Artizarrak sumendi aktiboak dituela dioen behin betiko froga?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Lurra eta Artizarra, tamaina eta konposizio berdintsukoak izan arren, oso eboluzio geologiko eta atmosferiko ezberdinak izan dituzten bi planeta dira. Egin dituzten bideak hain izan dira bereiziak, non esan baitezakegu, itxuraz, elkarren oso antz txikia dutela.

Artizarra gure planeta “bikia” izanda, espero izango ez genituzkeen desberdintasun ugari aurkezten ditu Lurrarekin alderatuta, eta, ondorioz, haren irudia arraroa suerta dakiguke, besteak beste, honako ezaugarri hauek dituelako: gainazaleko tenperatura izugarri altuak –kontrara, gure planetako tenperaturak ur likidoa eta bizitza ahalbidetzen ditu–, plaken tektonikarik ez egotea –izan ere, plaken tektonika propietate emergente bat al da planeta harritsuetan edo Lurraren bitxikeria bat baino ez da? – eta sumendi aktiboen existentziaren froga urriak –nahiz eta Lurrarekin dituen antzekotasunak direla-eta oraindik planeta aktiboa izan beharko lukeen–.

Azken urteetan –batez ere, azken hamarkadan–, Artizarrari buruzko gure ikuspegia aldatzen hasi da; izan ere, azkenaldiko misioek eskuratutako datuen bidez ez ezik, duela hogeita hamar urte baino gehiago hartutako datuen azterketaren eta berrinterpretazioaren bidez ere, planeta horren jarduera geologikoari buruz dakiguna argitzen hasi gara.

sumendi
1. irudia: gauza batzuetan antzeko planetak dira, baina badira zenbait forma, hala nola venusiar “krepe” hauek –pancake domes, ingelesez–, Lurrean baliokiderik ez dutenak. Laba domoak direla uste da –kasu horretan 65 kilometro inguruko diametroa dute eta metro bat baino gutxiagoko altuera, eta sabai oso laua–. (Argazkia: NASA/JPL. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Izan ere, jarduera geologikorik ez ikusteak ez du esan nahi jarduera geologikorik ez dagoela: Artizarrean gertatzen denari zuzenean behatzea benetako buruhaustea da; izan ere, haren gainazala etengabe estaltzen dute hodeiek eta horrek uhin luzera ikusgarrian behatzea eragozten du. Horrenbestez, hari behatu ahal izateko, infragorriko leiho batzuk edo radar bat –hodeiak gorabehera, gainazalaren irudiak hartzeko gai da– daramaten misioak baliatzen dira.

Artizarraren gainazalean lurreratzeko gai diren misioei buruz hitz egitea erronka tekniko handia da oraindik; izan ere, tenperatura 450 ºC-tik gorakoa izan daiteke eta Lurrean baino 90 aldiz handiagoa da presio atmosferikoa, eta horrek asko mugatzen du horrelako misioen bizitza. Bide batez, azken urteotan ikusten ari garen proposamenetan ez dira ikusten hainbeste gainazalean ibiltzeko misioak, baizik eta atmosferan mugitzekoak –adibidez, globoak–; izan ere, atmosferako kondizioek biziraupen handiagoa bermatzen dute eta handik ere datu ugari eskura litezke, bai eta jarduera geologikoa, infrasoinuen erabileraren bidez, detektatu ere.

Argi dagoena da planetan zerbait gertatzen dela, haren gainazala, denbora igaro ahala, berritu egiten delako. Egiazki, orain arte, gure behaketek ezin izan dute baieztatu sumendi hauenen jarduera, baina azalpenik onenetako bat jarduera bolkanikoarena da, hau da, laba koladen eta beste fenomeno batzuen bidez aldatzen dela gainazala.

Izan ere, 2010. urteaz geroztik, gaur egun sumendi aktiboak daudela adierazten duten zenbait zantzu hauteman dira. Alde batetik puntu beroak egotea –infragorrian– Lurreko sumendien morfologian antzekoak diren gune menditsuen gainean, eta horrek gainazalean duela gutxiko koladak daudela adieraz dezake. Bestetik, Artizarreko atmosferan sufre dioxidoaren kontzentrazioa aldakorra izatea –jarduera bolkanikoarekin lotutako gasa Lurrean. Azkenik, fosfano polemikoa: egile batzuek iradokitzen dute haren jatorria ez dagoela lotuta bizitzarekin, eta atmosferako goi geruzetan fosfatoa duten konposatuak injektatzeko gai diren erupzio leherkorretan atmosferara igorritako gasetatik abiatuta eratu daitekeela.

Baina Science aldizkarian argitaratutako froga da gaur egun sumendi erupzioak badirela adierazten duen ebidentziarik garrantzitsuenetako bat. Magellan zundak 90eko hamarkadaren hasieran hartutako radar bidezko irudiek oraindik ere zenbait ezusteko ezkutatzen zituztela zirudien.

sumendi
2. irudia: Maat Mons sumendiaren hiru dimentsioko berreraikuntza, Magellan misioaren datuekin egina. Ezkutu-sumendi hori Lurreko sumendien antzekoa da garaierari dagokionez, baina askoz diametro handiagoa du. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Zundaren radarrak une ezberdinetan hartutako irudiak alderatuta, zientzialariak konturatu ziren aldaketa batzuk gertatu zirela Maat Mons mendian 1991ko otsailaren eta urriaren bitartean. Ezkutu-sumendi bat da, ia 5 kilometro altxatzen dena inguratzen duen lautadaren gainean, eta azken urteetan interes zientifikoa erakarri zuen; izan ere, haren morfologiak eta maldan behera erortzen ziren koladek duela gutxiko jarduera adierazten zuten, itxuraz.

Zer motatako aldaketak ikusi dituzte zientzialariek? Bi irudien artean sumendiaren kraterretako baten tamaina eta forma aldatu dela egiaztatu ahal izan da –kasu horretan, hasieran 2,5 kilometro karratu izatetik, gero ia 4 kilometro karratu izatera–. Zientzialariek uste dute hor laba laku bat egon zitekeela bi irudiak egin ziren uneen arteko zortzi hilabeteetan.

sumendi
3. irudia: Magellan zundaren bi irudien erkaketa, aldaketa horiek erakusten dituena. Argi eta garbi ikusten da kraterraren morfologian izandako aldaketa. (Argazkia: Robert Herrick/UAF. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Beste azalpen alternatibo bat ere badago: krater hori handitzea haren hormen kolapso baten ondoriozkoa izan liteke, eraikin bolkanikoaren beraren ezegonkortasunak edo jatorri tektonikoko lurrikara batek eraginda, baina gure planetan mota eta tamaina horretako kolapsoak sumendien erupzio batetik hurbil egon ohi dira denboran.

Era berean, bigarren irudian, urriko irudian, mendi hegalean behera laba kolada berriak izan daitezkeenak ageri dira. Zoritxarrez, eta irudien bereizmena eta intzidentzia-angelua direla eta, ezin da baztertu lehendik hor egotea eta, besterik gabe, bigarren irudian gehiago nabarmentzea.

Dena bere bidean, hurrengo hamarkadaren hasieran bi misio berri izan genitzake Artizarraren orbitan: VERITAS eta EnVision. Planetaren jarduera geologikoari buruzko zenbait galdera argitzeko gai izango dira, eta, irekiera sintetikoko radarren bidez, gainazalaren irudiak hartu –eta aldaketak aztertu– ahal izango dituzte, aurrekaririk gabeko bereizmenarekin, aurreko misioen aldean. Nolanahi ere, batek daki ez ote garen gai izango, oraindik, planeta-misio zaharren datuetan ezkutatutako ezusteko are handiagoak aurkitzeko.

Erreferentzia bibliografikoak:

Emmanuel, Marcq; Bertaux, Jean Loup; Montmessin, Franck; Belyaev, Denis (2013). Variations of sulphur dioxide at the cloud top of Venus’s dynamic atmosphere. Nature Geoscience, 6 (1), 25–28. DOI: 10.1038/ngeo1650

Bains, William; Shorttle, Oliver; Ranjan, Sukrit; Rimmer, Paul B.; Petkowski, Janusz J.; Greaves, Jane S.; Seager, Sara (2022). Only extraordinary volcanism can explain the presence of parts per billion phosphine on Venus. PNAS, 119 (7), 2–3. DOI: 10.1073/pnas.2121702119

Herrick, Robert R; Hensley, Scott (2023). Surface changes observed on a Venusian volcano during the Magellan mission. Science, 7735, 1–7. DOI: 10.1126/science.abm7735

Shalygin, Eugene V.; Basilevsky, Alexander T.; Markiewicz, Wojciech J.; Titov, Dmitrij V.; Kreslavsky, Mikhail A.; Roatsch, Thomas (2012). Search for ongoing volcanic activity on Venus: Case study of Maat Mons, Sapas Mons and Ozza Mons volcanoes. Planetary and Space Science, 73 (1), 294–301. DOI: 10.1016/j.pss.2012.08.018

Smrekar, Suzanne E.; Stofan, Ellen R.; Mueller, Nils; Treiman, Allan; Elkins-Tanton, Linda; Helbert, Joern; Piccioni, Giuseppe; Drossart, Pierre (2010). Recent Hotspot Volcanism on Venus from VIRTIS Emissivity Data. Science, 328 (5978), 605–608. DOI: 10.1126/science.1186785

Cordiner, Martin A.; Villanueva, Geronimo L.; Wiesemeyer, H.; Milam, S. N.; de Pater, Imke; Moullet, Arielle; Aladro, Rebeca; Nixon, Conor A.; Thelen, Alexander E.; Charnley, S. B.; Stutzki, J.; Kofman, Vincent; Faggi, Sara; Liuzzi, Giuliano; Cosentino, Richard; McGuire, Brett. Phosphine in the Venusian Atmosphere: A Strict Upper Limit From SOFIA GREAT Observations. Geophysical Research Letters, 49 (22). DOI: 10.1029/2022GL101055

Basilevsky, Alexander T.; Shalygin, Eugene V.; Titov, Dmitrij V.; Markiewicz, Wojciech J.; Scholten, Frank; Roatsch, Thomas; Kreslavsky, Mikhail A.; Moroz, Lyuba V.; Ignatiev, Nikolai I.; Fiethe, Björn; Osterloh, Björn; Michalik, Harald (2012). Geologic interpretation of the near-infrared images of the surface taken by the Venus Monitoring Camera, Venus Express. Icarus 217 (2), 434–450. DOI: 10.1016/j.icarus.2011.11.003

Zhang, Xi. (2014). On the Decadal Variation of Sulphur Dioxide at the Cloud Top of Venus. European Planetary Science Congress. https://meetingorganizer.copernicus.org/EPSC2014/EPSC2014-189.pdf


Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko martxoaren 20an: ¿Es esta la prueba definitiva de que Venus tiene volcanes activos?

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.