K2-18 b: mundu oparo bat Leo konstelazioan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

124 argi urtera dagoen exoplaneta batean karbono dioxidoa eta metanoa identifikatu ditu James Webb espazio teleskopioak. Biomarkagailua izan daitekeen konposatu bat benetan ote dagoen egiaztatu nahi dute orain.

Prozesua ez da batere lasaia izango, inondik inora. Kontrara, ia-ia sufrikario baten antzerakoa izango da. Behin baino gehiago aipatu dugu hemen Lurretik kanpoko bizitza aurkitzeko abentura –inoiz lortzekotan– seguru aski graduala izango dela. Oso graduala, gure pazientzia eza areagotzeko. Pelikuletan ez bezala, ez du ematen inoiz ikusiko dugunik agintari garrantzitsu bat prentsaren aurrean gizateriaren historiako albiste garrantzitsuena ematen. Eta ez da izango politikariek hori egitea nahi izango ez luketelako, Bill Clintonek ALH84001 meteoritoarekin erakutsi zuen moduan.

K2-18 b
1. irudia: Lurraren eta Neptunoren arteko tamaina du K2-18 b exoplanetak, eta bere izarraren bizigarritasun eremuan kokatuta dago. (Irudikapen artistikoa: NASA, CSA, ESA, J. Olmstead (STScI))

Zerbait aurkitu ala ez, prozesua aterabiderik ez duten bideez josita egongo da. Zenbaitetan, horietan abiatu eta gutxira jakingo da bide antzuak direla. Beste batzuetan, berriz, luzeago joko du jakitea bide horietan itxaropen zantzurik ote dagoen.

Duela gutxi aurkeztu den aurkikuntzaren kasua izan daiteke: momentuz aurrera begira zer emango ez duen argi ez dago. James Webb espazio teleskopioaren bitartez Lurretik 124 bat argi urtera dagoen K2-18 b exoplanetan karbono dioxidoa eta metanoa detektatu dituelako zientzialari talde batek. Gas horien aztarnak nahiko modu argian ziurtatu dituzte behaketek. Modu berean, amoniako gutxi hauteman dute, eta horrek indartzen du mundu horretan hidrogeno askoko atmosfera bat egoteko posibilitatea.

K2-18 izar nano gorriaren inguruan orbitatzen duen planeta da K2-18 b, Leo konstelazioan. Lurraren eta Neptunoren arteko tamaina duen planeta da —Lurraren masa halako 8’6, eta tamaina halako 2,7, gutxi gorabehera—. Beraz, gure Eguzki Sisteman ez luke parekorik izango. Gauzak hala izanik, astronomoen artean eztabaida handia dago halako planeten izaeraz, askotan argi espektro apur batzuekin eta beren ezaugarri orbitalen kalkuluekin espekulatzea beste aukerarik ez dagoelako.

Normalean, Lurra bezalako arrokazko planeta batean metanoa biomarkagailu bat izan zitekeen, jatorri abiotikoa izan badezake ere —kasurako, azken urteotan dozenaka albiste eta espekulazio eratu dira Marten atzemandako aldizkako metano isurien kontura—. Baina, planeta honen kasuan bederen, metanoa ezin daiteke jo biomarkagailutzat: tamainaren eta orbitaren ezaugarrien arabera, atmosferaren eraketak adierazten du mundu hizeaniko bat dela, eta, horietan, metanoa ez omen da biziaren adierazgarri.

Hizeaniko hitza ez da, ez, errata bat. “K2-18 b exoplaneta hizeaniko bat dela iradokitzen duten aurreko ikerketara gehitzen zaie aurkikuntza hau” azaldu du ESA Europako Espazio Agentziak prentsa ohar batean. Mundu hizeanikoak hidrogeno ugariko atmosfera eta ur ozeanoez beteriko lurrazala dituzten planetak dira, agentziak berak zehaztu duenez. Momentuz, zientzia artikuluak ez du igaro publikoki adituen ebaluazio prozesua, baina ESAk ziurtatu du The Astrophysical Journal Letters aldizkarian argitaratzeko onartuta dagoela

Hortaz, Hubble teleskopioari esker aurretik egindako behaketek susmatzen zutena berretsi du James Webbek. Honaino, aurkikuntza txukuna, baina ez ia-ia astero ezagutarazten direnak baino askoz deigarriagoa. Kontua da beste molekula baten zantzuak detektatu dituztelakoan daudela. Zehazki, planetaren espektroan dimetil sulfuroa egon daitekeela iradoki dute. Zantzuak baino ez dira, eta emaitzak ez omen dira estatistikoki oso indartsuak. Baina etorkizunean behaketa berriak hori egiaztatuko balute, ur handitan sartuko ginateke. Dimetil sulfuro handitan, txantxa onartzen baldin bada.

K2-18 b
2. irudia: espektroa NIRISS eta NIRSpec tresnekin eskuratu dute, James Webb espazio teleskopiotik. (Irudia: NASA, ESA, CSA, Ralf Crawford (STScI), Joseph Olmsted (STScI))

Izan ere, konposatu hori Lurrean bederen jatorri biologikoa baino ez du. Zehazki, ozeanoetako fitoplanktonak sortzen du batez ere. Ondorioz —eta kontuan izanda K2-18 b bizigarritasun eremuan dagoela—, baieztatuz gero, biomarkagailu nahiko adierazgarria izango litzateke. Lurretik kanpoko biziaren lehen zantzu indartsuak.

Ez bota errua —ez oraingoan behintzat— hedabideei, ezta ESAren edo NASAren prentsa bulegokoei. Egileek berek aipatzen dute aukera hori, non eta abstract edo laburpenean bertan: “considerations of possible biological activity on the planet”. Testu serio batean emojiak onartuko balira, dantzari flamenkoaren ikonotxoa letorke orain.

Halako adierazpen baten tamainaren aurrean, prentsa oharrean tonua jaitsi dute. Halakoetan egin ohi den bezala, ESAren oharrean itxaropenaren eta zuhurtziaren artean nabigatzen ahalegindu dira. Diotenez, bizigarritasun eremuan egoteak eta karbonodun molekulak edukitzeak ez dute zertan esan halabeharrez behatutako planeta bizia sostengatzeko gai dela. Argudiatu dutenez, haren tamaina aintzat hartuta, litekeena da bertan izotz geruza oso pisutsua egotea lurrazalean, izugarrizko presioa eragingo lukeena. Modu berean, hidrogeno asko lukeen atmosfera hori oso mehea izan liteke. Kontrako argudioen artean ere aipatu dute ozeanoak edukita ere, bertako ura beroegi egon litekeela.

“Dimetil sulfuroaren inferentzia ez da hain indartsua, eta eskatzen du balidazio gehiago”, ohartarazi du ESAk.

Ondorioz, behaketa gehiago egin beharko dituzte molekula hori benetan planeta ote dagoen egiaztatzeko. Arras ezaguna zientziaren eta, oro har, ezagutzaren alorrean erabili ohi den irizpidea: ezohiko adierazpenek ezohiko frogen beharra dute. Eta oraingo hau, zalantza barik, halako kasu bat da.

Aurretik askatzen ez badituzte —sortu den zalaparta kontuan izanda, hala izan liteke ere—, 2024ko urtarriletik aurrera eskuragarri egingo dituzte ikerketan erabilitako lehen datuak. Beraz, ordura arte ezin izango dira erreplikatu orain aurkeztutako datuen analisiak. Pazientzia landu beharko da ordura arte.

Erreferentzia bibliografikoa:

Madhusudhan, Nikku; Sarkar, Subhajit; Constantinou, Savvas; Holmberg, Måns; Piette, Anjali; Moses, Julianne I. (2023). Carbon-bearing Molecules in a Possible Hycean Atmosphere. arXiv, 2309.05566 astro-ph.EP. DOI: 10.48550/arXiv.2309.05566


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.