Bai, onartzen dut, izenburua nahiko clickbait da. Edo “amu” samarra, anglizismoak alde batera uzten baditugu. Izan ere, nahiz eta ematen duen sasizientzien alde ilunera igaro naizela eta mineralen, hots, solido kristalino horien gezurrezko “botere magikoak” iragartzearen alde nagoela, ez da hala.
Orain oso erraza iruditzen zaigu orientatzea bidaia bati ekiten diogunean, GPS gailuari esker. Mugikorrean bertan daukagu. Baina, zer gertatzen da estaldura galtzen dugunean eta ez dagoenean seinalerik sateliteekin? Bada, bi aukera baino ez ditugu: galtzea (eta onartzen dut, ni talde horretakoa izaten naiz) edo oso erosoa den tresna bat erabiltzea, geologiako profesionalek beti motxilan daramatena: iparrorratza.
Iparrorratzaren historia ere oso geologikoa da. Horretarako, 2.000 urte baino gehiago egin behar dugu atzera, Magnesia izeneko eskualde batera. Gaur egun Turkian dago, baina, garai hartan, greziarren lurraldean zegoen. Bertan, artzain gazte batek harri arraro batekin egin zuen topo. Burdina erakartzeko ahalmena zuela ikusi zuten, eta “Magnesiako harri” izena eman zioten (oso originalak ez ziren izan izena jartzeko orduan). Propietate horrek obsesionatu egin zuen Tales Miletokoa bera, ohartu baitzen mineral horrek ez zuela burdina bakarrik erakartzen eta harriarekin igurzten zen burdinazko pieza orok propietate hori bereganatzen zuela. Egun, “magnetita” izenez ezagutzen dugu mineral hori (formula kimikoa: Fe3O4), eta metalak erakartzeko duen propietateari “magnetismo” deitzen diogu.
Pare bat mende igaro arte ez dugu mineral horren berri askorik izan; hots, idatzizko erregistro batzuk agertu ziren arte. Ziotenez, antzinako txinatarrek magnetita erabili zuten burdinazko pieza txikiak magnetizatzeko, eta, pieza horiek, urez betetako ontzi batean flotatzen zuten egurrezko ohol baten gainean libreki biratzen uztean, beti norabide berean seinalatzen zutela ikusi zutela: I-H magnetikoa. Hala ere, ez dago idatziz jasota ea erabilpenik ematen zioten aurkikuntza horri, kontu sasimagikoez harago.
XII. mendera iritsi arte; Ingalaterrako idazkiek adierazten dute nabigatzaile batzuek magnetitaz imandutako burdinazko pieza txiki horiek erabiltzen zituztela, eta kortxo baten gainean biratzen uzten zituztela urez betetako ontzi batean, itsaso zabalean orientatzeko, beste erreferentziarik ez zutenean, hala nola, Eguzkia, Iparrizarra edo itsasertza. Horrela jaio ziren historiako lehenengo iparrorratzak.
Baina magnetita ez da gizakiek beren itsas bidaietan erabili duten mineral bakarra izan. Bikingoen sagetan, “eguzki harria” aipatzen da. Nabigatzaile ospetsu haiek erabiltzen zuten tresna zen, eta itsaso zabalean non zeuden jakiteko baliatzen zuten lehorreko erreferentziarik ez zutenean eta eguna oso lainotuta zegoenean eta ezinezkoa zitzaienean Eguzkiaren kokapena jakitea.
Nahiz eta oraindik ez dakigun ziur zer mineral zen bikingoek erabiltzen zuten “eguzki harri” hura, badirudi bi hautagai posible daudela, eta bietako edozein izan daiteke. Lehenengoa espatua da: burdinazko, aluminiozko eta magnesiozko silikatoa (formula kimikoa: (Mg,Fe)2Al4Si5O18). Oso ohikoa da Eskandinaviako arroketan, eta propietate bitxi bat du: birrefringentzia. Mineral batzuek duten propietate optiko bat da, eta argiaren errefrakzio bikoitz bat ematen du, hau da, argi sorta bakar batetik bi izpi paralelo banatzen ditu. Horrela, testu idatzi baten gainean ahalik eta espatu gardenena jartzen badugu, letrak bikoiztuta ikusiko ditugu, eta horrek txikien arreta erakartzen du dibulgazio jardueretan (eta ez hain txikiei).
Bikingoen eguzkia harrirako beste hautagaia kaltzita barietate bat da (formula kimikoa: CaCO3), “Islandiako espatu” izenez ezagutua. Kristal oso gardenak dira, eta birrefringentzia propietatea ere badute, zeina oso ugaria den izen bera duen uhartean. Bikingoek, Islandia konkistatu aurretik espedizio nautikoak egiten zituztenez, badirudi espatua erabili ohi zutela kaltzita mota horren meategi ugariak aurkitu zituzten arte. Gero, haien GPS minerala ordeztu ahal izan zuten.
Birrefringentziarekin ez da beharrezkoa kristal mineralek jasotzen duten zuzeneko argia oso indartsua izatea, eta, beraz, egun lainotsuetan, Eguzkiaren kokapen zehatza zehaztea oso zaila denean, fenomeno optikoa oso modu nabarmenean gertatzen da. Egia da ez dakigula bikingoek nola erabiltzen zituzten mineral horiek itsaso zabalean orientatzeko, ia ez dagoelako aztarna arkeologikorik, eta testu idatzietara soilik jo dezakegulako. Hala ere, bi modutara egin zezaketela uste da: batetik, zerurantz kristal bakarra altxatuz, bi argi sorten errefrakzio angelua kalkulatzeko; edo, bestetik, bi mineral batera erabiliz eta beti posizio finko batean egongo zen egurrezko hirugarren pieza batekin hiruki bat osatuz. Hori bai, badakigu mineral soil batzuk erabiliz, Europa eta Amerika iparraldean modu zehatzean nabigatzea lortu zutela.
Harrigarria da nola gizakiak itsas epopeia horiek burutzeko gai izan diren aurreko mendeetan, mineral pare bat bakarrik erabiliz, haien propietateen atzean zegoen zientzia zehazki ulertu gabe. Baina horrek ez zuen inolako magiarik, eta, beraz, badugu tresna bat gehiago hasieran aipatzen nituen sasizientzia horiek agerian uzteko. Edo, ez al zaizue greziarrei, txinatarrei eta bikingoei buruz hitz egiteko gogorik sortu, norbait mineralen propietate mistikoak azaltzen saiatzen denean?
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko abenduaren 8an: Minerales que nos orientan.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
2 iruzkinak
[…] zenbait minerali eman diegun erabilerari buruz hitz egiten has nezake artikulu hau, hala nola silexari (SiO2) edo obsidianari (beira […]
[…] (burdin mineral bat) sintetizatzen dituzte beren ingurune naturalean. Kristal horiek iparrorratz gisa jarduten dute, eta bakterio horiei Lurreko eremu magnetikoaren lerroetan orientatzea eta […]