Bakterioak gertuko pertsonekin partekatzen

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gugan bizi diren bakterioen geneek gure geneek egiten dituzten funtzio biologikoen osagarria gisa jarduten dute. Mikrobiota deitzen diogu bakterio horien guztien multzoari eta aldatzen doa jaiotzen garenetik. Izan ere, mikrobiotak aldakortasun handia du, bai denboran zehar, bai pertsonaz pertsona. Mikrobiotaren osaketan eragina izan dezakete dietak, bizimoduak eta norberaren geneek, baina bakterio horiek nonbaiten izan behar dute jatorria.

Bakterio gutxi batzuek giza gorputzetik kanpo bizitzeko gaitasuna dutenez, pentsatzekoa da beste pertsona batzuk izan daitezkeela gutako bakoitzak dituen bakterioen jatorria. Jakina da bakterioak hesteetara heltzen direla amak haurrari jaiotzean transmitituta, baina dagoen bakterio-dibertsitatea ezin daiteke soilik bide horren bidez azaldu. Egia esan, ez da asko ikertu bakterioak nola eskuratzen diren, indibiduo artean nola transmititzen diren eta populazioan nola barreiatzen diren, halako ikerketak egitea zaila baita. Lan berri batek aztertu ditu gizakiok partekatzen ditugun bakterioak, mikrobiotaren transmisioa nola gertatzen den hobeto ulertarazteko.

Bakterioak
1. irudia: bakterioak partekatzen ditugu gertuko pertsonekin (Argazkia: qimono – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Lan hori egiteko erabili ziren jada eskuragarri zeuden 23 datu-sorta eta lanerako espreski egindako 8 datu-sorta. 31 datu-sorta horietan eskuragarri zeuden pertsonen arteko harremanei buruzko informazioa eta zazpi milatik gora gorotzetako bakterioen eta bi mila listutako bakterioen gene-informazioa. Datu-sorta horiek lortu ziren bost kontinenteetako hogei herrialdetatik, eta hainbat bizimodu ordezkatzen zituzten.

Bakterioen gene-informazioa aztertu zen lan horretarako berariaz garatutako metodoen bidez. Helburua zen zehaztu ahal izatea zer bakterio-andui agertzen ziren laginetan, ez soilik bakterio-espezieak, halako lanetan egin ohi den bezala. Anduiak dira bakterio-espezieen barruan dauden aldaerak eta oso ezberdinak izan daitezke beren artean –erraldoia da bakterio-espezie baten barruan dagoen aldakortasuna gene-informazioan–. Anduiak identifikatzea lehenetsi zuten, batetik, anduiek hilabeteak pasa ditzaketelako pertsona baten hesteetan eta, bestetik, harremanik ez duten pertsonek partekatzen ez dituztelako, ez bada gertatu transmisio zuzena edo ez-zuzena. Gainera, analisietatik ezabatu egin zituzten elikagaietatik etorri daitezkeen bakterioak, batera lortutako bakterioak ez nahasteko transmisio-gertaera batekin.

Bakterioen partekatzerik altuena amen eta jaioberrien artean aurkitu zen eta haurren adina aurrera zihoan heinean apalagotuz joan zen partekatutako bakterioen kopurua. Lehenengo urtean, bakterioen erdia partekatzen zuten; 1-3 urteetan, aldiz, behin titia kendutakoan eta mugitzen hastean, laurden batera jaitsi zen partekatutako bakterioen kopurua. 3 urtetatik aurrera egonkortu egiten da amak eta haurrek partekatzen dituzten bakterioen kopurua –%15-19 artean– eta helduetan ere ikusten da amaren efektu hori mikrobiotaren osaketan. Ikertzaileen ustez, eragin iraunkor hau gerta daiteke jaiotzean amak eragindako mikrobiotaren osaketari gehitzen zaiolako partekatutako ingurumena.

Bakterioak
2. irudia: gure amak dira ditugun bakterioen iturburu nagusia (Argazkia: timkraaijvanger – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Jakina zen batera bizi diren pertsonen mikrobiota antzekoa zela, baina ezezaguna zen antzekotasun hori transmisioaren ondorioa ote zen ala antzeko baldintzetan bizitzearen ondorio. 212 etxetan bizi ziren 883 pertsonaren bakterioen gene-datuak aztertuta –lau kontinentetako zortzi populaziotakoak, landa-eremuetakoak, garatzen ari diren herrietakoak eta herri industrialetakoak-–, ikusi zuten etxe berean bizi ziren pertsonek bakterio gehiago partekatzen zituztela elkarren artean populazio horietako beste pertsonekin baino. Hala, partekatze hau adinaren araberakoa izan zen: zenbat eta adinez nagusiagoa pertsona, txikiagoa izan zen senideekin partekatutako bakterio-kopurua.

Bestalde, guraso-haur, haurride eta bikote harremanak aztertu ziren eta konparaketa guztietan bakterio gehiago partekatzen zituzten halako taldeek haiekin bizi ez diren pertsonekin baino, hau da, etxe berean bizitzeak eragina zuen bakterioen transmisioan. Eragin hau denboran zehar irauten ote zuen aztertu zuten bikien datuak erabilita. Hala, ikusi zuten zenbat eta urte gehiago aldenduta bizi, orduan eta bakterio gutxiago partekatzen zutela bikiek.

Batera bizi ez diren pertsonek partekatzen dituzten bakterioen kopurua arbuiagarria bada ere, herri berean bizi diren pertsonek bakterio gehiago partekatzen dituzte elkarren artean beste herri batzuetan bizi direnekin baino. Hala, badirudi estuak ez diren pertsonen arteko harremanetan ere partekatzen direla bakterioak eta gertaera horretan eragina izan dezakeela populazioaren egiturak.

Bakterioak
3. irudia: harremana estua izan ezean, zaila da bakterioak partekatzea (Argazkia: blende12 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Orain arte aipatutako emaitzen oinarria gorotzetako bakterioen gene-informazioarekin egindako analisiak izan dira. Pentsatzekoa da ahoan dauden bakterioen transmisioa errazagoa dela, listua bera transmisio-bidea delako. Ahoko bakterioen gene-informazioarekin egindako analisiek antzeko joerak erakutsi zituzten. Salbuespenak izan ziren guraso-haur arteko partekatzea handitu zela adinarekin eta bikoteek partekatze handiagoa izan zutela gainontzeko harremanek baino. Hortaz, ikertzaileek iradokitzen dute elkarrekintza estuko etxeetan bakterioen ahozko transmisioa indartzen dela.

Laburbilduz, elkarrekin bizi diren pertsonek bakterio gehiago transmititzen diote elkarri, batez ere amek beren haurrei. Atsotitzak dioen bezala, “Nolako ama, halako alaba” bai eta semea, bakterioen osaketari dagokiola bederen. Gainera, harremana zenbat eta estuagoa izan, altuagoa da partekatzen den bakterioen kopurua. Eta, beno, bakterio gutxiago partekatu nahi badituzue, egin kasu Josu Lopez-Gazpiori eta jaitsi komuneko tapa.

Erreferentzia bibliografikoa:

  • Valles-Colomer, Mireia; Blanco-Míguez, Aitor; Manghi, Paolo; Asnicar, Francesco; Dubois, Leonard; Golzato, Davide; Armanini, Federica; Cumbo, Fabio; Huang, Kun D.; Manara, Serena; Masetti, Giulia; Pinto, Federica; Piperni, Elisa; Punčochář, Michal; Ricci, Liviana; Zolfo, Moreno; Farrant, Olivia; Goncalves, Adriana; Selma-Royo, Marta; Binetti, Ana G.; Becerra, Jimmy E.; Han, Bei; Lusingu, John; Amuasi, John; Amoroso, Loredana; Visconti, Alessia; Steves, Claire M.; Falchi, Mario; Filosi, Michele; Tett, Adrian; Last, Anna; Xu, Qian; Qin, Nan; Qin, Huanlong; May, Jürgen; Eibach, Daniel; Corrias, Maria Valeria; Ponzoni, Mirco; Pasolli, Edoardo; Spector, Tim D.; Domenici, Enrico; Collado, Maria Carmen; Segata, Nicola (2023). The person-to-person transmission landscape of the gut and oral microbiomes. Nature, 614, 125-135. DOI: 10.1038/s41586-022-05620-1

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.