Mesolitoan sutegiak zeuzkaten kanpamenduak zeuden

EHUko ikerketa

Alacanteko, Euskal Herriko, Aarhuseko eta Renneseko unibertsitateetako ikertzaileek osatuta duten diziplinarteko lantalde batek Europako Mesolitoko aztarnategiak ikertu dituzte aitzindaria bereizmen handiko arkeologia-analisiko hainbat teknika erabiliz. Aztarnategietako sedimentu arkeologikoak aztertuz ikusi dute Mesolitoan sutegiak zeuzkaten kanpamenduak zeudela.

Alacanteko Laguna de Villenaren inguruko duna sistema batean dagoen El Arenal de la Virgen aire zabaleko aztarnategiko sedimentu arkeologikoei buruzko azterlan bat gauzatu dute ikertzaileek eta emaitzak agerian jarri du sutegiak zeuzkaten kanpamenduak zeudela Mesolitoan. Lan horren helburua giza jardueraren ebidentzia arkeologiko mota baten jatorri antropikoa argitzea da. Europako duna testuinguru erdi idorretako Holozenoaren hastapeneko aztarnategi mesolitikoetan ohikoa da giza jarduera baina gutxi aztertu baita. Alegia, hobiko sutegi edo ‘hearth-pit’ deituena. Emaitzak Archaeological and Anthropological Sciences aldizkarian argitaratu dira.

Europako
Irudia: ikertzaileek diziplinarteko arkeologia zientifikoko metodologia berritzaile bat aplikatu dute. (Argazkia: Caleb Oquendo – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pexels.com)

UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzailea da Ana Polo-Díaz, Historiaurreko Ikerketa Taldeko kidea da ere (Gizapre) eta k Archaeological and Anthropological Sciences aldizkariak publikatu duen artikuluaren lehenengo sinatzailea. “Iberiar Penintsulan lehen aldia da egitura mota horiek xehetasunez aztertzen direla metodologia sistematiko bat aplikatuz. Haien eraketa zehaztu eta haien funtzio espezifikoa hobetu, eta aztarnategia okupatu eta utzi ondoren izandako aldaketak ebaluatu ahal izan dira”, dio Polo-Díaz ikertzaileak. Ikertzaileek diziplinarteko arkeologia zientifikoko metodologia berritzaile bat aplikatu dute lan hori egiteko. Horien artean estratigrafia eta testura analisia, lurzoruaren kimika, mikromorfologia, petrografia eta luminiszentzia optikoki estimulatua (OSL) eta termoluminiszentzia (TL) bateratuta erabili dira.

“Lortutako emaitzek berresten dute ikertutako egituren jatorri antropikoa. Egitura horien kronologia bi okupazio fase desberdinekin lotzen da. Aspaldikoenak 9.300 eta 9.100 urte arteko antzinatasuna du, eta berrienak 8.700 eta 8.400 urte arteko antzinatasuna”, azaldu du Fernández López de Pablok, UAko Arkeologia eta Ondare Historikoaren Ikerketarako Unibertsitate Institutuko (INAPH) ikertzaileak.

Aurkitutako hondakinak: sutegiak eta labe bat

Okupazio fase zaharrenari dagokionez, aska labe bati legozkiokeen egitura hondarrak aurkitu dira. Horrez gain, labe horren errekuntza hondakinak metatzeko eremu bat ere, erabilera puntuala izango zukeena. Fase berrienari dagokionez, fase zaharrenarekin alderatuta azalera handiagoko jarduera eremuak identifikatu dira. Hauetan suaren ebidentziak ez ezik, 200 eta 400 urte bitartean hedatu zen kokaleku baten okupazioaren hondakinak dokumentatu baitira.

Lortutako datuek agerian uzten dute bizigarritasun baldintza klimatikoak egokiak izan zirela Antzinako Holozenoan El Arenal de la Virgen giza kokagunea izan zen denbora tarte espezifikoan. «Ingurumen baldintza horien bereizgarriak izan ziren giroko hezetasuna, tenperatura eta landare estalkia handitu egin zirela, Pleistozenoan eta Holozeno Ertainean, hurrenez hurren, gunea okupatu aurreko eta ondorengo uneetan kausitutako idortasun nabarmenaren aldean», diote ikertzaileek.

Ikerketa horren emaitzek bide berriak ireki dituzte Iberiar Penintsulako Historiaurreko azken ehiztari-biltzaileen taldeen aire zabaleko kokalekuak ikertzeko, giza eboluzioan erabakigarria izan zen garai batekoak direnak. Hain zuzen ere, azken glaziazio handia amaitu eta gaur egun gauden klima periodoa, Holozenoa, hasi zenekoak.

Argitaratu den azterlana PALEODEM (Late Glacial and Postglacial Population History and Cultural Transmission in Iberia) proiektuaren barruan dago. ERC Consolidator proiektu bat da, Europako Ikerketa Kontseiluak finantzatzen du, eta Javier Fernández López de Pablo, UAko ikertzaileak gidatzen du. Proiektuak helburu bat baino gehiago ditu. Alde batetik, Europako hego-ekialdeko historiaurreko azken ehiztari-biltzaileen demografian klima inpaktua zein izan zen argitzea. Beste aldetik, ebaluatzea nola eragin zion inpaktu horrek giza talde horien kultura transmisioari.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Mesolitoko sutegi berriak ikertzen ari dira Villenako El Arenal de la Virgen aztarnategian.

Erreferentzia bibliografikoa:

Polo-Díaz, Ana; Rabuñal, Jose Ramón; Guérin, Guillaume eta Fernández-López de Pablo, Javier (2023). Mesolithic hearth-pits and formation processes: a geoarchaeological investigation of sediments from El Arenal de la Virgen site (SE Iberia). Archaeological and Anthropological Sciences 15, 104. DOI: 10.1007/s12520-023-01794-5

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.