Asteon zientzia begi-bistan #409

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

BakeYourResearch
BakeYourResearch

Osasuna

IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak apirilean atera zuen klima-larrialdiaren egoerari buruzko azken txostena. Bertan, osasun ondorioei atal bat eskaini diote. Beste hainbat arazoren artean, klima-larrialdiak buruko osasunean eragiten duela ziurtatu dute. Ondorio hauek ikusita, adituek diote politika orotan lehenetsi behar da osasuna. Aline Chiabai, BC3 Klima Aldaketarako Euskal Zentroko ikertzaileak, giza osasunaren ikuspegi gero eta osoago bat behar dela dio, eta “osasun bakarra” deituriko ikuskera hartu du ardatz bere ikerketan. Nafarroan jada ezartzen ari dira neurriak honen inguruan, LIFE-IP Nadapta-CC proiektuaren bidez. Egitasmo honetan, klima aldatzeak dakartzan ondorioak neurtu, eta horiek gizakien osasunari mehatxu egiten dietenean prebentzio neurriak proposatzen dituzte.

Biologia

Lehen ornodun barailadunen fosilik zaharrenak aurkitu dituzte Txinako hegoaldean. Siluriarraren hasierako arrain-fosilen multzo bat da, 439 eta 436 milioi urte artekoak, eta, besteak beste, ezagutzen diren ornodun barailadun zaharrenak deskribatu dituzte; baita barailadun baten hortzik zaharrena ere. Batez ere, plakodermoak eta kondriktieak aurkitu dituzte; baita barailarik gabeko espezie bat ere. Orain arte ezagutzen zen arrain barailadun baten fosil zaharrena duela 425 milioi urtekoa zen. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Soziologia

Ikertzaile talde iparramerikar batek egindako ikerketa batek frogatu du ikerketa-taldeetako emakumeek gizonek baino aukera gutxiago dituztela dagokien lanen egiletza aitortzeko. Azaldu dutenez, arazoa ez da emakumeek ez dutela ekarpenik egiten, baizik eta ez dituztela errekonozitzen. Hau da, emakumeek gizonek baino askoz aukera gutxiago dituzte beren lanagatik aintzatespenak, sariak, sustapenak eta ikusgarritasuna jasotzeko. Desabantaila hauengatik, emakumeek beren buruarekiko duten konfiantza falta areagotu egiten da, beren ekarpenen aintzatespenik ez dagoela ikustean. Arazo hau konpontzen lagundu nahi du #BakeYourResearch mugimenduak. Azalpenak Zientzia Kaieran: Nola egin tarta bat zure ikerketaren emaitzekin.

Teknologia

UPV/EHUko “Materialak+Teknologia” ikerketa-taldeak 3D inprimaketa bidez zenbait almidoi-motatan oinarritutako konprimatuak garatu ditu. Artoa eta patata erabili dituzte lehengai gisa, eta honen almidoiaz baliatuz terapia pertsonalizatuak posible izatea dute helburu. Izan ere, medikamentu konbentzionalak helduen dosian oinarritzen dira, eta, beraz, paziente pediatrikoek eta adinekoek beren adinerako egokiak diren dosiak behar dituzte. Konprimatu hauek, bestalde, farmakoa askatzeko modua doitzeko aukera ematen dutela ikusi dute ikertzaileek. Arto-almidoiarekin botika berehala askatzen da, gehienez 10 minutuan. Waxy arto-almidoiaren eta patata-almidoiaren kasuan, bestalde, botika modu jarraituagoan askatzen da. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Geologia

Blanca Martinez geologoak Silent Hill filmean irudikatzen den giro goibelaren azalpen zientifikoa eman du Zientzia Kaieran. Herri fantasma hartan errauts euri mehe bat erortzen da etengabe, eta guztia mantu grisaxka batek biltzen du. Bada, filma hau Pensilvaniako Centralian grabatu duten, 1960ko hamarkadan erabat erre zen herria. Herri honek meatze asko ditu inguruan, eta egun batean meategi horietako batek sua hartu zuen, ikatzaren gainazaleko zain batera heldu zen eta sua kontrolik gabe zabaldu zen herrian. Izan ere, ikatza karbonoz osatuta dago nagusiki, eta txinparta batekin gaitasun handia du erretzeko.

Psikologia

Robin Dunbar britaniarrak gazteen harreman aldaketak aztertu ditu, zehazki batxilergoko ikasketen amaiera eta unibertsitate ikasketen hasiera barne hartzen dituen 18 hilabeteko aldian. Ikerketak ezagutarazi du ikasleen gizarte-sareko pertsonen % 40 berritu egin zela hilabete horietan zehar, eta normalean, harreman berriek galtzen ziren harremanen lekua hartzen zutela. Bestalde, unibertsitate aurreko harremanak mantentzeko, neskak elkarrizketak baliatzen zituztela ikusi zuten, bai aurrez aurre, bai telefono bidez. Mutilen kasuan, ordea, beste pertsonekin egiten ziren jarduerek zuten eragin gehien. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Laguna nor den baizik lagunak izatea da benetan garrantzizkoa.

Miren Berasategi Zeberio Komunikazioan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean 2004an, eta Komunikazioan doktorea da 2020tik. Bere tesia antsietate matematikoaren inguruan egin zuen. Kontzeptu hau zera da, zenbakien edo eragiketa matematiko sinpleen aurrean agertzen den antsietatea. Antsietate mota honek ondorio zuzenen artean ditu halako egoerak saihesteko joera, eta errendimendu gutxitua. Antsietateak lan-memoria itsutuz eragiten du, emozio-egoera ezkorra eta honi lotutako pentsamendu intrusiboak sortzen direlako. Horregatik, Berasategik dio beharrezkoa dela trebatzearekin batera antsietatea ere kontuan izatea. Informazio gehiago Unibertsitatea.net webgunean: Miren Berasategi: “Antsietate matematikoa duten pertsonek gaitasun matematikoak erabiltzeko zailtasunak dituzte, eta eragina du errendimenduan”.

Astronomia

Asteroide bat bere orbitatik desbideratu du DART misioak. Misio honen azken xedea asteroideen orbita desbideratzeko sistema bat probatzea da, etorkizunean, Lurraren aurka jo dezaketen asteroide mehatxagarriekin erabiltzeko. Proba hau, beraz, arriskutsua ez zen objektu espazial batekin egin dute, Dimorphos asteroidearekin, hain zuzen. Helburua talkak asteroidetik askatuko duen materiala neurtzea izan da, horren araberakoa izango baita orbitaren desbideratzea. NASAk azaldu duenez, asteroidearen erditik 17 metrora jo dute, segundoko 6,6 kilometroko abiadan, eta kalkulatu dutenez, horrek segundoko 0,4 milimetroko abiadura aldatuko dio Dimorphosi. Berri hau Elhuyar aldizkarian, Sustatun eta Berrian irakur daiteke.

Ingurumena

Saioa Domingo ikertzaileak farmakoek ingurumenean duten inpaktuari buruz doktoretza tesia egin zuen. Farmakoak ezinbestekoak dira gizakiontzat, baina, ingurumenean agertzen direnean, eragina izan dezakete beste izaki bizidunetan eta ekosistemetan. Domingok azaldu duenez, Yorkeko Unibertsitateak ikerketa bat egin du orain arte ikertu gabeko 36 herrialdetako ibaietan, eta bertan frogatu dute farmakoen kutsadura arazo globala dela. Gainera, gaur egun, araztegiek ez dituzte guztiz ezabatzen farmakoak, eta naturara isurtzen dira, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna kaltetuz. Azalpenak Berrian.

Kutsadura handiko eremuetan, plastikoen degradazioak itsasoko uraren pHa 0,5 murriztea eragin dezake, Bartzelonako Itsas Zientzien Institutuko ikerketa-talde batek ikusi duenez. Ikerketa honek argitu du plastikoak degradatzean, uretara azido organikoak askatzen direla. Azido hauek polimero plastikoen eta gehitzen zaizkien gehigarrien osagaiak dira. Honetaz gain, frogatu dute eguzki-erradiazioak plastiko zaharkituak fotooxidatzen dituela, eta horren ondorioz sortzen den CO2-ak ere zuzenean eragiten du uraren pH-a murriztea. Hain zuzen, azidifikazio-maila hau CO2-aren igorpen-tasa ezkorrenetan, mende honen bukaerako eta ozeano zabalean aurreikusia dagoen maila bera da. Honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian irakur daiteke.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..