Asteon zientzia begi-bistan #446

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Enedina

Ingeniaritza

Enedina Alves, Brasilgo ingeniari beltza erreferentea izan zen ibaietako presa hidroelektriko handien eraikuntzan. Paranáko estatuan jaio zen Enedina, 1913ko urtarrilean, eta Ingeniari zibil gisa graduatu zen 1945ean. Hala, 32 urterekin Brasilgo lehen emakumezko ingeniari beltza bihurtu zen. Graduatu ondoren, Paranáko Plan Hidroelektrikoan lan egitera destinatu zuten, eta bertan lanean zegoela eraiki zuen Usina Capivari-Cachoeira lurpeko hidroelektrikoa, herrialdearen hegoaldeko handiena. Enedina hil eta urte batzuk geroago haren hiriko kale garrantzitsu bat eskaini zioten, eta 2006an, Enedina Alves Marques Emakumeen Institutua sortu zuten, bere omenez. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Enedina Alves, Brasilgo ingeniari beltz aitzindaria.

Antropologia

Kobre Aroan Iberian gizarte-estatus handiena zuena emakumezkoa zela ondorioztatu dute, pertsona baten hortzetako esmaltea aztertuta. Pertsona horren hondarrak Valentziako hilobi batean aurkitu zituzten, eta duela 3.200 eta 2.200 urte artean bizi izan zen. Bakarrik zegoen hilobiratua, eta objektu baliotsuz inguratua; horrek erakusten du estatus handia zuela pertsona horrek. Hasiera batean 17 eta 25 urte bitarteko gizonezkotzat hartu zuten, baina hortzetako esmalteko amelogenina peptidoak emakume bat zela frogatu du. Antzeko estatusa izan zezakeen beste kasu bat ere topatu zuten ehorzketa-eremu berean, eta hura ere emakumea zen. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Arkeologia

Ikerketa arkeologikoetan momentuko aurreiritziek aurkikuntzen interpretazioa baldintzatzen dute. Horren adibide dira 2009an Modenan (Italia) topatu zituzten eskeletoak. Batera ehortzita zeuden, eskutik helduta, eta posizioagatik, asumitu zen harreman heterosexual bat irudikatzen zutela. 2019an, ordea, teknika berriei esker ezagutu zenean bi hilotzak gizonezkoak zirela, eta zuzenean baztertu zen haien arteko harreman erromantiko edo sexuala. Geroztik, neba, lehengusu edo batailan batera hildako bi soldadu zirela ere iradoki da. Aurreiritzi guzti horien gainetik, Mikel Herran eta Enrique Moral de Eusebio ikerlariek ‘Queer’ arkeologia aldarrikatu dute. Azalpen guztiak Berrian: Iraganeko ezagutza, orainak mugatuta.

Teknologia

UPV/EHUko ikerketa batek ondorioztatu du 4.0 Industriako teknologien integrazioak eragin positiboa duela langileen laneko segurtasunaren eta osasunaren zenbait alderditan. Datuak inkesta baten bidez lortu zituzten, eta 4.0 Industriako teknologiak garatzen aitzindariak diren enpresetako 130 zuzendarik eta/edo teknikarik erantzun zuten. Emaitzen arabera, oro har, 4.0 Industriako teknologiak eragin positiboa du langileengan, eta enpresei eraginkorragoak eta lehiakorragoak izaten laguntzen die. Alabaina, arrisku berriak ere sortzen direla argudiatu dute, batez ere psikosozialak. Datuak Zientzia Kaieran: 4.0 Industriako teknologien ondorioak langileen segurtasunean eta laneko osasunean.

Kimika

Etilenoa industria petrokimiko olefina arinen merkatuan liderra da, eta substantzi horren ohiko ekoizpen-prozesuak iturri fosiletan oinarritu da. Gaur egun, alabaina, etilenoaren bidez hidrokarburo likidoak ekoiztea sustatu da, energia berrizkagarri modura. Etilenoaren oligomerizazioaren bitartez hainbat produktu ekoitzi daitezke, hala nola, olefina astunak, erregaiak edota aromatikoak. Prozesu horretan lehengai modura erabiltzen den etilenoa iturri jasangarrietatik etorri daiteke, esate baterako CO2-aren balorizaziotik, eta beraz, energia-iturri jasangarri bat dela esan daiteke. Azalpenak Zientzia Kaieran: Hidrokarburo likidoen ekoizpena etilenoaren oligomerizazioaren bitartez.

Osasuna

Esther Samper mediku eta doktoreak Zientzia Kaierako artikulu batean azaldu du ez dela egia urteekin metabolismo basal motelagoa izateak kiloak irabaztea eragiten duela. Zientzialariak aurkitu zuten metabolismo basala bizitzaren lau etapa oso zehatzetan aldatzen dela, baina 20 eta 60 urte bitartean kontsumo metabolikoa egonkorra da. Beraz, baieztapen horrek ez du inolako oinarri zientifikorik. Hala, urteak pasa ahala pisua irabaztea, normalean, bizitza sedentarioago batekin erlazionatzen da.

Mikrobiologia

Gizakiak hegazti-gripetik babesten dituen gene bat identifikatu dute gizakien goiko nahiz beheko arnasbideetan. BTN 3A3 izena du, eta ikusi dute gai dela hegazti-gripearen andui gehienen erreplikazioa blokeatzeko giza zeluletan. Alabaina, izan dira gizakian izurri bihurtu diren hegazti-gripeak, hala nola, 2013az geroztik, 1.500 pertsona baino gehiago kutsatu dituen H7N9 birusa. Birus hori ere aztertu dute, eta frogatu dute mutazio genetiko bat duela, BTN 3A3 genearen eragina saihesteko. Urtaroko giza gripearen birusak ere erresistenteak dira gene horren mekanismoaren aurka. Datuak Elhuyar aldizkarian: Gizakiak hegazti-gripetik babesten dituen gene bat identifikatu dute.

Biologia

Hainbat ikerketak erakutsi dute kulturak gene-aldaera batzuen hautespenean eragin dezakeela. Prozesu horri gene-kultura koeboluzioa deritzo, eta populazioen eboluzioa eraldatzeko gai dela ikusi da. Horren adibide argia da giza-populazio batzuetako helduetan garatu den laktosarekiko tolerantzia, adibidez. Ugaztunak kumeak direnean esnearen laktosa digeritu dezakete, baina heldutasunean gaitasun hori galdu egiten da aldaketa genetiko batzuen ondorioz. Alabaina, historian zehar giza-populazio batzuk heldusunean ere laktosa digeritzeko gaitasuna mantendu zuten. Gene-kultura koeboluzioaren adibideak topatu daitezke beste animalia batzuetan ere, hala nola, orketan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Hautespen kulturala: kulturak eragina du geneetan.

Astronomia

Lehen aldiz, grabitazio-uhin indartsuenen seinalea detektatu dute LIGO behatokian. Grabitazio-uhinak denbora-espazioaren distortsioak dira, eta Einsteinek 1916an deskribatu bazituen ere, ez ziren baieztatu 100 urte geroagora arte. Orain, bi zulo beltzen arteko talkaren ondorioz sortu ziren grabitazio-uhinak detektatu dituzte pultsarren bidez. Zehazki, denbora-espazioaren luzatzeak eta uzkurtzeak pultsarren irrati-uhinetan sortzen duten aldaketa neurtu dute 15 urtetan zehar. Emaitzek iradoki dute distortsio handiak egon direla denbora-espazioan, eta horiek gertuko orbita batean dauden zulo beltz supermasiboek sortuak direla ondorioztatu dute. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.