Asteon zientzia begi-bistan #433

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

baso

Ingurumena

Itsas biologoek detektatu dutenez, itsas espezieek desagertzeko joera dute orain. Standford Unibertsitateko ikerketa talde batek oraingo espezie-desagerpen tasa ezagutzen ditugun aurreko beste desagerpen batzuekin alderatu dute, erregistro fosilari esker. Emaitzen arabera, gaur egungo desagertzea gogorragoa da tamaina handiko animalientzat, eta arinagoa mugitzen direnentzat. Egileek diote giza jarduerak eragiten diela gehien animalia handienei. Hala desagertu ziren mamutak, moak dortoka erraldoiak, eta orain itsasoan berdina gertatzen ari da zetazeoekin. Desagertze horren arrazoi nagusia arrantza litzateke ikertzaileen arabera, zehazki, ausazko arrantza. Koralezko arrezifeak ere egoera tamalgarrian lirateke, eta ostrak ere desagertzen ari dira. Azalpenak Zientzia Kaieran: Itsasoetako desagertzea.

Basoa fundazioak basogintzari buruzko jardunaldia antolatu du aste honetan, eta gonbidatuetako bat da Maria Menendez Miguelez mendi ingeniaria. Klima-aldaketaren arintzearen alorrean lan egiten du Menendezek, baso kudeaketa jasangarria lortzeko helburuarekin. Azaldu duenez, Espainian dagoen arazo handienetako bat baso suteena da. Izan ere, baso-garbiketak urte osoan zehar egin behar direla dio, ez soilik udan. Bestalde, baso espezieen monolaborantzak eta biodibertsitatea bateragarriak izan daitezke dio, horiek modu egokian kokatuz gero. Hau da, gakoa espezie bakoitzak bere lekua izatea da, eta ez baso guztiak monolaborantzez ordezkatzea. Gainera, klima-aldaketa arintzeko basoek karbono hustuleku gisa betetzen duten rola azpimarratu du adituak. Datu guztiak Alea aldizkarian: “Baso monolaborantzek ez dute zertan kaltegarri izan”.

Astronomia

44 unitate astronomikora dagoen Quaoar objektuan eraztun sistema bat atzeman dute. Aurkikuntza hori bi arrazoiengatik da ezustekoa. Lehenik eta behin, hain urrun dagoen objektu batean eraztunak atzematea ez da gauza arrunta, eta gainera, eraztun horiek ohikoa baino askoz urrunagotik orbitatzen dutela Quaoar objektua. Gutxi gorabehera 1.100 kilometroko diametroa du Quaoarrek, eta Weywot izeneko ilargi txikia ere badu inguruan. Bada, objektu horrek Roche-ren muga gainditzen duen eraztun bat du inguruan, eta orain arte, muga horrek zehazten zuen satelite bat modu egonkorrean egon zitekeen eremua. Quaoarren eraztunak aldiz, birritan gainditzen du distantzia hori. Aurkikuntza honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Quaoar, inork espero ez zuen eraztunaren jabea.

NASAk berretsi du Artizarrak jarduera bolkanikoa duela. Espazio-agentzia estatubatuarraren Magallanes zundak 1991n jaso zituen radar-datuen berrikuspen batek baieztatu du esandakoa. Zunda horrek Atla Regio izeneko eremuan tximinia bolkaniko baten forma- eta tamaina-aldaketak jaso ditu zortzi hilabetean zehar. Hain zuzen ere, frogatu dute tximiniaren neurria bikoiztu egin dela, eta barrualdea labaz bete dela. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Nature Astronomy aldizkariko artikulu batek ohartarazi du sateliteek eta espazioko hondakinek ere argi-poluzioa eragiten dutela. Elementu horiek gaueko iluntasunean sortzen duten distira kalkulatu dute, eta azaldu dute argi gehigarri horrek behatokien kostua asko handitu dezakeela, behaketak egiteko iluntasuna behar delako, eta, beraz, esposizio-denbora askoz handiagoak beharko direlako. Hala, satelite-konstelazioen eta argi artifizialaren ugaritzea geldiarazteko neurriak eskatu dituzte. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

UPV/EHUko eta Biocruces Bizkaia Ikerketa Institutuko ikertzaileek frogatu dute amaren obesitateak fetuaren garapenari eragin diezaiokeela. Ondorio horretara iristeko, ikertzaileek aztertu dute nola eragiten duen amak haurdunaldiaren hasieran duen gorputz-masaren indizeak plazentaren eredu molekularretan. Zehazki, plazentako DNAren metilazioak aztertu dituzte, amez eta seme-alabez osatutako 2.631 bikoteetan. DNAren metilazioan aldaketak hautematen diren 27 leku identifikatu dituzte bikote horietan, eta leku horietako asko obesitatearekin lotutako geneetatik hurbil daudela ikusi dute. Bestalde, minbiziaren eta oxidazio-estresaren bide metabolikoz aberastuta daude. Emaitza horiek iradokitzen dute obesitateak baduela eraginik plazentaren funtzionamenduan eta fetuaren hazkundean. Datuak Zientzia Kaieran.

Jeremy D. Walston irakasleak adindunen ahultasunaren jatorri biologikoa, egoera horren prebentzioa eta tratamendua ditu ikergai. Horretarako, adimen artifizialaz eta teknologia berriez baliatzen da. Walstonek azaldu du ahultasunaren prebentzio-estrategia nagusia kirol jarduerak direla. Bestalde, elikadurak ere eragin handia duela azaldu du; karbohidrato askoko edo karbohidrato sinpleko dieta batetik dieta mediterraneo batera aldatzen ahultasuna murrizten dela ziurtatu du. Oro har, Walstonen ikerketak frogatu du teknologia berriak, elikadura egokia eta ariketa fisikoa gakoak direla osasuntsu zahartzeko. Datu guztiak Berrian: «Errealitate birtuala erabiltzen dugu adinekoak laguntzeko».

Lide Arana EHUko Kimika Aplikatuko irakaslea da, eta Berriako artikulu batean lipidoen eta hauek gaixotasun kardiobaskularrekin duten erlazioaz aritu da. Teknika berriei esker, azken urteotan esfingolipido deituriko lipido talde misteriotsu batek osasun egoeran eragin nabarmena duela jakin ahal izan da. Esfingolipidoek zelulen hazkuntza, heltze, heriotza edota migrazio prozesuak erregulatzen dituzte. Orain, froga kimiko berrietan ikusi da esfingolipido mota zehatz batzuen odoleko kontzentrazioek osasun arazoak aurresateko gaitasun hobea izan dezakete kolesterol kontzentrazioak baino. Gainera, adituek diotenez, beste hainbat gaixotasunekin ere zerikusia izan dezakete molekula hauek, besteak beste, 2 motako diabetesarekin, obesitatearekin eta gibel gantzatsu ez-alkoholikoaren garapenarekin. Azalpenak Berrian: Lipido misteriotsuak.

Psikolinguistika

Esti Blanco-Elorrieta psikolinguista da, eta elebitasunaren neurozientzia ikertzen dihardu Harvard Unibertsitatean. Elebitasunaren inguruan hizketan, azaldu du bi hizkuntzak ez daudela nolabait bananduta burmuinean, maila anatomiko edota kognitiboan. Horren ordez, sistema bakarrean batzen ditugu hizkuntza denen arauketak, eta gero aukeratzen dugu berbak hizkuntza batean edo bestean erabili. Bestalde, baieztatu du hizkuntzak hobeto ikasten direla txikitan, ez hainbeste hitzak errazago gogoratzen direlako, baizik eta soinuen sistemagatik, eta baita gramatika eta sintaxiagatik ere. Gaur egun, afasia ikertzen du Blanco-Elorrietak, eta zehazki, nola erabili daitekeen elebitasuna afasiaren tratamenduan. Ikertzaile honi buruzko informazio gehiago Berrian: «Elebitasunaren kontrako iritziek ez dute zerikusirik zientziarekin».

Teknologia

Botikak inprimatzeko 3D bioinprimagailua aurkeztu dute Leskarai ikergunean. Victor Guarnizo Tecnaliako ikertzaileak azaldu duenez, edozein tamainatako, zaporetako eta itxuratako botikak sortzeko aukera emango du inprimagailuak, guztiak pazientearen beharren araberakoak. Hau da, hainbat botika ezberdin denak pilula bakarrean izatea ahalbidetzen du inprimagailu honek, eta gainera, gozoki baten itxura eta zaporea ematen dio. Inprimatze prozesu osoa automatikoki egin zuen bioinprimagailuak, eta pare bat minutu irauten ditu inprimatze prozesuak. Oraingoz, ordea, ikerketa-helburua duen inprimagailua da, eta, ez dute ospitaletan ezarriko. Informazio gehiago Berrian: Pilulen ordez, izar gozokiak.

Argitalpenak

Aste honetan, Zientzia Kaierak ZIO Bildumarekin elkarlanean eginiko atalean, 2009an Jerry Coyne biologoak idatzitako Zergatik den egia eboluzioa liburua aurkeztu dute. Jerry Coyne-k ongi laburbildu du liburu honetan zer den eboluzioa eta zer baieztatzen duen zehazki hari buruzko teoriak. Tarteka Darwinen hitzak hizpidera ekarriz, eboluzioaren aldeko hainbat froga azaltzen ditu. Coynek berak, bere ikerketa eboluzioaren froga enpirikoak eskuratzera bideratu du, prozesu horrek sorturiko eredu genetikoak ulertuz. Chicagoko Unibertsitateko Ekologia eta Eboluzioa Sailean dihardu irakasle.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.