Enedina Alves, Brasilgo ingeniari beltz aitzindaria

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Ikerketaren munduko emakumeen historia batzuk eleberri bat idazteko modukoak dira, eta hori da Enedina Alves Marquesen kasua, zeina Brasilgo lehen emakumezko ingeniari beltza izan zen. Aurten 110 urte beteko lituzke. Halabeharrak, bere familiaren historiarekin zerikusirik ez zuenak, hala nahi izan zuen:
XX. mende hasierako mundu arrazista eta matxistan, Brasilen azalaren “zuriketa” politiken alde egiten zutenean gizarte zuri baino beltzago batean, Enedina erreferente bihurtu zen mendilerroak zeharkatzen dituzten ibaien gaineko presa hidroelektriko handien eraikuntzan.

Enedina Curitiban jaio zen, Paranáko estatuan, 1913ko urtarrilean, anai-arrebaz inguratuta. Haren gurasoak, Virgília Alves Marques latsaria, Dona Duca gisa ezaguna, eta Paulo Marques nekazaria, hiru urte lehenago iritsi ziren hirira, leku ezezagun batetik. Neskatoak zazpi urte zituenean, Dona Duca militar eta intelektual baten etxean hasi zen lanean, Domingos Nascimento Sobrinho maiorrarenean, zeinak Enedinaren adineko alaba bat baitzuen. Neskak lagun min bihurtu ziren, eta, are gehiago, militarrak bere zerbitzariaren alabaren –hark ere laguntzen zuen etxeko zereginetan– ikasketak ordaindu zituen biek batera jarrai zezaten.

Enedina Alves
1. irudia: Enedina Alves Marques (1913-1981) ingeniari brasildarra zen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Barnealdeko hirietara joan ziren biak irakasle, 20 urte ere ez zituztenean. Enedina Curitibara itzuli zen 1935ean, eraikitzaile baten familiarekin bizitzera irakasle ikasketak egiten zituen bitartean. Baliteke horrek eragin izana gerora eraikuntzaren munduarekiko bokazioa deskubritzea. Hiru urte geroago, haren ikasteko grina aseezinak bultzatuta, aurreingeniaritza ikastaro bat egiten zuen, gaueko ordutegian, egunez lan egiten baitzuen. Izugarri erakarri zuen horrek, eta 1940an Paranáko Ingeniaritza Fakultatean hasi zen, nahiz eta hilean gutxieneko bi soldataren pareko kuota ordaindu behar izan. Ingeniari zibil gisa graduatu zen 1945ean, eta titulu horri esker Brasilgo lehen emakumezko ingeniari beltza bihurtu zen 32 urterekin. Haren promozioko kideak 32 gizon zuri izan ziren. Izan ere, hark baino lehenago bi gizon beltzek baino ez zuten halakorik lortu.

“Haren graduazioa markatu zuen, funtsean, egin zuen balentriak Curitibako gizartearen interesa piztu zuela, hegemonikoki gizonezko zuriena zen espazio bat gurutzatzea lortu zuelako”, esan du Jorge Luiz Santanak, Enedinaren biografoetako batek.

Diskriminazio bikoitza: generoa eta arrazakeria

Unibertsitateko etapa ez zen batere erraza izan harentzat. Generoagatik eta azal koloreagatik asko jazarri zuten bai kideek, bai irakasleek; irakasgaiak suspenditu nahi zizkioten gaitasunak gorabehera. Haren kideetako batek gertaera hauetako batzuk ekarri zituen gogora urte batzuk geroago: “batean, irakasle batek oso puntuazio baxua eman zion eta jendaurrean frogatu behar izan zion jarri zuen paragrafoa irakaslearen liburuan idatzita zegoenaren berbera zela”.

Graduatu ondoren, 32 urte zituela, ingeniari laguntzaile bihurtu zen gerora Brasilgo Uren eta Energia Elektrikoaren Estatu Idazkaritza izango zenean. Paranáko Plan Hidroelektrikoan lan egitera destinatu zuten, zehazki presen bidezko Capivari, Cachoeira eta Iguazú ibaietako uren aprobetxamenduan. Herrialdearen hegoaldeko lurpeko hidroelektrikorik handiena, Usina Capivari-Cachoeira, haren ingeniaritza lan nagusietako bat da. Inaugurazioa 1971n izan zen. Funtziona zezan, Capivari ibaitik Cachoeirara ura eraman behar izan zuten, eta horretarako tunel handi bat eraiki behar izan zuten, Paranáko kostaldeko lautadan amaitzen den Serra do Mar mendikatea zeharkatzen duena.

Enedina Alves
2. irudia: Enedina Alves Marques Usina Capivari-Cachoeira eraikitzen zen bitartean. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Ingeniari izateko zailtasunak izan zituen eta, gainera, zaila egin zitzaion mendi eta oihanetako lan hartan bere burua errespetaraztea sektoreko gizonen artean, lankide edo langile izan. María Rita Asisek, haren beste biografoetako batek, idatzi zuenez, bizitza pertsonalean nahiko apaina izan arren, lanean beti eramaten zituen laneko mantalak, gainerako langileek bezala. Gainera, diotenez, arma bat eraman ohi zuen gerrian, eta behin baino gehiagotan egin omen zuen tiro airera errespetua bereganatzeko. “Energikoa eta zorrotza izan behar zuen emakumea eta beltza izateagatik bere burua errespetarazteko”, dio De Asisek.

Emakumeek ezkondu eta seme-alabak eduki beharko lituzketela pentsatzen zuen mundu batean, Enedinak ez zuen halakorik egin, baina emakume askorentzat pentsaezina zen bide bat ireki zuen. Alde batetik bestera bidaiatzen aritu zen 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, zenbait ingeniaritza proiekturekin. Paranáko hidraulikako buru eta estatistika dibisioko eta ingeniaritza zerbitzuko buru izatera iritsi zen.

Hil ondorengo aitortza

Umetatik aitatzat izan zuen militarrak oinordeko izendatu zuen 1961ean, baina lanean jarraitu zuen 1962an erretiroa hartu zuen arte. Orduko Paranáko gobernadore Ney Bragak dekretu batean bermatu zituen Enedinak profesional gisa lortutako lorpen guztiak, eta epaile baten soldataren pareko erretiroa eskaini zion bere zerbitzuak eskertzeko.

Enedina 68 urterekin hil zen, 1981ean, bihotzekoak jota. Hilda aurkitu zuten haren Curitibako apartamentuan hil eta astebetera, ez baitzuen bere zaintzaz arduratuko zen gertuko seniderik. Tokiko prentsak gertaeraren berri eman zuenean ezezagun bati buruz ariko balira bezala, Enedinaren Paranáko Ingeniaritza Institutuko lankideak haserretu egin ziren, eta aitzindari handi haren merituak nabarmendu zituzten hainbat artikulutan. Azkenean, merezitako omenaldiak jaso zituen.

Enedina Alves
3. irudia: Enedina Alvesen omenezko Googleren doodlea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Urte batzuk geroago, haren hiriko kale garrantzitsu bat eskaini zioten eta haren izena Emakume Aitzindariaren Memorialean inskribatu zuten. Mende honetan, 2006an, Enedina Alves Marques Emakumeen Institutua sortu zuten, Maringán. Azken urteetan, haren bizitzaren inguruko ipuinak idatzi dituzte umeentzat, eta haren historiari buruzko dokumental bat ere proiektatu dute. Azken omenaldia pasa den urtarrilean izan zen, haren jaiotzaren 110. urteurrenean Googlek bere doodleetako bat dedikatu baitzion.

Iturriak:


Egileaz:

Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko urtattilaren 24an: Marian Elliot Koshland, la inmunóloga que nos descubrió cómo eran nuestros anticuerpos

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

  • […] Enedina Alves, Brasilgo ingeniari beltza erreferentea izan zen ibaietako presa hidroelektriko handien eraikuntzan. Paranáko estatuan jaio zen Enedina, 1913ko urtarrilean, eta Ingeniari zibil gisa graduatu zen 1945ean. Hala, 32 urterekin Brasilgo lehen emakumezko ingeniari beltza bihurtu zen. Graduatu ondoren […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.