Hizkuntzaren eboluzioaren bila burmuinaren eboluzioaren bidetik

Luis Pastor

Hizkuntza komunikatzeko daukagun gaitasun biologikoa da eta gainerako gaitasun biologikoek bezala eboluzionatu du gizadiaren baitan. Hizkuntza haurrengan berez garatzen da, modu oharkabean eta inolako irakaspen formalik gabe. Hala da hizkuntza berezko gaitasuna delako, hau da, genetikoa da. Beraz, giza eboluzioaren uneren batean garatu eta gure geneetan barneratu zen.

Askok jakin nahi izan dute noiz, nola eta zergatik sortu zen hizkuntza. Hasierako teoriak nahiko espekulatiboak ziren eta xelebre samarrak ere. “Guau-guau” teoriaren arabera onomatopeietan zegoen hizkuntzaren sorrera. “Ay-ay” teoriarentzat, berriz, interjekzioetan. “Ding-dong” teoriak hizkuntzaren sorrera soinu eta esanahien lotura ezarbitrarioaren ondorioz sortu zela defendatzen zuen.“Aaah-hú” teoriarentzat lan fisikoaren eraginez egiten diren soinu eta purrustadetatik sortuko zen. Eta azkenik, “la-la” teoriaren arabera hizkuntza bizitzaren alde erromantikotik sortuko zen, maitasunari lotutako soinuetatik alegia.

hizkuntza eta eboluzioa

1. irudia: Hizkuntza nola sortu zen azaltzen ahalegindu ziren lehenengo teoriak nahiko espekulatiboak eta xelebre samarrak izan ziren.

Teoria espekulatibo gehiago ekiditeko asmoz, 1866an, Parisko Société de Linguistique delakoak hizkuntzaren sorrerari buruzko lanak argitaratzea debekatu zuen, eta debekuak XX. mende bukaerara arte iraun zuen. Baina, 1990ean, Steven Pinker eta Paul Bloom psikologoek hizkuntzaren sorreraren gaia goraipatu zuten, gora eraman zuten “Natural Language and Natural Selection” artikuluan. Lan horretan, defendatzen zuten gainerako gaitasun konplexuak bezala, hautespen naturalaren bitartez garatu zela hizkuntza. Horretan, Noam Chomsky hizkuntzalaria eta Stephen Jay Gould paleontologoaren iritziaren aurka jo zuten, azken hauen iritziz hizkuntza eboluzioaren azpiproduktu bat zelako.

Hamarkada bat geroago, 2002an, Hauser eta Fitch biologoek eta Chomsky hizkuntzalariak hizkuntzaren-ahalmena bitan banatu zuten Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean: Hizkuntza-Ahalmena Zentzu Zabalean (HAZ) eta Hizkuntza-Ahalmena Zentzu Hertsian (HAH). Lehenengoa beste espezieekin ditugun osagai eta ezaugarri komunez osatuta dago (adibidez, soinuak sortzeko organoak); bigarrena, berriz, giza hizkuntzarena bakarrik den osagaiaz osatuta dago, sintaxia alegia. Bi hizkuntza-ahalmen hauek (HAZ eta HAH) elkarri eragiten diote eta haiei esker gara komunikatzeko gai.

hizkuntza eta eboluzioa 1

2. irudia: 2002an, Hauser eta Fitch biologoek eta Chomsky hizkuntzalariak hizkuntzaren-ahalmena bitan banatu zuten. (Irudiaren iturria: Hauser, Chomsky eta Fitch (2000), Science 22: 1569-1579 [moldatua])

Artikulu horretan, Chomskyk apaldu egin zuten ordura arte defendatzen zuen hizkuntzaren eboluzioaren ideia, eta hizkuntzak gradualki eboluzionatuko zuela esan zuen. Baina bakar-bakarrik beste espezieekin dugun alderdi komunaz mintzatu zen. Gizakien berezkoa den hizkuntzaren osagarriaz ez zuen kontu zehatzik esan eta bat-batean sortu zela iradokitzen jarraitu zuen. Egia esan, ez da gai erraza, giza hizkuntzak ez baitu hondakin fosilik uzten. Hala ere, hurbilketa bat egin genezake burmuinaren handitzeari eta genetikari erreparatuz.

Hizkuntza eta genetika hurbilduz

Hizkuntzak badauka bere tokia burmuinean, batez ere Broca eta Wernickeren eremuetan. Brocaren eremuak gramatika, soinuak, etab. kudeatzen ditu; Wernickerenak, bestalde, hitzen formak eta esanahiak ditu bere mende. Horregatik, biologo eta antropologo asko saiatu dira hizkuntzaren sorrera gure arbasoen garezurren fosiletan bilatzen. Zoritxarrez, burmuinak, hizkuntzak bezala, ez du hondakin fosilik uzten, hala ere, igeltsu molde eta programa informatikoen bitartez berregin ahal izan dituzte gure arbasoen burmuinen formak.

Homo Habilis espezieak (orain dela 2,5 milioi urte) 640-800 bitarteko burmuin-bolumena zuen eta haren garezurretan burmuin-ildoen markak aurkitu dira. Haietan Broca eta Wernickeren eremuak nahiko ondo bereizita ikusi dituzte, baina ikerlariek ez dakite ziur hizkuntzarako erabiltzen ote zituzten. Haren ondorengoetan burmuin-bolumena asko handitu zen, sua erabili eta okela jaten hastearekin batera. Izan ere, gero eta handiagoa zen burmuin bati behar zuen elikagai kantitatea ematen zion okelak.

hizkuntza eta eboluzioa 2

3. irudia: Burmuin-bolumenaren hazkundearekin batera gizakiok mintzatzeko gaitasuna garatu ote dugun ikertzea izan da hainbat ikerketa-talderen helburu. (Irudiaren iturria: Bolhuis et al. (2014), PLoS Biol. 12: 1-6 [moldatua])

Gure azken arbaso hurbilena, Homo Sapiensa, orain dela 200.000 urte agertu zen eta haren burmuin-bolumena 1.200-1.500cc bitartekoa zen, ia gurea bezalakoa (1.300-1.400cc). Handitze hau batez ere neokortexean gertatu zen eta burmuin esparruen berrantolaketan eragina izan zuen, hau da, burmuin esparruak kognizio-jarduera ezberdinetan espezializatu ziren: oroimena, emozioak, mugimenduak, kontzientzia, hizkuntza, etab. Batzuek defendatzen dutenez, berrantolaketa-espezializazio hori orain dela 60.000-40.000 urte gertatu zen sormen leherketarekin batera. Leherketak, zuzenean eragingo zien Homo Sapiensaren kultura, teknologia, pentsamendu sinbolikoa eta arteari.

FOXP2 genea hizkuntzarekin harremanetan

Zenbait gene aipatu dira burmuinaren handitzearekin harremanetan daudelakoan: ASPM eta HAR1F geneak. Lehengoak burmuinaren handitzearekin zerikusia du eta bigarrenak, berriz, burmuinaren konplexutasun eta plastizitatearekin. Baina hizkuntzarekin harremanetan dagoen gene bat ere aurkitu dute: FOXP2-a. Hizkuntza eta gene horren arteko harremana Ingalaterrako KE deritzon familia aztertu ostean aurkitu zuten. KE familiako ia kideen erdiak (15 gizaki) hizkuntza arazo larriak (aho-artikulazio arazoak, gramatika arazoak) zituen eta beste erdiak, berriz, ez zuen halako arazorik. Oxford Unibertsitateko genetistak arazoa geneetan aurkitzen ahalegindu ziren, baina ez zuten arrakasta izan, familiatik kanpo arazo bera zuen ume bat aurkitu zuten arte. Orduan, familiako eta umearen DNAren konparaziozko azterketa eginez ikusi ahal izan zuten arazoa 7 kromosomaren baitan zegoela, FOXP2 genean, eta gene honen mutazio batek hizkuntza arazoak eragiten zizkiela. Hala ere, ezin zaio FOXP2 geneari hizkuntzaren genea deitu, gene hau burmuina, birika, heste eta bihotz-garapenarekin ere harremanetan baitago.

FOXP2 genea, gainera, beste animalia batzuetan ere aurkitu da. Txorietan, diamante mandarin espeziekoetan adibidez, kantuaren ikaskuntzarekin zerikusia du. Izan ere, genea inhibituz gero, kantu berriak ikasteko arazoak erakusten dituzte txoriek, eta haien kantuak nahasgarri bihurtzen dira. Saguetan, berriz, genearen mutazioak garapen arazoak erakusten ditu eta haien bokalizazio patroiei eragiten die.

hizkuntza eta eboluzioa 5

4. irudia: FOXP2 genea, gizakion hizkuntzaren garapenean zerikusia izan duela izan da baina genea beste animalia batzuetan ere aurkitu da. Esaterako, diamante mandarin espezieko txorietan eta dirudienez, kantuaren ikaskuntzarekin zerikusia du. (Irudiaren iturria: Enard et al. (2002), Nature 418: 869-872 [moldatua])

Hala ere, gizakietan eta beste animalietan aurkitu den FOXP2 genea ez da berbera, geneak eboluzioan zehar mutazio desberdinak jaso baititu. Saguaren FOXP2 aldaerak mutazio bakarra jaso du eta gizakiarenak, berriz, bi mutazio. Horregatik, haren eragina desberdina da gizakietan eta animalietan. Gainera, Max Planck Institutuko antropologo batzuek ikusi dute gizakion FOXP2 aldaeraren mutazioak, animalien aldaerarekin konparatuta, kalkulatu dute oso azkarrak izan direla eta azkenengo 200.000 urteetan gertatu zirela. Beraz, baliteke Homo Sapiensak hizkuntza edo protohizkuntza bat izan zuela. Neandertaletan ere aurkitu dute FOXP2 genearen aldaera bera, baina adituak ez dakite ziur Homo Sapiensetan zuen eragin bera eduki ote zuen.

Hau dena kontuan izanda, esan daiteke hizkuntza ahalbidetzen duten elementuak giza eboluzioan zehar garatu zirela, hau da, hizkuntza “zentzu zabalean” (HAZ) –Hauser, Chomsky eta Fitchek ulertzen duten moduan– hautespen naturalaren bitartez garatu zela: burmuinaren handitasuna eta berregituraketa… Hizkuntza “zentzu hertsian” (HAH) ordea, hots sintaxia, azkenengo 50.000 urteetan garatuko zen, bere kabuz edo beste gaitasun batzuen ondorioz (adimena, kontzientzia, garapen soziala…). Dena dela, hizkuntza-eboluzioaren auzia ez dago oraindik itxita, eta inork ez daki azkenean zeinek edukiko duen arrazoia: Pinkerrek ala Chomskyk? Izan ere “zure” hizkuntza-eboluzioaren teoria “zure” hizkuntza teoriaren esku baitago.

Hizkuntza eta eboluzioa 4

5. irudia: Hizkuntza-eboluzioaren auzia ez dago oraindik itxita, eta inork ez daki azkenean zeinek edukiko duen arrazoia Adibidetzat jo dezakegu Pinkerrek eta Chomskyk hizkuntzaren sorrerari buruz dituzten ikuspuntu kontrajarriak.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Cela Conde Camilo José, Ayala Francisco J., (2005): Senderos de la evolución humana. Madrid: Alianza.
  • Crystal David., (2006): How Language Works. Londres: Penguin.
  • Hauser Marc D., Chomsky Noam, Fitch W. Tecumseh, (2002): The Faculty of Language: What Is It, Who Has It, and How Did It Evolve?, Science 298, 1569-1579.
  • Kenneally Christine, (2007): The First Word: The Search for the Origins of Language. Londres: Penguin.
  • Lorenzo Guillermo, Longa Victor M., (2003): Homo Loquens. Biología y Evolución del Lenguaje. Lugo: Tris Tram.
  • Marcus Gary, Fischer Simon E., (2003): FOXP2 in focus: what can genes tell us about speech and language?, TRENDS in Cognitive Sciences 7(6), 257-262.
  • Pinker Steven, (1994): The Language Instinct. New York: Harper Perennial Modern Classics. [euskaraz: Pinker, – Steven (2010). Hizkuntza-sena. Bilbo: ZIO bilduma]
  • Pinker Steven, Bloom Paul, (1990): Natural language and natural selection. Behavioral and Brain Sciences 13(4), 707-784.

—————————————————–

Egileaz: Luis Pastor, (@aloxieusko) Euskal Filologian lizentziatua da. Egun, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko doktoregaia da eta psikolinguistika du ikerlerro UPV/EHU Gogo Elebiduna ikerketa-taldean.

—————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>