Hizkuntza-sena (1994) saiakera klasikoan, Steven Pinker zientzialari kognitibo ezagunak argi kontatzen digu hizkuntzari buruz jakin beharreko guztia: nola funtzionatzen duen, haurrek nola ikasten duten, denboran zehar nola aldatzen den, burmuinak nola prozesatzen duen eta eboluzioan nola garatu zen. Umoreaz, jakinduriaz, eta eguneroko adibide jostagarriak erabiliaz, Pinkerrek hizkuntzari buruzko ikerketa zientifikoak azken hamarraldietan aurkitutako guztia bilbatzen du, ideia nagusi baten inguruan: gizakiok dugun sen berezia da hizkuntza, eboluzioak denboraren ibilian gure garunetan zizelkatu duena.
Armiarmek amaraunak egiten dituzten antzera egiten dugu guk hitz, gure biologian sustraiak dituen gaitasun kognitibo horri esker. Chomskyk lehenik aldarrikatutako ideia nagusi hori beste hainbat ikerlarien lanekin pipertsu bilduta aurkezten digu Pinkerrek. Hizkuntza-sena liburuak Amerikako Psikologia-elkartearen William James sari ospetsua jaso zuen, hainbat hizkuntzatara itzulita dago, eta giza hizkuntzari buruzko saiakerarik irakurriena bilakatu da urteen buruan.
Steven Pinker (Montreal 1954) psikologo esperimentala, hizkuntzalaria eta zientzialari kognitibo itzaltsua da. Harvard Unibertsitateko psikologia saileko katedraduna, psikologia ebolutiboaren eta gogoaren teoria konputazionalaren defendatzaile entzutetsua da. Pinkerren ikerketa alor nagusia haurren hizkuntz jabekuntza eta garapena da.
Horretaz gain, zientzia kognitiboa ezagutarazteko hainbat liburu ezagunen egilea da. Eskuartean duzun Hizkuntza-sena eman zuen argitara lehenik, eta liburu horrek izandako arrakasta itzelaren ondotik, beste batzuk eman zituen argitara, besteak beste, How the Mind Works (1997), Words and Rules (2000), The Blank Slate (2002), and The Stuff of Thought (2007). Pinkerren liburuek hainbat sari eta aipamen jaso dituzte, eta zientzia zabalkundearen alorrean irakurrienetakoen artean daude.
Argitalpenaren fitxa:
- Izenburua: Hizkuntza-sena
- Egilea: Steven Pinker
- Itzultzailea: Garikoitz Knörr de Santiago
- ISBN: 978-84-9860-423-8
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2010
- Orrialdeak: 512 or.
Iturria:
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Hizkuntza-sena