Asteon zientzia begi-bistan #414

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

kimika zirkularra

Klima-aldaketa

Climahealth izena du eta klima eta osasun publikoari buruzko plataforma global bat da. Meteorologiaren Mundu Erakundeak eta Osasunaren Mundu Erakundeak elkarlanean sortua, xedea gai huen inguruko diziplinarteko informazioa eskaintzea da. Lau ataletan banatuko da plataforma: informatzea eta ulertzea, ekitea, ikastea eta konektatzea. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Urriaren 14tik 16rako asteburuan, Gorlizeko itsasargi inguruan paseatzen zebiltzanek animalia-gorpu baten berri eman zuten. Animalia hori zifio bat zen, zetazeoen taldeko animalia ezezagunena. Animalia oso bitxiak dira zifioak. 13 metro luze eta 15 tona izatera irits daitezke, eta oro har, 1.000 metroko sakoneretan egon ohi diren arren, 3.000 metroan ere aurkitu izan dira. Sakonera hauetaraino urperatzeko, noski, moldapen txundigarriak dituzte. Inoiz erregistratu den urperatze luzeena zifio batek egin zuen 2017an, hiru ordu eta 45 minutuz ur azpian egon ondoren. Ekintza hau burutzeko, presio hidrostatikoari eta deskonpresioari aurre egiteko moldapenak dituzte zifioek. Honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke: Itsaso sakoneko zetazeo talde misteriotsua.

Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (III) argitaratu du Eduardo Angulok Zientzia Kaieran. Oraingoan tomatearen etxekotzeari buruzko ikerketa berri bat azaldu du. Lan horretan 628 gene-sekuentzia aztertu dituzte, hiru espezie eta barietateetatik abiatuta. Azterketa honetatik hiru hipotesi proposatu dituzte ikertzaileek. Bi hipotesiren arabera tomate espezie eta barietateak Perutik eta Ekuadorretik iparralderantz mugitu ziren, Mexikora heldu arte. Hirugarren hipotesiak aldiz, proposatzen du cerasiforme barietatea iparralderantz igaro zela, gero Hego Amerikara itzuli zela handiagoa izanik, eta iparralderantz itzuli zela berriz etxekotzeko bidean.

Geologia

Nazioarteko Geologia Zientzian Elkartearen 60. urteurrena ospatu zuten aurreko astean Zumaian, eta aitortza egin zieten geologia garatzeko ezinbestekoak izan diren munduko ehun lekuri. Leku horiek nazioartean garrantzi zientifikoa duten elementu edota prozesu geologikoak dituzten inguruneak dira. Horietako bat Zumaiako flyscha izendatu zuten. Izan ere, flyschean inon ezagutzen ez den xehetasunarekin irakur daitezke lurraren historiaren pasarte batzuk, bereziki duela 70 eta 50 milioi urte artekoak. Orain, espero dute aitortza honek flyschari nolabaiteko babesa ematen laguntzea. Honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: “Gure zientzia eraikitzeko ezinbestekoak izan diren lekuei aitortza egin diegu”.

Osasuna

Gaixotasun arraroak 10.000 pertsonako 5 kasu baino gutxiagoko prebalentziarekin gertatzen direnak dira, eta farmazeutikentzat ez da errentagarria horientzat sendagaiak sortzea. Beraz, gaixotasun arraroen ikerketa elkarlanen bidez egiten da. Esaterako, Alagille Sindromea (behazun-bideen alterazioa) eta bere tratamendua ikertzeko, Alianza Alagille Global taldea sortu zen 1993an. Orain, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutua eta Barakaldoko Gurutzetako Ospitalea batuko dira proiektu honetara. Talde honek gaixotasun arraro honentzat farmakoak eta saiakuntza klinikoak garatzea du helburu. Datuak Zientzia Kaieran: Gaixotasun arraroek aurrera egiteko funtsezkoa den elkarlaneko ikerketa.

Teknologia

Javier Garcia Martinez fisikako doktorea Bidebarrietako Liburutegian egon zen hitzaldia ematen. Urtarrilaz geroztik IUPAC Kimika Puru eta Aplikatuaren Nazioarteko Batasuneko presidentea da bera, eta hondakinak baliabide bihurtuta klima-aldaketari aurre egiteko moduez aritu zen. Kimika zirkularra da honen oinarria, hau da, produktu bat sortzeko unean, diseinatzerakoan, berreskurapena aintzat hartzea. Kimika zirkularraren adibide dira, besteak beste, moztu daitezkeen loturak dituen plastikoa edota CO2 erregaiak egiteko erabiltzea. Javier Garciaren esanetan, zientzia eta teknologia irtenbideak eta aukerak ematen ari zaizkigu eredu ekonomikoa aldatzeko, baina beharrezkoa da borondate politikoa eta gizartearen presioa. Azalpenak Berrian: «Ekoizteko modu berri bat behar dugu, zientzia eta teknologia ardatz dituena».

Astronomia

Txinak burutu du Tiangong estazioa eraikitzeko lanen lehen fasea. Honela, esperimentu zientifikoak ahalmen osoz egiteko aukera izango dute aurrerantzean. Mengtian esperimentuetarako bigarren modulua jaurti, eta Tianhe erdiko moduluan ongi akoplatu zuten hamahiru ordu baino gutxiagoan. 23 tonako masa du Mengtian moduluak, 4,2 metroko gehienezko diametroa eta 14,88 metroko luzera. Eguzki panelak irekita, ordea, 56 metro neurtzen ditu. Urte eta erdi baino gutxiago behar izan du Txinak 70 tonako espazio estazio iraunkor bat eraikitzeko, eta dagoeneko bederatzi pertsona bizi izan dira han. Datu guztiak Berrian.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.