Luma gorakor erraldoia aurkitu dute Marten

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Elysium Planitia lautadaren azpian 4.000 kilometroko zabalera duen egitura baten berri eman dute zientzia artikulu batean.

2018an Martera iritsitako InSight misioak helburu argia izan du hasieratik: planetaren ezaugarri geofisikoak aztertzea. Horretan, noski, sismografoak ezinbesteko garrantzia du, eta tresna horri esker gaurdaino InSightek 1.300 lurrikara baino gehiago atzeman ditu. Bateriak agortzen ari zaizkiolako bizitzaren azken uneetan dagoen zunda hori Elysium Planitia izeneko lautadan dago, zientzialariek pentsatu zutelako lurralde lau hori halako misio baterako aproposa zela: bertatik erreza izango zen Marte osoan gertatzen diren mugimenduen berri izatea, nahiko eremu lasai eta estandarra omen zelako.

Bada, bizitza bestelako planak egiten ditugun bitartean gertatzen diren gauzak direla esan ohi da, eta oraingoan ere antzekoa gertatu zaie zientzialari planetarioei: orain konturatu dira lautada hori ez dela batere ohikoa, eta, dirudienez, lurraren azpian zerbait mugitzen ari dela.

erraldoia
1. irudia: Cerberus Fossae izeneko egitura arrakala erraldoia da. Kraterrak eta mendixkak zeharkatzen dituenez, agerikoa da geologikoki nahiko berria dela. (Irudia: ESA/DLR/FU Berlin, CC BY-SA)

Ondo ulertu zer den mugitzea zentzu geologikoan, ez pentsa Dune-n azaldutako zizare erraldoiei buruz ari garenik. Kontua da Arizonako unibertsitateak zabaldutako prentsa ohar batean Adrien Broquet ikertzaileak aldarrikatu duela “ebidentzia lerro asko” bildu dituztela ziurtatzeko “gaur egun Marten luma gorakor erraldoia, bat behintzat, aktibo dagoela”.

Nature Astronomy aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean aurkeztu dituzte beren argudioak. Geologoek egin ohi duten moduan, zuzenean ikusten ez diren egituren berri izateko zeharkako ebidentzietara jo behar izan dute.

Broquetekin batera, Jeffrey Andrews-Hanna ikertzaileak sinatu du zientzia artikulua. Biek argudiatu dute mantutik lurrazalera magma bideratzen duen luma horri leporatu ahal zaizkiola eskualde horretan atzemandako hainbat anomalia. Eta ez omen da ñimiñoa: 4.000 kilometro inguruko luzera kalkulatu diote; gutxi gorabehera, Mendebaldeko Europaren parekoa litzateke.

Luma honen burua 25 eta 200 kilometro arteko sakoneran dagoela kalkulatu dute. Gorago eginez gero —lurrazaletik hamar bat kilometrora— lurrazala apurtu eta laba gisa atera zitekeen. Eskala geologikoan ohikoa denez, zientzialariek argitu dute balizko erupzio hori “gaur bertan edo milioi urte barru” gerta zitekeela. Zerbait berezia gertatu ala ez, ikertzaileak sinetsita daude eskualde hori gaur egun “Marten dagoen interesgarriena” dela.

Denbora luzez uste izan da Marte geologikoki itzalita dagoen planeta dela, eta bertako jardun bolkaniko gehiena planetaren historiaren 1.500 milioi urteetan gertatu zela. Garai horretan izugarri handia izan zen bertako jarduera, gaur egun ikusten ditugun egiturak horren testigu baitira. Hala, Eguzki sistema osoko sumendi erraldoienak daude planeta gorrian, eta ipar hemisferio gehiena sumendi jatorriko metaketen bitartez sortutakoa da.

Baina, esan bezala, hori guztia aspaldi bukatu zen. Alabaina, gauzak hain sinple ez direla erakusten duten probak pilatzen ari dira apurka.

erraldoia
2. irudia: luma gorakor baten irudikapen artistikoa. Egileen arabera, egitura hori Marten badela baieztatzeko froga nahikoak daude. (Irudia: Adrien Broquet, Audrey Lasbordes)

Batetik, satelite bidezko irudien bitartez, solidotutako magma metaketak atzeman dituzte Cerberus Fossae izeneko egituran —Elysium Planitiaren barruan dagoena, eta lerro itxura duen 1.000 kilometro inguruz zabaltzen dena—. Zientzialariek kalkulatu dute duela 53.000 urte inguru eratu zirela metaketa horiek. Atzo bertan, eskala geologikoan. Gainera, frekuentzia baxuko lurrikarak atzeman dira inguruetan. Bestetik, zientzialariek ikusi dute lautada hori konkortuta dagoela gainerako lurraldeen aldean —kilometro bat edo bi, batez bestean—, eta inpaktu krater askotan ere luma batekin bateragarri diren desitxuraketen aztarnak daudela egiaztatu dute, lumaren norabideari begira makurtuta daudelako. Egin diren grabitazio neurketek erakutsi dute ere lurraldea altxarazi duten indarrak planetaren barrenetik datozela. Horregatik guztiagatik uste dute anomalia horien abiapuntua luma gorakorrean dagoela.

“Lurra baino txikiagoa izanik ere, Lurrean dauden lumen tamainako lumak sor litezke Marten ere, grabitate txikiagoa eta mantuaren biskositate handiagoa direla eta”, adierazi dute zientzia artikuluan.

Dakigula, Eguzki sisteman Lurrean eta Artizarrean baino ez daude luma gorakorrak, baina oraingo datuen argitara badirudi Marten ere egon daitezkeela.

Luma horretan dagoen materiala ingurukoa baino 95 eta 285 gradu artean beroago dagoela zenbatetsi dute. Eta bertan sortutako bero hori, noski, arras interesgarria da. Izan ere, geologiaren alorrera mugatzen ez diren inplikazioak izango lituzke aurkikuntzak. Luma hauek eragindako beroak aukera eman lezake lurrazpiko ur lakuak ez izozteko, eta horrek, noski, bertan bizidunak mantentzeko aukerak erraztuko lituzke.

“Elysium Planitiaren azpian zutabe bat egoteak erakusten du lurrazalean gertatzen diren fluxu bolkanikoak eta jarduera sismikoak ez direla gertakari isolatuak, luzera handiko eskualde sistema bat baizik; horrek inplikazioak ditu lurpean bizigarri izan daitezkeen inguruak mantentzerako eta beren potentzial astrobiologikorako”, adierazi dute.

Aurkitzaileek diotenez, honek “paradigma aldaketa” dakar. Are gehiago, Marteren historia geologikoa “berridatzi” behar da egitura honen eraketa azaldu ahal izateko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Broquet, A., Andrews-Hanna, J.C. (2022). Geophysical evidence for an active mantle plume underneath Elysium Planitia on Mars. Nature Astronomy. DOI: 10.1038/s41550-022-01836-3


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.