotasun honen ildotik jarraiki, Berria GIB birusari aurre egiteko estrategien inguruan aritu da. Prebenitzeko neurriak beste ezeren gainetik egon behar dira, eta birus honen infekzioari izkin egiteko alternatiba bat Prep botika da, hau da, esposizio aurreko profilaxia. Prep GIBa ez duten lagunentzako prebentzio neurri biomediko bat da, eta egunero infekzioa eragozten duten botika bat hartzean datza. Botika horrek alderantzizko transkriptasa deitutako entzimaren ekoizpena blokeatzen du. Estrella Mikeleiz farmazian lizentziatuak eta Nafarroako GIB/Hies programaren koordinatzaileak azaldu du Euskal Herrian bostehun lagunek baino gehiagok hartzen dute Prep botika. Alabaina, argi utzi du neurri biomedikoa preserbatiboaren osagarria baino ez dela, eta lehena dela infekzio askori aurre egiteko modurik eraginkorrena.

Astronomia

Artemis I misioa espero baino urrunago doa. Azaroaren 16an abiatu zuen NASAk misioa, eta ibilbidearen erdian da Orion ontzia. Oraingoz, bidaiariak eraman ditzaketen ontzien artean, Lurretik urrutien egon dena da. 430.000 kilometrora dago, eta are urrutiago ere joango da Ilargiaren inguruko buelta amaitzean. Izan ere, Ilargia orbitatzen ari da ontzia, Ilargiak Lurra orbitatzen duen kontrako norazkoan. Misio hau ordea etorkizunean Ilargira bidaiariak eramateko froga bat da, eta misioa amaitzean, beste bi urte itxaron beharko da Artemis II misioa abiatzeko. Datuak Berrian: Artemis I misioa espero baino «harago» doa.

Planeta bati eta haren izarrari ‘Su’ eta ‘Gar’ izenak jartzea proposatu du astronomo talde batek. Orain arte Gliese 486b eta Gliese 486 esaten zieten, urrenez urren. Alabaina, Nazio Batuen Erakundeak 2022-2032 tartea Hizkuntza Indigenen Hamarkada izendatu duenez, Astronomoen Nazioarteko Batasunak 20 planetarentzat hizkuntza indigenetatik datozen izenak proposatzeko eskatu du. Hala, iaz aipatutako planeta topatu zuen ikerketa-taldeak eta beste zenbat zientzialarik eta pertsonaiak ‘Su’ eta ‘Gar’ izenak proposatu dituzte, planeta hori eta bere izarrarentzat. Beroarekin loturiko izenak aukeratu dituzte, tenperatura beroak baitituzte Gliese 468 izarrean eta Gliese 486b haren planetan. Informazio gehiago Berrian eta Alea aldizkarian.

Ekonomia

Ikertzaile- eta aktibista-talde batek Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoen (ESEPE) azterketa egin du ikuspegi ekofeministatik, eta ondorioak zein trantsizio ekofeministarako proposamenak argitaratu ditu txosten batean. Zehazki, osasunean, energian, nekazaritzako elikagaietan, urean eta zaintzan oinarritzen da txostena. Egileen esanean, ikerketaren helburua da egungo politika ekonomikoei eta finantziazio publikoaren kopuruez ikuspegi feministatik eztabaidatzen laguntzea. Gainera, trantsizio ekofeminista baterako antolaketa sozial eta politikoari buruzko gogoeta egin dute, eta proposamen bat ere landu dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: ESEPEen azterketa kritikoa eta proposamenak, ikuspegi ekofeministatik.

Unai del Burgo ekonomialaria da, UEUko Ekonomia Saileko kidea eta bere kontabilitate-administrazio ataleko teknikaria. Gainera, UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuko ikertzailea ere bada, eta zenbait ikerketa egin ditu alor horretan, bereziki ekonomia sozialaren inguruan. Tesian zehar, emaitza ekonomiko eta sozialaren arteko oreka neurtzeko tresnak aztertu zituen. Azaldu duenez, Ekonomia Sozialeko erakundeetan, emaitza ekonomikoak helburu sozialak lortzeko bitartekoak dira, eta aldagai sozialen eta ekonomikoen arteko oreka lortu behar da; hori bideratzeko, beraz, kudeaketarako neurketa-sistema berezi bat diseinatu dute Burgo eta lankideek. Datu guztiak unibertsitatea.net webgunean: Unai del Burgo: “Kontabilitatea ulertzeko beste modu bat proposatzen dugu, Ekonomia Sozialeko erakundeen ‘bihotza’ kontutan hartuko duena”.

Teknologia

EHUko informatikari-talde bat zeinuen hizkuntza identifikatzeko sistema automatiko bat garatzen ari dira, bideoetatik ateratako eskuen erreferentzia-puntuak erabilita. Zehazki, Argentinako zeinu-hizkuntza identifikatzeko sistema garatzen ari da. Baina eskuaren posizioa eta mugimenduaz gain, orientazioa detektatu behar dute, keinu batek esanahi desberdina izan baitezake orientazioaren arabera. Ikertzaileek onartu dute, keinu-hizkuntza ulertzeko ezinbestekoa dela eskuen keinuez gain aurpegiko keinuak ere jasotzea. Alabaina, oraingoz eskuen keinuetan soilik oinarritu diren arren, emaitza oso onak lortzen ari direla adierazi dute. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Keinuen hizkuntza identifikatzeko sistema automatiko bat garatzen ari dira EHUn.

Fisika

Zizare-zulo holografiko baten simulazio kuantikoa egin dute, lehen aldiz ordenagailu kuantiko batean. Maria Spiropulu Caltech Kaliforniako Teknologia Institutuko ikertzailearen lantaldeak lortu du, eta Nature aldizkarian argitaratu da lana. Spiropuluren taldeak sistema sinple bat diseinatu du zizare-zulo holografiko bat simulatzeko. Bertan, diseinatutako sistema kuantiko baten propietateak bat baitatoz grabitazio-sistema batean espero denarekin. Izan ere, printzipio holografikoa erlatibitate orokorra eta mekanika kuantikoa bateratzen saiatzen da, eta printzipio horretan oinarritu dira simulazio hori diseinatzeko. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Ordenagailu kuantiko bidezko simulazioa, grabitate kuantikoa ikertzeko.

Biologia

Zientzialari batzuk konturatu dira erle multzo baten inguruan sortzen den karga elektrikoa ekaitz hodei batek sortzen duen kargaren tamainakoa izan daitekeela. Ondorioztatu dutenez, erle multzo baten eraginez, atmosferan dagoen karga metro bakoitzeko 100 voltetik 1.000 voltera igarotzen da. Ebidentzia honek beste ikerketa-esparru bat ireki du; izan ere, erleen karga elektrikoa sortzeko gaitasunak eragina izan dezake karga elektriko atmosferikoan, eta, ondorioz, ekaitzen sorreran. Azaldu dutenez, orain arte ekaitzen sorreran aintzat hartu diren prozesuak abiotikoak dira, hala nola hodeien elektrifikazioa, tximisten sorrera, prezipitazioa, aerosolak etab. Baina orain horiei intsektuen eragina gehitu beharko zaie. Datuak Zientzia Kaieran: Intsektuen ezusteko eragina atmosferan.

Haurdunaldiak aldatu egiten du amaren garunaren egitura eta jarduera. Ikerketa berri batean argitu dutenez, aldaketa horiek hormonen eraginarekin lotuta egon litezke, eta lagungarri izan litezke fetuarekiko eta haurrarekiko lotura indartzeko, haurren seinaleei fisiologikoki erantzuteko, eta umean iritsierarako prest egoteko. Ikerketan zehar emakumeen garuneko hainbat datu jaso ziren haurdunaldiaren fase ezberdinetan. Horrela ikusi ahal izan dute materia grisaren bolumen-aldaketak gertatzeaz gain, haurdunaldian zehar aldatu egiten dela sare neuronalaren antolaketa, eta handitu egiten dela elkarrekin konektatutako garuneko eskualde batzuen jarduera. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Genetika

Populazioaren gene-ondarean eragina izan dezake bikotekidea nor eta nola aukeratzen dugun. Prozesu horretan zeresan handia du parekatze selektiboak, eta gure espeziean oso ohikoa da. Parekatze selektiboak zera esaten du: antzekoak diren pertsonek bikotekide izateko aukera gehiago dutela zoriz itxaron daitekeena baino. Ikusi da prozesu horrek eragina duela populazio jakin bateko gene-informazioan. Besteak beste, homozigotoen kopurua handitzen da, urrun kokatuta dauden gene-aldaeren arteko korrelazioak sortzen dira eta gene-informazioak ezaugarrietan duen eragina handitzen da populazio-mailan. Gai honen inguruan Japoniako biobankuko datuak erabilita analisi berri bat egin dute, parekatze selektiboaren gene-arrastoa detektatu da 2 motako diabetesean, arteria koronarioetako gaixotasunean, ariketa fisiko arinean eta nattō– eta jogurt-ahorakinean. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Nolako bikotea aukeratu, halako gene-ondarea sortu.

Ingurumena

Frogatu dute lurraren %30 eta itsasoaren %24 kontserbatzeak eragin positiboa izanen lukeela giza ongizatean. Unai Pascual Ikerbasqueko ikerlariak parte hartu duen ikerketa batean heldu dira ondorio horretara, eta mundu osoko aktibo natural kritikoak identifikatu dituzte bertan. Ikerketan adierazi dutenez, giza ongizatean laguntzen duten tokiko ekosistemak kontserbatuko balira, errazagoa izango litzateke biodibertsitate, klima eta garapen helburu globalak lortzea. Ekosistema horiek munduan barrena banatuta daude, eta, dokumentuaren arabera, herrialde guztietan aurkitu daitezke mundu zabaleko biodibertsitateari eusteko ezinbestekoak diren eremuak. Datuak Berrian irakur daitezke, eta egunkari berean idatzi du Unai Pascual ikertzaileak gaiaren inguruan.

Farmakologia

UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldeko ikertzaileek errotik aztertu dute psilozibina haluzinogenoak duen eragin-mekanismoa eta bere bigarren mailako ondorio posibleak. Badirudi psilozibina erabilgarria dela depresioa eta adikzioaren moduko zenbait patologia psikiatriko tratatzeko, eta saiakuntza klinikoen fase aurreratuetan dago. Modu naturalean topa daiteke onddo-espezie haluzinogeno batzuetan, baina 1972az geroztik debekatuta dago haluzinogeno hori erabiltzea eta banatzea. Ikerketak ordea, aurrera jarraitu du, eta UPV/EHUko ikerketa-taldeak ikusi du epe luzerako ondorioen artean, psilozibinarekin tratatutakoek aldaketa positiboak hautematen dituztela umorean eta aldartean. Ondorio horien azpian dauden mekanismoak ez dira erabat ezagunak, baina plastikotasun neuronalaren gehikuntzekin erlazionatu dira. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Droga psikodelikoak patologia psikiatrikoak tratatzeko.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.