Nutrizio-gehigarriak eta haien enigma

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ez da erraza nutrizio-gehigarriak definitzea eta, beraz, zer diren zehaztea. Madrilgo 12 de Octubre Unibertsitate Ospitaleko Valero Zanuy eta León Sanz doktoreek 2005an argitaratutako berrikusketa baten arabera: “nutrizio-gehigarriak ikuspuntu nutrizionaletik, nutriente batean edo gehiagotan osoak diren prestakinak dira, baina dietan gomendatzen diren bitamina eta mineral kantitate txikiagoak izan ohi dituzte”. “Gehigarri dietetiko” edo “elikadura-osagarri” izenak ere ematen gehigarri hauei.

Ohikoena ahotik hartzea da, konprimitu, kapsula, likido edo hauts formatuan eta, esaterako, Estatu Batuetan “janari-osagai”ren bat dutela (bitaminak, mineralak, aminoazidoak, entzimak, belarrak, etab.) adierazten da. Hala ere, ez dira elikagai baten ordezko gisa aurkezten, eta ez dira dietaren edo janariaren osagai bakartzat hartzen, eta etiketan osagarri gisa identifikatu behar dira beti.
nutrizio-gehigarriak
1. irudia: helduen erdiek baino gehiagok erabili izan dute inoiz nutrizio-gehigarriren bat, baina erabilera horretan eragiten duten arrazoiak askotarikoak dira. (Argazkia: Nataliya Vaitkevich / Pexels)

Gutxi gorabeherako definizio horretan oinarrituz, Gaixotasunak Kontrolatzeko Atlantako Zentroko Andrew Geller medikuak eta bere lankideek azterlan bitxi, interesgarri eta kezkagarri bat argitaratu dute. Estatu Batuetako 63 ospitaletako larrialdietan 2004 eta 2013 bitartean izandako ospitaleratzeak aztertuz, jakin dute 3 667 pazientek nutrizio-gehigarriekin lotutako arazoengatik iritsi zirela. Horrenbestez, estimatu dute kausa horrek urtean batez beste 23 000 paziente bidaltzen dituela larrialdietara herrialde osoan, eta horietatik 2 100 kasu ospitaleratzen dituztela.

20 eta 34 urte bitarteko gazteei dagozkie ospitaleratzeen % 28 eta haurrei, % 21. Ia % 70 lotuta daude belarren zein bitaminen eta mineralen osagarriekin. Pazienteek hartutako osagaien % 20 pisua gutxitzeko dira eta % 10, energia handitzeko. Gaixoen % 72k bihotzeko palpitazioak, takikardia eta bularreko mina zituzten. Ingresatutako 65 urtetik gorakoen % 38k asfixia sintomak eta disfagia edo irensteko arazoak zituzten.

Laburbilduz, gazteek bihotzeko arazoak izaten dituzte, zaharrek irensteko eta arnasteko zailtasunak eta haurren ospitaleratzeak izan ohi dira zaintzen ez zituztenean dosi handiegiak hartu dituztelako.

Nutrizio-gehigarrien kontsumoaren zergatia

Arestian aipatutako datuak kontuak izanik, Estatu Batuetako ikertzaileek jakin nahi izan dute zergatik den hain ohikoa gehigarrien kontsumoa. Bostongo Unibertsitateko David Kaufman epidemiologoak eta bere taldeak telefono bidezko inkesta baten emaitzak argitaratu zituzten 2002an: 1998an eta 1999an, 18 urtetik gorako 2.540 boluntariori deitu zieten, zeintzuen batez besteko adina 34 urtekoa baitzen eta % 53 emakumeak baitziren.

Inkestako emaitzen arabera:

  • Bitaminen eta mineralen osagarriei dagokienez, % 35ek erantzun zuen osasunerako onuragarriak zirelako hartzen zituela; % 11k, dietaren osagarri moduan eta % 6k, osteoporosia prebenitzeko. % 3k ez zekien edo ez zuen esan zergatik kontsumitzen zituen.
  • Belardun osagarrien kasuan, % 16k osasunerako onuragarriak direlako hartzen zituen; % 7k, artritiserako; % 6k, memoria hobetzeko; % 4k, dieta osatzeko eta % 3k, hobeto lo egiteko. % 2k ez zekien edo ez zuen erantzun zergatik.
nutrizio-gehigarriak
2. irudia: ikerketa askok utzi dute agerian gehigarri dietetikoen produktuen etiketa batzuek ez dituztela osagai errealak zehaztasunez islatzen. Hala ere, ez da azterketarik egin zehazteko gehigarri dietetiko bereko osagaiak aldatzen diren denboran zehar. (Argazkia: Raysonho – Domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Gehigarri dietetikoen kontsumoari buruzko Estatu Batuetako datuen beste azterlan bat argitaratu zuten 2013an, Bethesdako Osasuneko Erakunde Nazionaletako Regan Bailey nutrizio arloko epidemiologoak eta bere taldeak. 20 eta 60 urte bitarteko 11.956 laguni egin zieten inkesta (% 54 emakumeak). Lanak honako datuak utzi zituen agerian:

  • Inkestatutakoen % 43k osasuna hobetzeko eta % 33k osasunari eusteko kontsumitzen zituen osagarriak.
  • % 36k hezurretako osasunerako kaltzioa hartzen zuen eta % 18k, bihotzerako edo kolesterola gutxitzeko osagarriak.
  • Bitaminadun eta mineraldun gehigarriak ziren kontsumituenak (% 32), kaltzioak (% 12) eta omega-3 gantz azidoek (% 10) jarraituta.
  • % 23k soilik kontsumitzen zituen nutrizio-gehigarriak osasun profesional baten gomendioz.

Aipagarria da militarrek kontsumitzen dituzten gehigarri dietetiko buruzko azterlan bat, Estatu Batuetako Armadaren Ingurumeneko Medikuntzaren Natick-eko Ikerketa Institutuko Joseph Knapik medikuak eta bere taldeak egindakoa. Armadako eta marineetako langileen, zeintzuen % 14 emakumeak baitira eta batez besteko adina 33,8 urte baita, % 74k kontsumitzen dituzte: % 45ek bitaminadun eta mineraldun osagarriak eta % 42k proteinadunak. % 31k bost osagarri edo gehiago erabiltzen ditu. Zifrak zibilen artean baino altuagoak dira, baina beste militar batzuen antzekoak.

Nutrizio-gehigarriak kirolean

Kirolariek eta kirola egin ohi dutenek ere badute osagarriak kontsumitzeko ohitura. Izan ere, errendimendu fisikoari edo pisuari eusten laguntzeko osagaiak izaten dituzte batzuetan –badaude dopinaren aurkako analisietan positibo eman ditzaketenak ere–. Hori da oxilofrinaren kasua, metilsinefrina izenez ere ezagutzen dena. Bihotza estimulatzeko, odol presioa igotzeko eta oxigenoa hobeto hartzeko joan den mendeko 30eko hamarkadan, Europan garatutako farmako bat da.

Cambridgeko Osasunerako Aliantzaren Pieter Cohen ikertzaileak eta bere taldeak azaldu dutenez, oxilofrina farmako moduan onartu ez bazen ere Estatu Batuetan, gantzak erretzeko eta pisua galtzeko iragartzen diren elikadura-osagarrien osagaien artean ageri da. Kontzentrazioa ezagutzeko, osagarrien artean aipatzen duten 27 marka aztertu dituzte.

Emaitza harrigarria izan da: % 48k, 27tik 13k, ez dute oxilofrinarik. Badutenen kasuan, 14, kontzentrazio tartea 0,0003 eta 75 miligramo artekoa da. Oxilofrinadun produktuetako seitan, kontzentrazioa farmakoan erabilitakoaren berdina edo handiagoa da. Horrenbestez, emaitza positiboa izango litzateke dopinaren aurkako analisian. Edo ez, erdiak ez baitauka oxilofrinarik. Minik eragiten ez duten osagarriak dira, ez baitute efekturik. Oxilofrinari dagokionean, gutxienez.

3. irudia: nutrizio-gehigarrien erabilera ohikoa da kirol munduan baina ikerketek erakutsi dute askotan kirolariek osagarri hauek hartzen dituztela ondo informatu gabe. (Argazkia: morzaszum – Domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Baina kirolarien osagarrien auzia are harrigarriagoa da. Beste azterlan batean, Pieter Cohenen taldeak ikertu zuen estimulatzaileen presentzia kirolarientzako bederatzi osagarrietan bederatzi hilabetez jakiteko kontzentrazioak denborarekin aldatzen ziren. Marketako batean izan ezik, beste zortzietan aldaketak nabarmenak izan ziren. Adibidez, kafeinaren kasuan, -% 7 eta +% 266 bitartean aldatzen da. Agerikoa da kontrol falta osagarrien benetako konposizioan, Estatu Batuetan gutxienez.

Eskoziako St. Andrews Unibertsitateko Ronald Maughan, kiroleko medikuntzan adituak eta bere lankideek zenbait inkesta aztertuta ondorioztatu dute nutrizio-gehigarriak baliatzeko kirolarien erabakia ez ohi da informatuta egoten, jakintza ezagatik eta, askotan, gertuko pertsonek bultzatzen dute, antzeko irizpide zientifikoekin. Gainera, ohikoa da konpondu nahi duten arazoa ondo ez ezagutzea.

Nutrizio-gehigarriak kiroletatik harago

Osagarrietako batzuk onuragarriak izan daitezke arazo jakin bat une jakin batean konpontzeko. Aitzitik, askok esaten dena baino onura gutxiago dituzte, batzuk kaltegarriak izan daitezke eta, batzuk, dopinaren aurkako erregulazioek debekatutako substantziak eduki ditzakete.

Kasu zehatzen bat ere azter dezakegu, esaterako, argaltzeko osagarri dietetikoena. Exeterreko Unibertsitateko (Ingalaterra) Igho Onakpoyak eta bere lankideek osagarri horien eraginkortasunari buruzko meta-analisi bat argitaratu dute.

2009 arteko datu-baseak gainbegiratu eta artikuluak irizpide metodologikoekin hautatu ondoren, bederatzi aukeratu dituzte. Lan horiek aipatzen dituzten gehigarri dietetikoak dira guarana, kromo pikolinatoa, efedrina, laranja mingotsa, azido linoleiko konjugatua, kaltzioa, glukomananoa, kitosanoa eta te berdea.

Azterlan batzuetako laginak txikiak eta kontrolak eskasak diren arren, osagarri horietako batek ere ez du pisu galera eragiten, behintzat % 5 (klinikoki onartutako zifra bat). Egileek beste azterlan batzuk proposatu dituzte ondorioak baieztatzeko edo ezeztatzeko.

Badago, halaber, Omega-3 gantz azidoaren eta gaixotasun kardiobaskularren arteko erlazioaren meta-analisi bat. Ioanninako Unibertsitateko (Grezia) Evangelos Rizos-ek eta bere taldeak argitaratu dute datu-baseak berrikusi eta 20 azterketa aurkitu ondoren, guztira, 68 680 pazienteri egindakoak.

Paziente horietako 7 044ren heriotzaren kausaren eta Omega-3 osagarrien kontsumoaren arteko erlazioa ikertu ostean ondorioztatu dute ez dutela loturarik inolako heriotza-kausarekin eta, zehazkiago, gaixotasun kardiobaskularrekin, bihotz geldialdia, bat-bateko heriotza, miokardioko infartua eta buruko isuria kasu.

Minbiziaren arriskua gutxitzeko bitamina osagarrien erabilera ere zabalduta dago. Seattleko Minbizia Ikertzeko Fred Hutchinson Zentroko Marian Neuhouser-ek eta bere lankideek 2009an lan bat argitaratu zuten osagarriek minbiziaren intzidentzian zuten eraginari buruz. 161 808 emakumeri terapia hormonalari, dietari eta D bitaminaren eta kaltzioaren kontsumoari buruz egindako hiru inkestaren emaitzak jasotzen zituen. Datuak 1995 eta 1998 bitartean bildu zituzten eta hurrengo zortzi urteetan boluntarioen segimendua egin zuten. Gaixotasunean izandako intzidentzia 2005ean neurtu zuten.

Inkestatutakoen % 41,5ek bitamina anitzeko osagarriak hartu zituen eta, zortzi urteko jarraipenaren ondoren, 9 619 minbizi kasu eta, guztira, 9 865 heriotza izan ziren. Ez dago frogarik bitamina anitzeko osagarrien kontsumoak eraginik duenik emakumeek menopausia ostean minbizia edo gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskuan edo, oro har, hilkortasunean.

Erreferentzia bibliografikoak:

Attipoe, S. et al. (2016). Variability of stimulant levels in nine sports supplements over a 9-month period. International Journal of Sport Nutrition and Exercise Metabolism, 26, 413-420. DOI: 10.1123/ijsnem.2015-0177

Bailey, R.I. et al. (2013). Why US adults use dietary supplements. Journal of American Medical Association Internal Medicine, 173 (5), 355-361. DOI: 10.1001/jamainternmed.2013.2299

Cohen, P.A. et al. (2016). Pharmaceutical doses of the banned stimulant oxilofrine found in dietary supplements sold in the USA. Drug Testing and Analysis, 9 (1), 135-142. DOI: 10.1002/dta.1976

Geller, A.J. et al. (2015). Emergency department visits for adverse events related to dietary supplements. New England Journal of Medicine, 373 (16), 1531-1540. DOI: 10.1056/NEJMsa1504267

Kaufman, D.W. et al. (2002). Recent patterns of medication use in the ambulatory adult population of the United States. The Slone Survey. Journal of American Medical Association, 287 (3), 337-344. DOI: 10.1001/jama.287.3.337

Knapik, J.J. et al. (2021). Prevalence of and factors associated with dietary supplement use in a stratified, random sample of US Military Personnel: The US Military dietary supplement use study. Journal of the Academy of Nutrition and Dietetics, 151 (11), 3495-3506. DOI: https://doi.org/10.1093/jn/nxab239

Maughan, R.J. et al. (2018). Making decisions about supplement use. International Journal of Sport Nutrition and Exercise Metabolism, 28 (2), 212-219. DOI: 10.1123/ijsnem.2018-0009

Neuhouser, M.L. et al. (2009). Multivitamin use and risk of cancer and cardiovascular disease in the women’s health initiative cohorts. Archives of Internal Medicine, 169 (3), 294-304 doi: 10.1001/archintermed.2008.540

Onakpoya, I.J. et al. (2011). Food supplements for body weight reduction: A systematic review of systematic reviews. Obesity, 19 (2), 239-244. DOI: 10.1038/oby.2010.185

Rizos, E.C. et al. (2012). Association between omega-3 fatty acid supplementation and risk of major cardiovascular disease events: a systematic review and meta-analysis. Journal of American Medical Association, 308 (10), 1024-1033. DOI: 10.1001/2012.jama.11374

Valero Zanuy, M.A. & M. León Sanz. (2005). Empleo de suplementos nutricionales orales basado en la evidencia. Endocrinología y Nutrición, 52 (S2), 34-40. DOI:


Egileaz:

Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..