Asteon zientzia begi-bistan #175

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Zientzia Interneten

Interneten aurki dezakegun informazio kopurua handia da eta horrek arriskua dakar, ezinbestean. Josu Lopez-Gazpiok eman dizkigu aholku batzuk horren harira. Lehenik, informazio fidagarria aurkitzeko bidean, aztertu nahi dugun gaia osotasunean ezagutu behar dugula dio. Hau da, iturri anitzetik hartutako informazio gureganatu eta ziurtatu afera ulertzen dugula. Bigarrenik, aipatzen du kimikariak, irakurtzen duguna fidagarria dela bermatu behar dugu. Lopez-Gazpiok adibide batzuk ematen ditu: “Zientziari buruz irakurri nahi badugu Science, Nature edo arloan izen ona duten antzeko aldizkarietara joko dugu; osasunari buruzko informazioa nahi badugu WebMD edo Cochrane eskuragarri ditugu, edo minbizian espezializatuta dauden Cancer Research UK edo American Cancer Society erakundeen webguneak”. Topatzen ditugun artikuluei dagokienez, irakurleak kontuan hartu behar du ere informazio hori primarioa ala bigarren mailakoa den. “Informazio primario hori ikertzaileek zuzenean argitaratzen dituzten artikuluak dira”. Horrez gain, aditu euskaldunak bilatzeko, esaterako, ematen digu tresna interesgarri bat: inguma.eus bilatzailea.

Emakumeak zientzian

Alaitz Etxabide izan da aste honetako protagonista Emakumeak Zientzian atalean. Industria Kimikaren Ingeniaritza ikasi zuen eta Biomat ikerketa-taldean egin zuen gradu-amaierako proiektua. Material Berriztagarrien Ingeniaritza Masterra egin zuen ondoren eta amaierako lana berriro Biomaten egin zuen. Horren ondotik, tesia egiteko aukera sortu zitzaion eta ez zuen zalantzarik izan. Pozik dago eta emaitza oso onak izaten ari dira: “Hasieran, elikagaiak ontziratzeko material bat ikertzea zen asmoa, baina gero ikusi genuen ikertutako gelatinak aplikazio aunitz izan zitzakeela medikuntzan”. Garatutako materialek ingurumenean kalterik ez sortzea du helburu ere: “Badugu irtenbide bat plastikoek sortzen duten arazoa gainditzeko”. Horren harira, gehitzen du industrian ematen ari diren pausoak ez direla nahikoak egoera aldatzeko. “Adibidez, lehengai berriztagarriak erabiltzen ari dira, baina ez dira biodegradagarriak; orduan, arazoa ez da konpontzen”.

Biologia

Bernhard Kegel biologo alemaniarrak idatzitako Der Rote “Gorria” zientzia-fikziozko eleberrian ageri da txibia erraldoien ezaugarri bitxia. Architeuthis generoan sartu dituzte orain arte aurkitu diren txibia erraldoi guztiak. Guztira, zortzi espezie deskribatu dira. Bai txibia erraldoiak, bai kolosalak ere, biak bizi dira ozeanoetako ur abisaletan. Bi txibia-espezie horiek gigantismo abisal edo ur sakonetako gigantismo izenez ezagutzen den gertaera baten adibide ezin hobeak dira. Horren zergatia azaltzeko bi hipotesi planteatzen dira ur-sakoneko gigantismoaren inguruan.

Genetika

Asmaren, errinitis alergikoaren eta ekzemen oinarri genetikoa zehaztu dute. Guztira 136 faktore identifikatu dituzte, erdiak baino gehiago ezezagunak. Aldaera genetiko horiek 132 generi eragiten diete. Immunitate sistemarekin zerikusia duten geneak dira. Eraginkorrak izan litezkeen botika batzuk ere proposatu dituzte ikerketa hori gauzatu ostean. Bestalde, ikertzaileek ikusi dute ingurumen-faktoreek ere handitu dezaketela gaitzak garatzeko arriskua, aldaketa epigenetikoak eraginez.

Broad Institutuko (Massachusetts, AEB) ikertzaileek genoma editatzeko tresna berriak aurkeztu dituzte: ABE eta REPAIR dira, CRISPR-Cas9 tresna ezagunaren aldaera berriak. Lehenengoari dagokionez, DNA osatzen duten base nitrogenatuetako atomoak aldatzeko gai den tresna molekularra eratu dute. Artikulu honetan argi azaltzen zaigu mekanismoa: “Proteinetan oinarritutako makina txikiak dira, eta base baten atomoak lekuz aldatzeko gai dira, beste base bat osatzeko”. Bigarrenak RNA du jomuga eta aukera emango luke hainbat gaixotasunen atzean dauden mutazio genetikoak konpontzeko. Teknika horiek, bada, baditu desabantailak. Javier Novok azaltzen du: “Teknika, berez, oso ondo dago, RNA aldatzea lortzen duzulako. Baina eritasunaren abiapuntua den mutazioa DNAn mantenduko da, bere horretan”.

Astronomia

Haumea planeta txikiak eraztuna du. Aurkikuntza oso interesgarria izan da, batez ere, duela gutxira arte pentsatzen zelako planeta erraldoien inguruan bakarrik zeudela eraztunak. Eguzkiaren inguruan biratzen da Haumea, 248 urte behar dituen orbita eliptikoan eta 3,9 orduan osatzen du errotazioa. Abiadura dela eta, deformatu eta errugbi baloi baten antzeko forma hartzen du. Hainbat arrazoi posible daude eraztuna nola sortu zen azaltzeko: beste objektu batekin talka egitearen ondorioz sortu izana edo Haumearen errotazio bizkorrak gainazaleko material zati bat askatu zuelako sortu izana, esaterako.

Nutrizioa

Elikaduraren kontrola eta ebaluazioa egiteko lehen aplikazio elebiduna garatu dute: Elika. Elikaduraren kontrola egiteko elikagaien erregistroa baliatzen du aplikazioak eta horretaz gain, dieta osasuntsu baten adibideak eskaini. Adibidez, aplikazioan ezin dira janari prozesatuak erregistratu, janari prozesatu gabeen kontsumoa bultzatu nahi da horrela. Android nahiz iOS sistemadun mugikorretarako dago eskuragarri, doan.

Klima-aldaketa

Hainbat zientzialarik antzinako ozeanoak orain arte uste zena baino askoz hotzagoak zirela adierazi dute. Ondorioz, gaur egun izaten ari den klima aldaketak ez omen du parekorik azken 100 miloi urteetan. Frantziako eta Suitzako ikertzaileek azaltzen dutenez, azken 50 hamarkadetan oinarritzat hartu den kontzeptu bat okerra izan daiteke. Oinarri hori foraminiferoetan –uretan bizi diren eta oskola nimiñoak sortzen dituzten protistak– aurkitutako isotopo batean datza. Bada, zientzialariek diote isotopo hori ez dela iraunkorra eta, ondorioz, antzinako termometro gisa duten balioa hutsaren hurrengoa izan daitekeela.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.