Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Biologia
Urtarrilaren 16 eta 21 bitartean hiru itsas txakur grisek bisitatu zituzten gure hondartzak. Kantauri itsasora iristen diren itsas txakur gehienak itsas txakur grisak dira (Halichoerus grypus) eta iparraldeko itsasoetatik datoz, Bretainiatik, zehazki. Itsas txakur emeek denbora laburrez zaintzen dituzte beren kumeak jaioberriak direnean, eta, beraz, kumeak esperientziarik gabe sartzen dira itsaso zabalera ehizatzera. Horietako batzuk, orientazioa galdu eta asko aldentzen dira umatze-kolonietatik, eta horregatik iristen dira, batzuetan, euskal kostaldera arte. Bidaia luze hori arrakastaz gauzatzen dutenak berriro itzuliko dira umatze-kolonietara, eta horrela ixten da animalia hauen bizi-zikloa. Datuak Zientzia Kaieran: Itsas txakurra: bisitari bat euskal kostaldean.
Zebra-arrainekin egindako ikerketa batean, ondorioztatu dute oxitozinaren funtzioa ebolutiboki oso primitiboa izan daitekeela. Azterketa horretan ohartu ziren zebra-arraiak gai direla beren kideen beldurra detektatzeko, eta, gainera, zirrara hori elkarren artean kutsatzen dela. Zehazki, oxitozina hormonak eragiten du prozesu guzti hau, gizakietan eta beste ugaztunetan enpatiarekin lotzen den hormonak, hain zuzen. Beraz, ikertzaileek pentsatzen dute enpatia-modu horren oinarriak duela milioi urte asko sortu zirela, eta iraun egin duela eboluzioan. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
EHUko ikertzaile batzuek argitu dutenez, gune naturaletako erlauntzen eta beren erleen mikrobiota hobea da nekazaritza eremuetakoa baino. Iratxe Zarraonaindia Ikerbasqueko ikertzaileak azaldu duenez, bakterioek, onddoek, legamiek eta abarrek osatzen dute mikrobiota, eta izakien osasunean garrantzi handia dute. Bada, azterketa honekin ikusi dute nekazaritzak eta monolaborantzek eragina dutela mikrobiotan, eta horrek eragina duela, era berean, erlauntzaren osasunean. Izan ere, eremu antropizatuetan pestizida eta patogeno gehiago daude erleentzat, eta horrek erleen nutrizio txarra eragiten du. Hala, mendebaldeko erle arrunta arriskuan dago gizakien menpe dauden eremuetan jasaten dituzten zenbait estres faktorerengatik. Informazio gehiago Berrian: Nekazaritzatik aldenduta, hobeki.
Botanika
Ikerketa batean frogatu dute tomate- eta tabako-landare estresatuek beren egoera adierazten dutela soinuaren bidez, eta metro batera ere detekta daitekeela. Estres hori landareak lehortuta daudenean edo zurtoina moztuta dutenean sortu daiteke, eta egoera horietan, giza solasaren pareko bolumena duten soinuak igortzen dituzte. Pertsonak ez dira gai soinu horiek entzuteko, haien maiztasuna altuegia baita, baina, ikertzaileen esanean, oso litekeena da beste ugaztun batzuek eta intsektuek haiek entzutea, eta, seguru asko, baita beste landare batzuek ere. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Landare estresatuek soinuz adierazten dute beren egoera.
Ingurumena
Argitaratu berri den ikerketa baten arabera, animalia basatien populazioak berreskuratzea oso onuragarria litzateke klima-larrialdiari aurre egiteko. Populazio horiek berreskuratuko balira, asko hobetuko litzateke karbonoaren harrapaketa eta metaketa naturala, eta, beraz, klima-aldaketa leuntzen lagunduko luke. Lan honetan ikertzaileek bederatzi animalia edo animalia-talderen eragina kalkulatu dute karbonoaren-zikloan, eta ikusi dute urtean 6,4 mila milioi tona CO2 gehiago harrapatzea lor litekeela horien populazioak osasuntsu mantentzen badira. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Klima-aldaketa
IPCCren azken sintesi txostena argitaratu berri da, eta oro har, inpaktu handia duten bi ideia plazaratu dituzte bertan. Batetik, gaur egungo egoeratik abiatuta (1,1°Cko beroketa), etorkizunerako bost agertoki erakusten ditu, eta urte desberdinetan jaiotako belaunaldiek jasango dituzten beroketa mailak azpimarratzen ditu. Bestetik, berotegi-efektuko gasen egungo emisioekin jarraituz gero, kalkulatu dute mende amaierarako 3,2°C igoko litzatekeela tenperatura. Bestalde, “nahikotasuna” (jatorrian, sufficiency) hitza erabili dute txostenean zehar, gizarteak izan beharko lukeen jarrera definitzeko. Zera litzateke nahikotasuna: Energiaren, materialen, lurraren eta uraren eskaria saihesten duten eta, aldi berean, planetaren mugen barruan giza ongizatea ematen duten eguneroko neurri eta jardunbideen bilduma. Datuak Gara egunkarian: Bi grafiko eta hitz bat, klima larrialdian nabigatzeko iparrorratz.
Zientziaren komunikazioa
Zientziaren oinarrietako bat emaitzen komunikazioa da, eta komunikazio hori, nagusiki, zientzia-aldizkarien bitartez egiten da. Gainera, zientzialari baten “balioa” askotan argitaratuta dituen artikulu kopuruarekin neurtzen da, eta horrek, azken urteetan ikerketen eta artikulu zientifikoen kalitatea murriztea ekarri du. Hala, epe luzean, ikerketa sakonak geroz eta urriagoak izango direla pentsatzen da, eta osotasuna duten lanak topatzea zailagoa bilakatuko da. Honetaz gain, zientzia-artikuluak argitaratzeak badu beste berezitasun bat gaur egun. Izan ere, artikulu zientifikoen idazleek ez dute ordainsaririk jasotzen artikuluak idazteagatik, ezta artikulua berrikusi duten ikertzaileek ere; argitaletxeak, aldiz, behin artikulua argitaratuta, aldizkarirako sarbidea kobratuko du kasu gehienetan. Gai honen inguruko informazioa Zientzia Kaieran kontsultatu daiteke: Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (I).
Soziologia
AEBko bi zientzia-akademia nagusik emakumeak lehenetsi dituzte azken 20 urteetan. AEBko Zientzia Akademia eta Arteen eta Zientzien Akademian dira erakunde horiek, eta ikerketa berri batek ikusi du, haietan sartzeko, emakumeak lehenetsi dituztela, argitalpen- eta aipamen-historial beretsuko gizonezkoekin alderatuta. EHUko Nagore Iriberri Etxebeste izan da ikertzaileetako bat, eta, ikerketaren arabera, duela 60 urte emakumezkoek probabilitate txikiagoa zuten akademiko gisa hautatuak izateko psikologia, ekonomia eta matematika arloetan. Gaur egun, bestalde, emakumezkoek 3 eta 15 bitarteko probabilitate handiagoa daukate AAAS eta NAS erakundeetako kide gisa hautatuak izateko. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran eta Elhuyar aldizkarian irakur daiteke.
Argitalpenak
Aste honetan Zientzia Kaierak ZIO Bildumarekin elkarlanean eginiko atalean, Epigenetikaren iraultza liburua proposatzen da. Bertan, Nessa Carey autoreak zientzia berri horren bilakabidea azaltzen, urratsez urrats egin diren aurkikuntzak aurkeztuz, eta aurkikuntza horiek gizakiontzat dituen ondorio nabarmenak azalduz. Nessa Carey Edinburgoko Unibertsitateko birologiako doktorea da, eta Biologia Molekularreko ikerketaburu izan da Londresko Imperial College-n.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.