Milioika urte Tibeten

Dibulgazioa · Kolaborazioak

1944ko apirilean, Heinrich Harrer mendizale, kirolari, geografo eta SSetako ofizial austriarrak, beste aberkide batzuekin batera, ihes egin zuen agintari kolonial britainiarren mende zegoen Indiako kontzentrazio esparrutik. Hilabete geroago, Tibeten muga zeharkatu eta Lhasara, hiriburura, eramango zuen bidaiari ekin zion, herrialdetik barrena. Han egon zen 1952ra arte, Austriara itzuli zen arte. Ordurako, SSetan izandako iraganaren erantzukizunetatik salbuetsita zegoen. Eta bere abenturen kronika idatzi eta argitaratu zuen: Sieben Jahre in Tibet (Zazpi urte Tibeten), zeina 1956an eta 1997an zinemara eraman zuten Seven Years in Tibet izenburuarekin.

Bidaian eta, zehazkiago, mendebaldeko Tibeten eta Changtang goi ordoki babesgabean zehar –batez besteko altuera 5.000 metro da–, Harrer eta bere kide Peter Aufschnaiterrek gorriak ikusi zituzten. Liburuko pasarte batean honako hau dio: “Egunean behin haragia egosten dugu eta ontzitik bertatik jaten dugu; izan ere, gauden altitudean, ura oso azkar hasten da irakiten, baina tenperatura oso txikia da eta koipea ia berehala gogortzen da”. Esaldi horrek austriarren bidaia zaildu zuten bi faktore nagusiak laburbiltzen ditu: izugarrizko hotza eta aire gabezia. «Ura oso azkar hasten da irakiten», dio Harrerek. Hala da. 5.000 metroko altitudean, presio atmosferikoa itsas mailakoaren erdira jaisten da ia –% 55era, hain zuzen ere–, eta baldintza horietan uraren lurrun presioa eta presio atmosferikoa 84 ºC-ko tenperaturan berdintzen dira, beraz, ura irakiten hasten da. Beste era batera esanda: 5.000 metroko altitudean urak 84 ºC-tan irakiten du.

tibeten
Irudia: jakak atmosfera arraro batean arnasa hartzera egokituta daude. (Argazkia: Dennis Jarvis – CC BY SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Datua garrantzitsua da, izan ere, uraren irakite tenperatura jaisteaz gain, oso oxigeno gutxi dagoela adierazten du. Izan ere, itsas mailan dagoenaren % 55 dago, atmosferako gasen eskuragarritasuna murriztea presio atmosferikoaren beherakadarekiko guztiz proportzionala baita. Han goian oxigenoaren % 21 dago oraindik, baina itsas mailan dauden gas molekulen % 55 baino ez.

Abenturen kontakizunean, Harrerek dio sarritan erabili zituztela jakak ekipajea garraiatu ahal izateko. Jakak munduko txoko horretan bezain baldintza babesgabeak dauden lekuetara oso ondo egokitzen diren bobidoak dira. Ilaje lodia dute, eta hotzetik babesten ditu. Eta, gainera, atmosfera arrarifikatu batean arnasa hartzera egokituta daude.

Txinako ikerketa talde batek jaken eta zezenen genomak alderatu ditu; antz handia duten espezieak dira. Eta biriketako odol kapilarren barneko zelula batzuetan –orain arte ezezagunak ziren– oso aktiboak diren bi gene aurkitu dituzte. Biriketako gainerako zeluletan baino askoz aktiboagoak dira bertan. Ikertzaileen arabera, posible da bi gene horien jarduera handiagoa dela-eta jaken biriketako odol kapilarrak behienak baino irmoagoak eta zuntz gehiagokoak izatea, eta hori lagungarria izan daiteke oxigenoa lortzeko oso oxigeno gutxi dagoen atmosfera batetik.

Jakek milioika urtez eboluzionatu dute altuera handian; baliteke Tibeteko goi ordokiko beste espezie batzuek ere antzeko zelulak izatea, han goian eboluzionatu baitute. Baina ia ezinezkoa da tibetarrek zelula mota hori izatea, itxuraz hain erabilgarria dena, gizakiek 30.000 urte baino ez daramatzatelako altitude horretan.


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.