Oskolez osatutako termometroa, ezbaian

Juanma Gallego

Zientzialari talde batek zalantzan jarri du antzinako ozeanoek izan zuten tenperatura zehazteko urtetan zehar erabili den irizpidea. Foraminiferoen bitartez egindako datazioak, beraz, okerrak izan litezke.

1. irudia: Ozeanoak eguzkitik datorren energia gordetzeko gai dira eta mundu osoko klima zehazteko garrantzi handia dute. (Irudia: Juanma Gallego)

Ozeanoek garrantzi handia dute kliman. Lurraren bi herenak hartzen dituzte ur masa zabalek. Datu horrek soilik agerian uzten du lur-sisteman ozeanoek duten garrantzia. Baina harago doa kontua. Izan ere, uraren ezaugarri fisiko eta kimikoak direla eta, ozeanoek eragin nabarmena dute klima globalaren nondik-norakoak zehazterakoan. Ura bero-metagailu bikaina da, hain zuzen, bertara heltzen den bero gehiena ur molekulak lotzen dituzten hidrogeno loturak apurtzeko erabiltzen baita.

Bestalde, planetan dauden 1.360 milioi kilometro kubo urek Eguzkitik datorren energiaren erdia baino gehiago xurgatzen dutela kalkulatzen da. Energia honen banaketan, gainera, funtsezko rola dute ere urek. Hala, ozeanoek ekuatorearen inguruan jasotzen den energia munduan zehar barreiatzen dute, itsasoetako ur-lasterren bitartez. Gugandik gertuko adibidera joanda, ezaguna da Golkoko ur-lasterrak Europako erdialdean eta iparraldean duen eragina. Ipar Atlantikora heltzen denean, ur-laster horrek Frantzian, Erresuma Batuan, Norvegian edota Islandian dagoen klima beharko lukeena baino epelagoa bihurtzen du. Horregatik, Ozeano Atlantikoaren beste aldean, antzeko latitudetan dauden Ipar Amerikako kostaldeak askoz hotzagoak dira.

Berotegi efektuaren eragile nagusi den karbono dioxidoa ere bertan gordetzen da, hein handi batean. Horregatik, klimatologoek arreta handiarekin ikertzen dute ozeanoek kliman duten eragina, eta, batez ere, etorkizunean izango duten rola. Klima globalak izango duen portaera argitzen saiatzeko ere antzinako klima ereduak ikertzen dituzte.

Hainbat estrategia darabiltzate horretarako. Besteak beste, aintziretako sedimentuak, izotzetik erauzitako haize burbuilak edota fosilak ikertzen dituzte. Baina azken metodo honetan arazo bat dagoela ohartarazi berri dute zenbait zientzialarik. Eta atera duten ondorioa ez da lasaitzeko modukoa. Antzinako ozeanoak orain arte uste zena baino askoz hotzagoak ziren, eta, ondorioz, gaur egun izaten ari den klima aldaketak ez omen du parekorik azken 100 miloi urteetan. Orain arte, paleoklimatologoek uste izan dute duela 100 miloi urteko ozeanoak oraingoak baino 15 gradu beroagoak zirela, batez bestean.

Nature Commnications aldizkarian eman dute ikerketaren berri Frantziako eta Suitzako ikertzaileek. Egileek azaltzen dutenez, azken 50 hamarkadetan oinarritzat hartu den kontzeptu bat okerra izan daiteke. Oinarri hori foraminiferoetan aurkitutako isotopo batean datza. Edo zetzan, orain mahai gainean jarri duten hipotesia baieztatzen bada, bederen.

Foraminiferoak uretan bizi diren eta oskola nimiñoak sortzen dituzten protistak dira. Oskola horiei esker, aspaldi bizi ziren izakien aztarnak mundu osoko sedimentuetan gordeta mantendu dira, eta, horregatik, zientzialarientzat benetako harribitxiak dira. Erakutsi ohi zuen umore finaz lagunduta, Lynn Margulis biologo ospetsuak zioen foraminiferoen bila ibiltzen zirela bai bera bezalako txoriburuak… zein petrolioa aurkitu nahi zutenak ere. Urre beltza non dagoen jakiteko erabiltzeaz gain, besteren artean, iraganean ozeanoetan zeuden tenperaturak igartzeko erabili izan dira foraminiferoak. Oskola horietan gordeta mantendu den oxigeno-18 isotopoaren arabera kalkulatu dira tenperatura horiek. Animalia hauek bizi izan ziren garaietan, inguruko uraren tenperaturaren araberakoa omen da oskoletan mantendu den isotopoaren kopurua.

2. irudia: Foraminiferoak ozeanoetako paleotenperaturak kalkulatzeko erabiltzen dira. (Irudia: Nature Communications)

Baina ikerketa berri hau plazaratu duten zientzialariek diote isotopo hori ez dela iraunkorra eta, ondorioz, antzinako termometro gisa duten balioa hutsaren hurrengoa izan daitekeela. “Arrazoia badugu, gure ikerketa honek hamarkadatan zehar egin den ikerketa paleoklimatikoa” aldatzen duela esan du Lausanneko Unibertsitateko (Suitza) ikerlari Anders Meibonek, prentsa ohar batean.

Termometro natural horien fidagarritasuna frogatzeko, oxigeno-18 isotopoa baino ez duen uretan sartu dituzte foraminiferoak. NanoSIMS izeneko masa espektrometro baten bitartez, oskoletan zenbat oxigeno-18 sartzen den zenbatu dute. Egiaztatu dutenez, isotopoa erraz sar daiteke oskoletan, ageriko aldaketak eragin gabe. Ondorioz, isotopo hori milioika urtez aldatu gabe berdin mantendu izanaren ideia alboratu dute zientzialari hauek.

Gakoa berroreka izeneko prozesu batean datza. Egin duten interpretazioaren arabera, azken 100 milioi urte hauetan ez da egon tenperaturen beherakada gradual bat eta oskoletan gordeta dagoen isotopoaren kopurua sedimentazio prozesuan gertatutako aldaketei zor zaio. Sedimentazio hori gertatzean tenperaturek 20-30 gradu igotzen omen dira eta, ozeanoetako tenperatura islatu beharrean, fosilek une horretan jasandako tenperaturen gorakadaren isla erakutsiko lukete.

Denboran zehar oso ondo mantendu diren fosilak badirudite ere, errealitatea bestelakoa dela esan du CNRS Frantziako Zientzia Ikerketarako Gunean lan egiten duen Sylvain Bernard zientzialariak.

Ordenagailu bidezko simulazioetan ikusi dute ozeanoetako tenperaturak uste baino hotzagoak izan litezkeela eta orain ozeanoetan izaten ari den tenperaturen gorakadak parekorik ez duela azken 100 milioi urteetan. Ondorioz, antzinako klimak zehazteko erabiltzen diren ereduetan sedimentazio prozesuetan izandako beroketa horiek kontuan hartu behar direla diote.

Maibomek azaldu du ideia hori: “Ozeanoetako paleotenperaturak berrikusteko, orain berroreka hori tentu handiz kalkulatu behar dugu, denbora asko egon baikara hori kontutan hartu gabe”. Zentzu horretan, beste motatako itsas organismoak ikertu behar direla diote, denbora geologikoan zehar sedimentuetan gertatutakoa argitu ahal izateko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Bernard S. et al. Burial-induced oxygen-isotope re-equilibration of fossil foraminifera explains ocean paleotemperature paradoxes, Nature Communications, 26 October 2017. DOI:10.1038/s41467-017-01225-9

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #175 - Zientzia Kaiera

[…] Hainbat zientzialarik antzinako ozeanoak orain arte uste zena baino askoz hotzagoak zirela adierazi dute. Ondorioz, gaur egun izaten ari den klima aldaketak ez omen du parekorik azken 100 miloi urteetan. Frantziako eta Suitzako ikertzaileek azaltzen dutenez, azken 50 hamarkadetan oinarritzat hartu den kontzeptu bat okerra izan daiteke. Oinarri hori foraminiferoetan –uretan bizi diren eta oskola nimiñoak sortzen dituzten protistak– aurkitutako isotopo batean datza. Bada, zientzialariek diote isotopo hori ez dela iraunkorra eta, ondorioz, antzinako termometro gisa duten balioa hutsaren hurrengoa izan daitekeela. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>