Alaitz Etxabide: “Ikertzaile bat aunitz mugitu behar da”

Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia

Alaitz Etxabide Etxeberriak betitik izan du gogoko laborategi-mundua, “baina baita industria ere”, gehitu du. Horregatik aukeratu omen zuen Industria Kimikaren Ingeniaritza ikastea. Hala ere, ikasketen azken urtera arte ez zuen ikerketa-mundua ezagutu. Hain zuzen, Biomat ikerketa-taldean egin zuen gradu-amaierako proiektua, eta orduan jakin zuzen zer zen ikertzea. Haren esanean, “aunitz” gustatu zitzaion; eta nabari zaio, geroztik bide beretik jarraitu baitu.

Hala, Material Berriztagarrien Ingeniaritza Masterra egin zuen, eta amaierako lana berriro Biomaten egin zuen, eta, tesia egiteko aukera sortu zitzaionean, ez zuen zalantzarik izan haiekin jarraitzeko. Hiru urte eta erdi eman ditu tesia egiten, eta duela gutxi aurkeztu du. Pozik badago ere, aitortzen du tesia egitea ez dela erreza, besteak beste, presio eta lehia handia baitago epe mugatu batean lanak argitaratzeko, atzerrian egonaldiak egiteko, biltzar-zientifikoetara joateko, diru-laguntzak lortzeko… “Azkenean, ikertzaile bat aunitz mugitu behar da, gai jakin bat ikertzeaz gain”.

Irudia: Alaitz Etxabide Etxeberria, ingeniari kimikoa.

Horrek harritu egin zuen. Hala ere, tesian zehar “hagitz kontent” ibili dela dio: gaiagatik, lankideengatik, giroagatik… Eta emaitzak ere oso onak izan dira: “Aplikazio desberdinetara zabaldu dugu. Hasieran, elikagaiak ontziratzeko material bat ikertzea zen asmoa, baina gero ikusi genuen ikertutako gelatinak aplikazio aunitz izan zitzakeela medikuntzan”. Beste talde batzuekin harremanetan jarri ziren, eta, elkarlanean, medikuntzarako material aproposa garatu dute.

Ingurumenaren mesedetan

Garatutako materialek medikuntzan aplikazioa izateak asko gogobetetzen du Etxabide, baina garrantzi handia ematen dio baita ingurumenean kalterik ez eragiteri ere: “Guztiz biodegradagarriak dira, eta azken fasean, konpost-fasean, ez dute inolako eragin kaltegarririk. Hortaz, badugu irtenbide bat plastikoek sortzen duten arazoa gainditzeko”.

Irtenbidea izanda industriak horren alde apusturik ez egiteak “amorrua” ematen dio Etxabideri: “Nik laborategian egin dut lan, baina erabili ditudan teknikak industrian jada badaude, ez dute inbertsio handirik egin behar. Zer gertatzen da? Lege-aldetik ez dutela presiorik horrelako aldaketa egiteko, eta ez dutela inongo interesik”. Edonola ere, ez du etsitzen: “Nik uste dut, pixkanaka bada ere, aldaketa gertatuko dela”.

Oraingoz, iruditzen zaio industrian ematen ari diren pausoak ez direla nahikoak ez egokiak benetan aldatzeko. “Adibidez, lehengai berriztagarriak erabiltzen ari dira, baina ez dira biodegradagarriak; orduan, arazoa ez da konpontzen. Biopolietilenoa, esaterako, artotik lortzen dute, baina geroko produktua ez da biodegradagarria. Eta horren inguruan ez da informaziorik ematen. Jendeak botatzen ditu plastikoak birziklatzera, baina ez daki zati handi bat ezin dela birziklatu”.

Hasitako bidean jarraitzea gustatuko litzaioke eta ez du atzerrira bidaiatzeko aterik ixten. Doktorego-tesia egiten ari zela, Bordeleko Unibertsitatean (Frantzia) eta Newcastleko Unibertsitatean (Erresuma Batua) egonaldiak egin zituen. “Han ikasi nuen munduko toki ezberdinetik etorritako jende batekin batera lan egiten, beste kultura batzuk ezagutu nituen, eta hori aberasgarria da bai lanerako bai norberarentzako”.

Bukatzeko, euskarak ere zientzian lekua izan behar duela eta baduela aldarrikatu du Etxabidek. Hala, lan handia eman zion arren, euskaraz idatzi zuen tesia, eta euskara erabili du bere lana azaltzeko bai biltzarretan (Ikergazte, Materialen Zientzia eta Teknologia), bai aldizkaritan (Ekaia).

Fitxa biografikoa:

Alaitz Etxabide Etxeberriak (Lesaka, 1990) Industria Kimikaren Ingeniaritza Gradua eta Material Berriztagarrien Ingeniaritza Masterra ikasi ditu UPV/EHUn, eta toki berean aurkeztu du nazioarteko tesia: “Saretze erreakzioaren kontrola proteinazko filmen eta biokonpositeen propietateak egokitzeko”. 16 artikulu zientifiko argitaratu ditu; haietako bi euskaraz, Ekaia aldizkarian. Biltzarretan ere euskaraz zein ingelesez aritzeko aukera izan du. 2016an, PhD ikasle zela, hitzaldi onenaren saria jaso zuen, Elsevier aldizkariaren eskutik.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #175 - Zientzia Kaiera

[…] Etxabide izan da aste honetako protagonista Emakumeak Zientzian atalean. Industria Kimikaren Ingeniaritza ikasi zuen eta Biomat ikerketa-taldean egin zuen gradu-amaierako […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>