Proteina asko duten dieten eta bihotzeko arazoen arteko lotura aurkitu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ikertzaileek uste dute proteina asko duten dietek plaken pilatzea eragiten dutela arterietan, immunitate-sistemaren mesedean aritzen diren zelula makrofagoak akabatzen dituztelako, eta horien zerraldoak plaketan biltzen direlako, arazoa areagotuz.

Bada Twitter erabiltzaile bat ospetsua egin dena azken urteetan: @justsaysinmice. Zehaztapen bat egitera dedikatzen da. Zientzia albisteak hartu eta garrantzitsua den datu bat gaineratzen du: “in mice”. Hau da, “arratoietan”. “Zientzialariek zerbait aurkitu dute… arratoietan”. Egia esanda, medikuntzaren alorrean egiten diren ikerketa gehienak, lehen pausuetan bederen, arratoietan egiten dira, ugaztunetan prozesu metaboliko asko oso antzekoak direlako. Gero, behin emaitza horiek eskura izanda, modu batean edo bestean ikertzaileak ikerketa horiek gizakietara eramaten saiatzen dira.

Twitterren bitartez egiten den kritika hori gaiaren inguruan arreta deitzeko aproposa bada ere, argi dago titularretan ezinbestean sinplifikatu beharra dagoela; beti ere, noski, artikuluan aipatzen bada arratoietan egindako ikerketa dela. Kazetarion deskarguan, aipatu beharra dago zientzia-artikuluen titularretan ere ez dela normalean azaltzen. Hala izan balitz, gaur dakargun honen tituluak honakoa beharko luke: High-protein diets increase cardiovascular risk by activating macrophage mTOR to suppress mitophagy… IN MICE.

1. irudia: Proteinak beharrezkoak badira ere, gehiegi hartzea ere ez omen da gomendagarria, horrek arterietan plaken pilaketa lagun dezakeelako. Orain argitu dute horren arrazoia… arratoietan. (Argazkia: Jeff Covey / Unplash)

Bada, hasiera-hasieratik arratoietan egindako ikerketa dela argi utzita, baina emaitzak gizakietara eraman ahal izango diren esperantzan, hona hemen Nature Metabolism aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean funtsean azaldu dutena: proteina maila altua duten dietek arterietan plaken pilatzea eragiten dute, eta, hortaz, aterosklerosia garatzen laguntzen dute. Ikusi ahal izan dutenez, proteina maila altu hauek odolean zenbait aminoazidoren kopuruak handitzen dituzte, eta horrek sistema immuneko zelula makrofagoetan txarrerako eragiten du. Horren ondorioz, arteriak estutzeko edo, kasurik larrienetan, guztiz buxatzeko aukerak biderkatzen dira.

Aurrera joan baino lehen, komeni da gogoratzea proteinak behar beharrezkoak ditugula organismoaren funtzionamendu egokirako, eta elikadura eta osasuna jorratzen dituzten ikerketa guztien antzera, emaitzak ezin direla interpretatu norberaren usteen arabera. Are gutxiago, lehen faseetan dauden ikerketak direnean.

Oraingo honetan, proteina asko dituzten dietak egon dira ikerketaren abiapuntuan. Izan ere, azken urteetan modan jarri dira halako dietak, pisua galtzeko onak direlakoan. Pisua galtzeaz gain, muskulu-masa handitzen laguntzen dute. Eguneroko jakietan ez ezik, lagun batzuek osagarri modura hartzen dituzte proteina horiek. San Luisko Washington Unibertsitateko (AEB) Babak Razani ikertzailearen esanetan, irabiakietan jartzen den hautsezko proteina-koilarakada pare batek 40 gramo proteina gehitzen du dietan, “normalean egun osorako gomendatzen den dosia”, hain justu.

Esperimentua egiteko, bi arratoi talde bereizi dituzte. Lehen taldekoek gantz eta proteina asko dituen dieta jaso dute. Bigarren taldean, gantzen maila altuak mantendu dituzte, baina proteinen kopurua gutxitu dute. Zehazki, lehen taldekoek jan duten elikagaien proteina kopurua %46 izan da, bigarren taldekoek %15 jaso dutelarik. Gantzen kopuru berdina mantentzeari dagokionez, argitu dute gantz horiek beharrezkoak direla plaken eraketarako. Espero zuten moduan, proteina asko jaten zuten arratoiak ez dira gizendu, baina bai gizendu dira bigarren taldekoak, gantz kopuru berdina baina proteina gutxiago jan dituztenak, alegia.

Baina esperimentuaren helburu nagusia izan da ikustea zein den proteinen eragina plaken eraketan. Eta harremana badagoela ikusi dute. Zehazki, proteina asko duen dieta jaso duten arratoiek %30 plaka gehiago garatu dute euren arterietan.

Aitortu dutenez, hau ez da lotura hori azalarazten duen lehen ikerketa. Aurretik animalietan egindako zenbait probak eta baita kohorte handien bitartez egindako ikerketa epidemiologikoek erakusten zuten proteina kopuru handiko dieten eta arazo kardiobaskularren arteko harremana. “Horregatik argitu nahi izan dugu benetan lotura kausal hori ote zegoen”, azaldu dute ikertzaileek. Behin erlazio kausal hori berretsita, prozesuaren atzean dauden mekanismoei erreparatu diete, harreman horren nondik norakoak argitzeko.

2. irudia: Pisua galtzen laguntzen dutelako, azken urteetan modan jarri dira proteina kopuru altuak dituzten dietak, proteinak gehigarri modura hartzeraino. (Argazkia: Kelly Sikkema / Unsplash)

Arterietan sortzen diren plaka horiek hainbat materialez osatuta daude: gantzak, kolesterola, kaltzioa edota zelula hilak. Horiek garbitzeko ardura dute zelula makrofagoek. Baina proteina asko duten dieten kasuan, aminoazidoen kopurua handitzen da, eta horrek mTOR izeneko proteina bat aktibatzen du makrofagoetan. Haien zereginetan jardun beharrean, makrofagoak handitu egiten dira, eta, azkenean, hil egiten dira. Egoera okertzeko, hildako makrofago horiek plaken inguruan geratzen dira pilatuta, eta, hala, arterietan zegoen arazoa konpondu beharrean, arazoa bera handitu egiten da.

Aminoazidoen artean, bereziki makrofagoentzat kaltegarrien direnak leuzina eta arginina direla ikusi dute. Dena dela, aminoazido desberdinek kontu honetan guztian jokatzen duten rola argitu nahi dute datozen ikerketetan. “Proteina kopuru handiko dieta jaten zuten arratoiek makrofagoen hilerria ziruditen plakak zituzten”, adierazi du Razanik. Erantsi du hildako zelulek plakak ezegonkortzen dituztela, eta, ondorioz, plaka horiek askatuak izateko arriskua handitzen dela.

Proteina altuko dietak eta aminoazidoak arazoaren muinean daudela aitortuta ere, zientzia-artikuluarekin batera argitaratutako iruzkin batean Hanrui Zhang eta Muredach P. Reill ikertzaileek oraindik argitzeke dauden hainbat galdera jarri dituzte mahai-gainean.

Egile hauen ustetan, orain argitu behar da, besteak beste, beste aterosklerosia motetan harreman hori mantentzen ote den, dieta beganoen bitartez eskuratutako proteinek antzeko eragina ote duten, eta mikrobiotan sortzen den eragina aztertzeko aukera ere aipatu dute. Bestalde, eta egileek jatorrizko artikuluan esandakoari jarraiki, leuzinaren rola arreta handiagorekin aztertzeko beharra aipatu dute. Izan ere, soilik horrela argitu ahal izango da leuzina bera benetan hain funtsezkoa den, ala, aldiz, beste hainbat aminoazidoren arteko elkarrekintzatik sortzen ote den eragin kaltegarri hori. Informazio hori edukita, era batean edo bestean prozesuan kanpotik eragiteko aukera aztertzeko beharra aipatu dute ere, modu honetan, proteina altuko dietek dituzten abantailei probetxua ateratzen jarraitu ahal izateko.

Azkenean, gogorarazi dute aurkikuntza hau ez dagokiola soilik dieten arloari, eta, behin aminoazidoek makrofagoetan duten eragin hori ezagututa, botika eta sendabide berriak aurkitzeko ateak irekitzen direla. Antzeko moduan mintzatu dira ikerketaren egileak, prentsa ohar batean jaso dutenez: “Lan honek ez du soilik definitzen dietetako proteinen atzean dauden prozesu kritikoak. Bihotzeko arazoak tratatzeko bideak ezartzeko oinarria jartzen du ere”.

Erreferentzia bibliografikoa

Zhang, X., Sergin, I., Evans, T.D. et al., (2020). High-protein diets increase cardiovascular risk by activating macrophage mTOR to suppress mitophagy. Nature Metabolism, 2, 110–125. DOI: https://doi.org/10.1038/s42255-019-0162-4


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude