Itsaso sakoneko zetazeo talde misteriotsua

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Urriaren 14tik 16rako asteburuan, Gorlizeko itsasargi inguruan paseatzen zebiltzanek animalia-gorpu baten berri eman zuten, itsasargi azpiko hondartza basati batean. Izurdea zirudien, baina dezente handiagoa. Nahiko deskonposatuta zegoen, hala ere, eta zaila zen identifikatzen. Ez zen izurde bat ordea, zifio bat baizik. Itsasoaren indarrak hondartza txiki horretara bultzatu zuen, jada hilik, eta horri esker, itsasoko ugaztun iheskorrenetako bat ikusi ahal izan zuten ibiltariek.

Ozeanoa hain sakon eta zabala izanik, gizakiarentzat oraindik eremu misteriotsua da zentzu askotan. Eta izaki misteriotsuak ditu; honen adibide dira zifioak. Inoiz entzun al duzu zifio izena? Ez da animalia ezaguna, egia esateko. Baina duen protagonismo falta ezin zaio tamaina apal bati egotzi, 13 metro luze eta 15 tona izatera irits baitaitezke. Zetazeoen taldeko familia bat osatzen dute zifioek. Talde ezezagunena dira zetazeo ospetsuen barruan, haien ekologia, dieta, populazio-egitura eta banaketaren inguruan oso gutxi ezagutzen baitugu. Gaur egunera arte, 24 zifio espezie deskribatu dira, baina horietatik hiru bat ezagutzen dira hoberen. Informazio falta honen arrazoia, animalia hauen berezko biologia da. Itsaso sakonean bizi dira, eta denboraren %8 soilik igarotzen dute itsas azalean. Oro har, 1.000 metroko sakoneretan egon ohi dira, baina 3.000 metroan ere aurkitu izan dira.

zetazeo
Irudia: biologiaren azalpen asko falta dira oraindik zifioa ongi ulertzeko. (Irudia: Emmanuelbaltasar – CC-BY-4.o lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Dena da berezia animalia honetan. Zetazeoen barruan, odontozetoak dira, hau da, horzdun zetazeoak (besteak mistizetoak dira, eta hortzen ordez “bizarrak” dituzte), baina bitxiki, askok ez dute hortzik. Espezie gehienetan hortz pare bakarra izaten dute, baina arretan soilik irteten dira hortzoietatik. Emeek, beraz, ez dute hortz funtzionalik. Nola elikatzen dira, beraz, zifioak? Bada, animalia hauek zurrupatu egiten dituzte beren harrapakinak. Oro har, zefalopodoez elikatzen dira, sakonera handietan bizi diren olagarro, txipiroi eta halako organismoez. Azken urteetako ikerketa batzuek erakutsi dute, halere, itsas sakoneko arrain txikiak ere ehizatzeko gaitasuna dutela.

Baina oraindik ez dira bitxikeriak amaitu. Zifioek, ugaztunak izanik (zetazeoak ugaztun urtarrak dira), birikak dituzte, eta beraz, airea arnastu behar dute. Horrek esan nahi du noizbehinka itsas azalera igo behar dutela arnasa hartzeko, eta uretan murgilduta dauden bitartean arnasari eusten diotela. Bada, inoiz bildu den urperatze luzeena Cuvier zifio batek egin zuen 2017an. Itsas azalean arnasa hartu eta gero, hiru ordu eta 45 minutuz egon zen ur azpian. Gizaki batek apnean duen errekorra 24 minutukoa da, baina geldirik egonda eta oxigeno purua arnastu eta gero. Zifioek ordu erdiz egin dezakete igeri sakonera ikaragarrietara, bertan zefalopodoak edo arrainak ehizatu eta berriz gorantz igeri egin, hori dena presio hidrostatiko izugarrien kontra.

Agian buzeoaren zaleak direnei zalantza bat sortuko zitzaien jada zifioen murgiltze-gaitasunak ezaguturik: nola egiten diete aurre animalia hauek deskonpresioari? Zer da zehazki deskonpresioa? Labur azalduta, uretan geroz eta sakonago murgildu ahala, azken arnasaldian inhalatutako aireko nitrogenoa (airearen %78 nitrogenoa da eta %21 oxigenoa, gutxi gora behera) odolean disolbatzen da, presio altuaren ondorioz. Beraz, sakoneran egon ostean berriz itsas azalerantz igotzean, presioa gutxitzearekin odolean disolbatutako nitrogenoa gas bihurtzen da berriz. Presio ezberdinerako trantsizioa bizkorregi eginez gero, nitrogenoak biriketatik motel alde egin ordez, burbuilak sortzen ditu odol-hodietan eta gorputzeko zenbait ehunetan. Horrek kalte izugarriak sor ditzake ehun eta organo mailan. Hau da, hain zuzen ere, deskonpresio-gaitza.

Bada, zifioek deskonpresioari aurre egiteko hiru mekanismo ezberdin dituzte. Lehenik eta behin, zifio bat ur sakonera murgildu aurretik, birikak ia erabat kolapsatzen ditu. Horrela, nitrogenoaren gas-trukea asko murrizten dute, eta hura odolera kantitate txikian pasako da. Teoria berri batek iradoki duenez, gainera, zifioek odol-zirkulazioa aldatzen dute, eta gorputzeko odol gehiena kolapsatutako biriken inguruan biltzen dute; arnastu duten nitrogenoa gorputzeko beste organoetara joatea galarazten dute horrela. Azkenik, itsas azalera itzultzeko bidean, animaliak poliki-poliki birikak deskolapsatzen ditu, gradualki odola biriken eremu irekietara bideratzen du eta, horrela, odolean zegoen nitrogenoa kanporatzen da.

Gaur egunera arte dakigunagatik, beren bizimodura modu ikaragarri onean moldatutako animaliak dira zifioak, baina esan bezala, haien biologiaren azalpen asko falta dira oraindik zetazeo hau ongi ulertzeko. Itsas hondoko ehiztariak dira, uretan sakon murgiltzeko gaitasun paregabea duten ugaztunak, misteriotsu zein ederrak. Behin Jacques Cousteau esploratzaileak esan zuenari omen eginez, “Maitatzeko, ezagutu egin behar da”, eta zifioak horren adibide argia dira.

Erreferentzia bibliografikoak:

Santos, M. B., Pierce, G. J., Herman, J., López, A., Guerra, A., Mente, E., & Clarke, M. R. (2001). Feeding ecology of Cuvier’s beaked whale (Ziphius cavirostris): a review with new information on the diet of this species. Journal of the Marine Biological Association of the United Kingdom. 81,687-694. DOI: 10.1017/S0025315401004386

B. MacKinnon (2021). An Entire Group of Whales Has Somehow Escaped Human Attention. The Atlantic, 2021eko martxoak 30


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

1 iruzkina

  • […] Urriaren 14tik 16rako asteburuan, Gorlizeko itsasargi inguruan paseatzen zebiltzanek animalia-gorpu baten berri eman zuten. Animalia hori zifio bat zen, zetazeoen taldeko animalia ezezagunena. Animalia oso bitxiak dira zifioak. 13 metro luze eta 15 tona izatera irits daitezke, eta oro […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..