D bitamina molekula berezia da zentzu askotan. Lehenik eta behin, prohormona bat da (hormona baten molekula aitzindaria), eta ehun ezberdinetan askotariko ondorioak eragiten ditu. Hezurrak mineralizatzeagatik nabarmentzen da, baina sistema immunitarioaren funtzionamenduan, pankrearen funtzio endokrinoan, garunaren garapenean… ere bere funtzioa du. Hori gutxi balitz, D bitaminaren forma aktiboa larruazalean sintetizatzen da, eguzkiaren izpi ultramoreen esposizio zuzena jasan ostean. Horrela, egoera normalean, molekula hori ez da elikagaietatik lortzen nagusiki, eguzkiaren erradiaziotik baizik (guztizkoaren % 80-90).
Hain zuzen ere, D bitamina lortzeko modu berezi horrek eragiten du molekula horren defizita, itxuraz, nahiko ohikoa izatea. Defizit hori ez da eguzki erradiazio mugatua duten herrialdeetan soilik gertatzen, Eskandinavian kasu, bai eta egun eguzkitsu ugari eta eguzki erradiazio handia duten nazioetan ere, nahiz eta ez espero. Espainia da adibide bat.
Gai horren inguruan eztabaida handia dagoen arren, kontuan hartzen bada D bitaminaren urritasuna dagoela 25-hidroxibitamina D-ren odol-serumeko mailak 20 ng/ml baino txikiagoak direnean, orduan, Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkartearen (SEEN) arabera, Espainiako biztanleriaren % 40k eta 65 urtetik gorako pertsonen % 80k baino gehiagok molekula horren defizita daukate.
Gure gizartean dagoen bitamina defizit kezkagarri horren aurrean, gaiaz ezer ez dakien edonork esperoko luke medikuek, errutinaz, beren pazienteei odol analisiak eskatzea, horietakoren batek defizit hori duen detektatzeko eta, horrela, D bitaminaren gehigarriak errezetatzeko. Logikoena litzateke, ezta? Ba ez. Izan ere, ez da gomendatzen kontsulta medikoetan baheketa unibertsalik egitea populazio orokorraren D bitaminaren mailak detektatzeko, arriskua duten kasuetan (osteoporosia, adin handiko adinekoak) horretarako pisuzko faktoreak daudenean izan ezik.
D bitaminaren defizit arina antzemanez gero ere, gida klinikoek eta elkarte medikoek ez dute gomendatzen molekula horren gehigarriak hartzea. Horren ordez, eta ahal bada, pazienteari eguzki gehiago hartzeko eta D bitamina asko duten elikagai gehiago kontsumitzeko (arrain urdina, arrautzak, gibela…) gomendioa egiten zaio.
Orduan, D bitaminaren defizita hain ohikoa bada gure herrialdean eta beste askotan, zergatik ez da screeningik egiten eta ez da gehigarririk hartzeko agintzen? Arrazoia sinplea da: saiakuntza klinikoek erakusten dute, behin eta berriz, D bitamina duten osagarri edo gehigarri dietetikoak kontsumitzeak ez diola inolako onurarik ekartzen defizitik ez duen biztanle osasuntsuen osasunari, ez eta, askotan, defizita dutenen osasunari ere.
D bitamina gehitzean inolako onurarik ez
Duela gutxi saiakuntza kliniko bat egin zen Mongolian, eta emaitza deigarriak izan zituen; izan ere, D bitamina gehitzean ez zen inolako emaitza onuragarririk lortu. Saiakuntza hori molekula horren defizita zuten 8.851 haurrekin egin zen (serumean 20 ng/ml baino gutxiago). Ikertzaileek jakin nahi zuten ea D3 bitamina gehigarrien kontsumoak (14.000 nazioarteko unitate astero, 3 urtez) eragin positiborik izango zuen haien osasunean, plazebo taldearekin alderatuta. Ez zuten inolako ezberdintasunik aurkitu bi taldeen artean, salbu eta urteetan zehar D bitamina jaso zuen haur taldeak jada ez zuela defizitik. Ez zen inolako eraginik izan pubertaroan, ez altuerari, ez gorputz-masari, ez garapenari zegokionez. Ezer ez. Eta hori ez zen gertatzen aldez aurretik defizit normala zuten haurren artean soilik (20 ng/ml baino D bitamina gutxiago serumean), baita azterketaren hasieran defizit larria (10 ng/ml baino gutxiago) zutenen artean ere.
Emaitza etsigarri horiek behin eta berriz ematen dira saiakuntza klinikoetan. D bitamina gehitzeak ere ez dakar onurarik defizita duten haurren tuberkulosi arriskua murrizteko, ez du populazio orokorraren hezurren mineralizazioa hobetzen, ez du hausturarik edo erorikorik prebenitzen, eta ez du murrizten edozein kausagatik hiltzeko arriskua edo minbizia edo gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua.
D bitaminaren gehigarriak kontsumitzeak onurarik ez izateaz gain, zenbait azterketek erakutsi dute osasunerako zenbait arrisku ere ekar ditzakeela. Ia 31.000 parte hartzailerekin egindako behaketa azterketa baten arabera, defizitik ez duten pertsonek egunean 10 mikrogramo baino gehiagoko dosiak kontsumitzea kausa guztien hilkortasuna eta, bereziki, minbiziaren ondoriozko hilkortasuna handitzearekin lotzen zen. Bestalde, mantenugai horren gehiegizko kontsumoak kalteak eragin ditzake giltzurrunetan eta bestelako organo eta ehun batzuetan.
Zergatik dago paradoxa hori D bitaminaren inguruan? Bi azalpen nagusi daude. Alde batetik, gaur egun molekula horrek eragindako defizita noiz dagoen definitzeko atalaseak ez dira zuzenak (altuegiak dira), eta horrek berez existitzen ez diren defizitak diagnostikatzera garamatza, osasunean ez dutelako kalterik eragiten. Horregatik, D bitamina gehiago hartzeak ez dakar onurarik. Izan ere, aspalditik eztabaida zientifiko handia dago D bitaminaren urritasuna zein mailatik behera ematen den zehazteko.
D bitaminaren gehigarriak kontsumitzeak eragin osasungarririk ez eragiteko beste azalpen bat da organismoan arazoren bat egotea, eta horren ondorioz ezin izatea molekula hori bere forma aktibora (kaltzitriola) eraldatzea –forma aktibo horrek hainbat funtzio egiten ditu–. Edo, bestela, ezagutzen ez dugun beste faktore bat egotea, molekula forma aktiboan dagoenean dituen ondorioak mugatzen dituela.
Arrazoia edozein dela ere, ebidentzia zientifikoak iradokitzen digu ez dagoela arrazoirik D bitaminaren osagarriak kontsumitzeko, oso kasu zehatzetan salbu. Maila onak eduki nahi badira, aukera gomendagarriena eguzkia neurriz hartzea, jarduera fisikoa egitea eta mantenugai horretan aberatsak diren elikagaiak jatea da, osasunerako onura ugari eskaintzen dituelako eta lortzeko errazagoa delako.
Egileaz:
Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko abenduaren 5ean: La extraña paradoja tras los suplementos de vitamina D
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.