Nostalgiaren bertuteak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Iragana nostalgiaren erreferentzia da, baina haren esparru psikologikoa etorkizunera heda daiteke. Nostalgia sentimenduak unibertsalak dira, eta, gertakari arrunten oroitzapenekin aldetuta, baikortasuna areagotzen dute edo, gutxienez, baikortasun adierazpenak sortzen dituzte.

nostalgia
Irudia: iragana nostalgiaren erreferentzia da, baina haren esparru psikologikoa etorkizunera heda daiteke. (Argazkia: Miray Bostancı – Domeinu publikoko irudia. Iturria: pexels.com)

Hori da egin diren lau azterlanen ondorio nagusia. Azterlan horietan, zehaztuko ez ditudan hainbat prozedura erabiliz, aztertu da nostalgia sentimenduek zein neurritan sortzen duten baikortasuna, baita harreman horretan bitartekari diren prozesu mentalak ere. Ikerketak adin ezberdinetako eta hiru nazionalitatetako (estatubatuarrak, danimarkarrak eta ingelesak) gizon eta emakumeekin egin dira.

Lehenengo azterlanak harremanaren existentzia posiblea identifikatzeko balio izan zuen. Bigarrenak erakutsi zuen nostalgia sentimenduen indukzio esperimentalak pertsonen baikortasuna areagotzen duela. Hirugarrenak aurrekoaren aurkikuntzak erreproduzitu zituen, eta, horretarako, abesti nostalgikoen eta, kontrol gisa, abesti arrunten esposizioa erabili ziren. Hirugarren azterlan horrek agerian utzi zuen autoestimua bitartekari gisa aritzen dela nostalgiak baikortasunean duen eraginean. Hau da, nostalgia sentimenduek autoestimua hobetzen dute, eta azken horrek, dirudienez, baikortasuna areagotzen du.

Behaketa hori bat dator aurreko aurkikuntzekin, eta horien arabera norberaren iraganeko oroitzapenek norberaren maitasun sentimenduei eusten laguntzen dute. Baina, gainera, ezagutza hori etorkizunera zabaltzen du; izan ere, nostalgiak eragindako autoestimu sentimenduek gure etorkizuneko perspektibak hobetzen lagun diezagukete. Laugarren azterketak prozesu horiek gehiago argitzen lagundu zuen, esperimentuetan parte hartu zuten pertsonak abesti nostalgikoen letren eta, kontrol gisa, abesti arrunten letren eraginpean jarriz. Laugarren azterlan horren bidez, kausazko sekuentzia zabalago bat ezarri zen sentimendu nostalgikoen eta autoestimuaren arteko loturarako, harreman horren bitartekari gisa gizarte konektibitatearen sentsazioa sartu baitzen.

Beraz, nostalgiak gizarte konektibitatearen sentsazioa sustatzen du; horrek, era berean, autoestimua areagotzen du, eta autoestimu handiago baten ondorioz, baikortasuna areagotzen da. Edo, beste era batera esanda, parte hartzaileek autoestimua handitzea amets nostalgikotik eratorritako gizarte konektibitatearen sentimendu biziago baten ondorioa da; eta autoestimu handiago horrek, bestalde, baikortasuna areagotzen du.

Jakina da baikortasunak ongizatea eta onurak eragiten dituela osasunari dagokionez. Horregatik, eta esperimentu horietan lortutako emaitzen arabera, nostalgia ongizaterako bide oso egokia izan daiteke, portaera osasungarriak eta harremanetan arrakasta bultzatuz. Gainera, oroitzapen nostalgikoetara jotzea tristura, bakardade, asperdura edo zalantza existentzialeko aldietan areagotu ohi denez, lan honetan lortutako emaitzen arabera, nostalgiak, baikortasuna sustatzean, pertsonei ezbehar psikologikoari aurre egiten lagun liezaieke. Nostalgia, lanaren egileen arabera, azken batean, pertsona baten iragana, oraina eta etorkizuna konektatzeko katalizatzailea izan daiteke, jarraitutasun zentzua emanez.

Egileen hitz ia testualak (baina itzuliak) erabiliz, lan honen ondorioa da “nostalgia ez dela kaxoi batean giltzapean gordetako sepiako argazki zahar bat. Nostalgiak irismen handiko ahalmena du, eta jarraitu beharreko bidea argi diezaguke”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Cheung, Wing-Yee; Wildschut, Tim; Sedikides, Constantine; Hepper, Erica G.; Arndt, Jamie; Vingerhoets, Ad J. J. M. (2013). Back to the Future: Nostalgia Increases Optimism. Personality and Social Psychology Bulletin, 39(11), 1484-1496. DOI: 10.1177/0146167213499187


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.