Nola tratatuko da minbizia etorkizunean?

Gazte-galderak

“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.

Bergarako Aranzadi Ikastolako 3. DBHko ikasleen galdera: Nola tratatuko da minbizia etorkizunean?

Minbizia heriotza kausa nagusietako bat munduan: zenbatetsi da 10 milioi pertsona inguru hiltzen direla gaixotasun horren ondorioz urtero. Baina “gaixotasun” izendatu ordez, beharbada gaixotasunen multzo izendatu beharko genuke. Ikus dezagun zergatik.

Gure gorputza 200 motatako 35 bilioi zelula inguruk osatzen dute. Zelulak multzokatu eta ehunak sortzen dituzte, eta azken horiek organoak, sistemak eta aparatuak.

terapia
1. irudia: biriketako edo giltzurruneko minbiziek ez dute berdin jokatzen eta ez zaie tratamendu berdina ematen, nahiz eta, funtsean, biak diren zelulen hazkuntza neurrigabearen ondorio. (Argazkia: Chokniti Khongchum – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Zelula mota bakoitzak zeregin jakin bat bete behar du, eta horretarako baditu berezko ezaugarri jakin batzuk. Baina “zoratu” egin daitezke eta kontrolik gabe hazi, tumoreak sortuz. Eta tumore horiek ezberdinak dira jatorrian zuten zelularen arabera; eta, beraz, biriketako edo giltzurruneko minbiziek ez dute berdin jokatzen eta ez zaie tratamendu berdina ematen, nahiz eta, funtsean, biak diren hazkuntza neurrigabe horien ondorio.

Zergatik deskontrolatzen dira zelulak?

Adierazi dugun moduan, tumore bat gure organoetan modu anomaloan hazten den zelulen masa bat da. Tumorearen zelulak beste ehun batzuk inbaditu eta horiek suntsitzeko gai badira, minbizi edo tumore gaizto izendatuko dugu. Aitzitik, zelula tumoralek gaitasun inbaditzaile eta suntsitzaile hori ez badute, tumore benignoa dela esango dugu. Baina, zergatik gertatzen da nahasmendu hori?

Zelulek mutazioak jasan ditzakete beren geneetan. Kaltetutako geneek zatiketa zelularraren kontrol sistemekin zerikusia dutenean, kontrolik gabeko hazkuntza hori gertatzen da.

Mutazioak gertatzeko arrazoiak askotarikoak dira. Kanpoko eragileen ondoriozkoak izan daitezke (tabakoaren kea, substantzia kimikoak, eguzki izpiak), baina baita zelularen berezko akatsek ere. Hau da, gure gorputzeko zelulak zatitu egiten dira ehunak birsortzeko eta zatiketa horretan informazio genetikoa kopiatzen da, baina prozesu horretan akatsak (mutazioak) gerta daitezke.

Metastasi beldurgarriak

Minbiziaren garapenean gertatzen den prozesu beldurgarrienetako bat metastasia da. Hori gertatzen da tumorea osatzen duten zeluletako baten batek masatik askatu eta odol hodietatik bidaiatzeko ahalmena duenean, beste organo batean ezarri eta bertan hazten hasten denean.

Baina oso bidaia konplikatua da. Zelula tumoral bat tumoretik askatu eta odol hodietan sartzen denean, immunitate-sistemako zelulen eraginpean geratzen da. Horien aurrean erresistitzea edo horien erasoa saihestea lortzen badu, odol hodietatik irten beharko du beste organo batean ezartzeko. Eta organo hori kolonizatzea ez da lan erraza, ehun berriaren ezaugarriak ezberdinak direlako.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, soilik tumore-zelula gutxi batzuek bizirauten dute metastasi prozesuan. Hala ere, lortzen dutenak oso ondo egokituta daude, eta oso zaila da horien aurka borrokatzea egungo terapien bidez.

Tumore primarioa da sortu den organoan dagoen hori, eta tumore metastasikoa, berriz, askatu, odol hodietatik bidaiatu eta beste organo batean ezartzea lortu duena.

Egungo terapiak: arazoak eta erronkak

Gaur egun, tumore primario gehienak sendatu egin daitezke garaiz diagnostikatzen badira, sakabanatu eta metastasia sortu aurretik. Hala ere, tumore mota horietako gutxi batzuk, pankrea edo garuneko batzuk adibidez, ezin dira sendatu.

terapia
2. irudia: gaur egun, tumore primario gehienak sendatu egin daitezke garaiz diagnostikatzen badira. (Argazkia: Tara Winstead – Pexles lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Hauek dira egungo tratamendu ohikoenak: kirurgia, kimioterapia (arin zatitzen diren zelulak hiltzen dituzten farmako kimikoak) eta erradioterapia (tumore-zelulak suntsitzen dituzten erradiazioak ematea) dira. Kontua da tratamendu horiek albo ondorio asko sortzen dituztela eta pazienteen osasunean eragin handia dutela. Hori dela eta, hain agresiboak ez diren soluzioak bilatu behar dira.

Eta, horrez gain, metastasiaren aurkako farmakoak ere garatu behar ditugu. Izan ere, tumore primarioak ez bezala, ia ezinezkoa da metastasikoak sendatzea.

Minbiziaren aurkako farmako berriak garatzea helburu duen ikerketak fronte asko ditu irekita, baina bi nabarmenduko ditut: immunoterapia eta nanoteknologia.

Immunoterapiaren funtzionamendua

Gure immunitate-sistemak aurre egiten die kanpoko erasoei, birus edo bakterio forman iristen zaizkigun horiei. Baina, horrez gain, kalteren bat izan duten eta anomaloak diren gure zelulak ere suntsi ditzake, hala nola zelula tumoralak. Hala ere, zelula horietako batzuek immunitate-sistema saihesteko edo baita blokeatzeko ahalmena ere garatu dute.

2018an, James P. Allison eta Tasuku Honjo ikertzaileek Medikuntzako Nobel saria jaso zuten tumoreek immunitate-sistema blokeatzeko erabiltzen dituzten mekanismoak aurkitu zituztelako. Egun, mekanismo horien aurkako farmakoak erabiltzen ari dira jada, eta espero da etorkizunean horietan oinarritutako terapia gehiago garatzea.

Immunitate-sistemarekin lotutako beste teknika bat CAR-T zeluletan oinarritutako terapia da. Teknika horren bidez, pazientearen immunitate-sistemako zelula mota bat erauzten da (T linfozitoak), eta laborategian manipulatzen dira tumore-zelulei eraso egiten ikas dezaten. Eta gero, pazienteari sartzen zaizkio berriro.

CAR-T zelula baten irudikapena, minbizi zelula bati eraso egiten ari dela. Nemes Laszlo/Shutterstock

Momentuz, terapia hori minbizia mota batzuetan funtzionatzen ari da, hala nola leuzemietan eta linfometan; baina espero da etorkizunean tumoreen beste modalitate batzuetara ere aplikatu ahal izatea.

Nanopartikulak zuzenean jomugara

Nanoteknologia material ñimiñoak (100 nanometrotik beherakoak; nanometro bat milimetro bat baino 100 000 aldiz txikiagoa da) erabiltzean oinarritzen da. Tamaina hobeto imajina dezazun, arkatz baten puntaren lodiera milimetro batekoa da. Egitura txiki-txiki horiek farmakoak garraiatu eta zuzenean tumore-zeluletara joan daitezke. Horrela, medikamentuek eragin zuzenagoa dute, albo-ondorioak saihestuta eta efizientzia hobetuta.

Nanopartikulek farmakoak eraman ditzakete zuzenean tumore-zeluletara.

Nanoteknologia esparru oso zabala da, aldagai asko dituena, eta gehien lantzen ari den aukeretako bat hipertemia da. Horren helburua da berotzeko gaitasuna duten nanopartikulak erabiltzea; izan ere, tenperatura altuetara iristean, tumore-zelulak kaltetzen dituzte ehun osasuntsuei eragin gabe.

Artikulu honetan itxaropen handiak jarri diren bi terapia mota aipatu nahi izan ditut. Baina ez nuke artikulua amaitu nahi gutxienez beste esparru itxaropentsu batzuk aipatu gabe, hala nola adimen artifiziala, eredu matematikoak eta terapia genikoa. Espero dezagun etorkizun hurbilean horien guztien emaitza arrakastatsuak ere hemen kontatzea.


Egileaz:

Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.


Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Cómo se tratará el cáncer en el futuro? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: tcesjunior@theconversation.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.