Asteon zientzia begi-bistan #449

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Geologia

Blanca Martinez geologoa Antropozeno terminoaz aritu da Zientzia Kaieran. Hitz hori Paul Crutzen kimikari atmosferikoak oihukatu zuen 2000. urtean lehen aldiz, eta izan zuen oihartzuna ondorioz gizartean eta komunitate zientifikoan onartu zen. Termino horrekin, Crutzenek adierazi nahi zuen gizakia gai izan dela gure planetako ziklo biogeokimiko naturalak aldatzeko azken hamarkadetan. Alabaina, geologiaren ikuspuntutik ez da denbora nahikoa pasa industrializazioaren hasieratik, eta, beraz, Antropozenoa ez da existitzen eskala geologikoko denbora-kontzeptu gisa. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Existitzen al da Antropozenoa, maiuskulaz?

Biologia

Azkenaldian ezagunak egin dira Iberiar penintsulako orkak itsasontzi batzuekin kontaktu zuzena izateagatik. Ikerketa berri batek jarrera bitxi hori ikertu du orken portaeraren jatorria ulertzeko, eta hainbat ondoriotara iritsi dira. Batetik, ohartu dira, Iberiar penintsulako azpi-populazio osotik, 9 orkek soilik dutela jarrera berezi hori. Bestetik, ikusi dute egoera horietan egon ziren itsasontzi gehienak belaontziak zirela, eta kasu gehienetan, animaliek ontziaren leman jartzen zuten arreta soilik. Ikertzaileek ez dute argi ikusten jarrera horren arrazoia, baina baztertu egin dute zuzenean gizakiaren kontrako erasoak direnik. Datuak Zientzia Kaieran: Iberiar penintsulako orken portaera bitxia.

Fisika

UPV/EHUko ikerketa batek diodo baten modeloa ikertu du beroaren garraioa aldatzeko helburuarekin. Zirkuitu elektrikoen diseinuan erabiltzen dira diodoak, eta teknologia horren printzipioa da norabide batean eroale izatea eta bestean aldiz isolatzaile. Hala, ikerketa honek berbera ikertu nahi izan du baina beroarekin, eta kasu mikroskopiko bat aukeratu da horretarako. Bi ioi erabili dituzte kasuan, eta ioi bakoitza bainu termiko batean dago, bata hotza eta bestea beroa. Teknologia kuantikoaren arabera, ikerketa honek erakutsi du posible dela bi ioiekin bakarrik diodo bat sortzea, eta orain modelo hori inplementatuko da AEBtan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Elektrizitatetik berora: diodo termikoen mundua esploratzen.

Astronomia

Cassini misioak, bere azken uneetan, Saturnoren eta eraztunen artetik igarotzeko aukera izan zuen eta horrek eraztunen adinaren inguruko hainbat ikuspuntu ekarri dizkigute. Aurtengo maiatzean argitaratu den ikerketa berri batek Saturnoren eraztunak 400 milioi urte dituztela dio. Horiek osatzen dituzten partikulak planetaren gainera erortzen doaz poliki-poliki eta, beraz, 100 milioi urte ingururen buruan, erabat desager daitezkela kalkulatu dute ikertzaileek. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Saturnoren eraztunen adina.

Klima-aldaketa

Dagoen latituderako Europari daukan tenperatura epela bermatzen dion Golkoko itsaslasterra — zientzialariek Atlantikoko iraultze meridionaleko zirkulazioa (AMOC) izenez ezagutzen dutena— uste baino lehenago eten daitekeela jakinarazi du Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek. Ikertzaileen arabera, arabera, 2057. urtearen inguruan gerta daiteke itsaslaster garrantzitsu horren kolapsoa. Groenlandiaren izotz urtzea dela prozesu horren eragile handiena aipatu dute, eta atzetik doakiola Artikoko izotz geruzaren urtzea. Informazio osoa Berrian: Golkoko itsaslasterra uste baino lehenago eten daitekeela ohartarazi dute.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.