Elikaduraz jabetzeko aplikazioa

Ziortza Guezuraga

Elikaduraren kontrola eta ebaluazioa egiteko lehen aplikazio elebiduna garatu dute: Elika. Norberaren elikaduraren kontrola egitea, elikadura osasungarria den konprobatzea eta jaten denaz jabetzea dira aplikazioaren helburuak.

Norberaren elikadura osasuntsua den edo ez ezagutzeko aplikazioa da Elika. Elikaduraren kontrola egiteko elikagaien erregistroa baliatzen du aplikazioak eta baita gomendatutako dieta osasuntsuarekin alderatzeko aukera eskaini.

SENCek gomendatutako errazioetan oinarritzen da aplikazioaren dieta osasuntsua, gehiengo zabal batentzako erabilgarria dena. Elikagaien oreka pertsona guztientzat da berdina. Kantitateak aldatzen direla, baina elikagaiaen banaketa berbera dela azaldu du Bittor Rodriguez elikagaien teknologoak.

1. irudia: SENCek 2016an argitaratutako elikadura piramidea.

Nutrizio eta Bromatologia Saileko ikertaldeak garatutako elikadura erregistroan dago oinarrituta aplikazioa. Norberak kontsumitzen dituen elikagaiak aplikazioan erregistratzen dira eta, honela bi gauza lortzen dira:

  1. Jabekuntza. Dietaren erregistroa egitearekin batera, erabiltzaileak kontsumitzen dituen elikagaien kontzientzia hartzen du. Bittor Rodriguezek esaten duen moduan: “Askotan esaten da ‘denetarik jaten dut nik’, baina erregistroa egiterakoan horrela ez dela ikusten da”.
  2. Alderaketa. Bakoitzaren dieta eta dieta osasuntsua zuzenean alderatzeko aukera eskaintzen du aplikazioak, hutsuneak topatu eta zuzendu ahal izateko.

Dieta osasuntsua bultzatzeko helburua ere badu aplikazioak. Hartara, janari prozesatuak ezin dira erregistratu aplikazioan, nahita ez dira jasotzen. Janari prozesatu gabeen kontsumoa bultzatu nahi da honela: kontsumitutako elikagaiak aplikazioan erregistratzerik ez badago, prozesatu gabeko elikagaiak kontsumitzea sustatuko duelakoan.

Euskal Herriko Unibertsitateko Elikadura eta Gizentasuna Ikerketa Taldearekin (CIBERobn ISCIII) eta Dietetikako eta Nutrizioko Espainiako Elkarte Zientifikoa (SEDYN) erakunde zientifikoak garatutako aplikazioa da, Gasteizko Udalaren eta Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa (ELIKA) erakunde publikoaren laguntzarekin.

Android nahiz iOS sistemadun mugikorretarako dago eskuragarri aplikazioa, erabat dohainik deskargatu daiteke bai Play Storen bai Apple Storen.

Norberaren elikadura osasuntsua den ala ez ezagutzeko modu erraza da aplikazioa. Hautaketa-pantaila sinple baten bidez egunero kontsumitutako elikagaien erregistroa eraman eta eguneko txosten bat sortzen du aplikazioak. Bertan, dieta osasungarri eta orekatu batekin alderatzen du eta hobetzeko gomendioak eskainitzen ditu. Zazpi egunean behin, gainera, asteko txostena sortzen du.

.

Ez da, hala ere, elikaduraren harira egin den ekimen bakarra. Elikadura osasungarriaren aldeko ekimenak aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, elikadura osasungarria denon eskura izateko helburua duena. Horretarako, bost ildo estrategiko eta 18 prestatu dira. Proiektuen artean aplikazio baten garapena dago: “Elikadura osasungarriaren liga”. Gazteen artean ohitura osasungarriak sustatzeko app ludiko-pedagogikoa da. Lehia sanoa sustatzen duen sailkapena baliatuta, fruta eta barazki kontsumoa handitzea da helburua, jolas eta sari sistema baten bidez gazteak bizimodu osasungarrira atxikitzeko.

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>