Aldapan gora… txiklea murtxikatzen

Dibulgazioa · Gaztezulotik

Zoro moduen musturrek sartunde ibili ginen Gatiburekin, ongi etorria emateko eskatzen Esne Beltzakoen eskutik, arnasa hartu ezinik aldapan gora Huntzakoekin eta, urtero, udaberri hasierarekin, Zea Maysek negua joan dela buruan sartzen digu berriro.

Benetan buruan izan ere. Burutik atera ezinik ibiltzen baikara abestia, eta, abestia baino gehiago, abesti zatitxo bat. Belarri-harra (earworm) izena hartzen du buruan behin eta berriro “entzuten” dugun eta burutik atera ezin dugun melodia horrek. Abestiekin ez ezik, publizitateko jingleekin edo melodiekin ere gertatzen zaigu.

Ez dago guztiz argi zer gertatzen den ditxosozko melodia behin eta berriro buruan bueltaka dugunean. Badirudi zirkuitu neuralak trabatuta geratzen direla errepikatzen den begiztan, buruaren jabeak hala nahi edo ez nahi.

txiklea
Irudia: txiklea murtxikatzeak oroitzapenean dugun musika “entzutea” oztopatzen du, beraz, lagungarria izan daiteke buruan behin eta berriro “entzuten” dugun melodia hori burutik ateratzeko. (Argazkia: Yuri Manei – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Esperientzia unibertsala da, mundu mailan gertatzen dena. Egia da zenbait pertsonak belarriko harrak izateko sentikortasun handiagoa dutela, musikariek eta nahasmendu obsesibo-konpultsiboa dutenek, esaterako.

Eta badakigu askoren mina tontoen atsegina dela, baina onar dezagun, kontsolamendu pixka bat ere badakar; beraz, hona datua: gizakien % 98ri eragiten dio fenomenoak.

Ihes egiterik ez dago

Ia erabat unibertsala den gertakizunaz ari gara, beraz. Alienak topatu arte, behintzat. Hala izanik, zientziak, noski, kontua aztertu du. Ez-borondatezko musika-iruditeria (Involuntary Musical Imagery edo INMI, ingelesez) da jarri dioten izen zientifikoa eta zenbait ezaugarri dituela topatu da: abesti zatiak izaten dira normalean, 15 eta 30 segundo artekoak. Letra duten abestiak izaten dira kasu gehienetan, % 73,7 (telebista iragarkiak eta jingleak % 18,6, eta abesti instrumentalak % 7,7).

Londreseko unibertsitateak 2016an egindako ikerketa bat pauso bat harago joan zen. Abesti baten populartasunak eta ezaugarri melodikoek belarri-harra bihurtzen laguntzen ote duten ikertu zuen. Eta, earworm bilakatzen ziren abestiek, kasu gehienetan, Mendebaldeko pop musikaren osagaiak zituztela topatu zuten.

Eta gainera, bidean, ikerketan parte hartutakoek gehien izendatu zituzten abestien zerrenda osatu zuten. Lehen postuan nor izan zela uste duzue? Bada, Lady Gaga jaun eta jabe. As-ti-ro, pasito a pasito, suave suavecito zerrendan ez egoteak argi uzten du 2016an emandako erantzunak direla.

Gaur egun egingo balitz, eta globalizazioa gorabehera, pentsa liteke tokien arabera emaitzak aldatuko liratekeela. Hala ere, hona aipatuen izan ziren bederatzi abestiak, hurrenez hurren:

  1. Bad Romance, Lady Gaga
  2. Can’t Get You Out Of My Head, Kylie Minogue
  3. Don’t Stop Believing, Journey
  4. Somebody That I Used To Know, Gotye
  5. Moves Like Jagger, Maroon 5
  6. California Gurls, Katy Perry
  7. Bohemian Rhapsody, Queen
  8. Alejandro, Lady Gaga
  9. Poker Face, Lady Gaga

Atera burutik!

Laburbilduz, ia mundu guztiari eragiten dio, kasu gehienak letra duten zatitxoak izaten dira eta pop musika izaten da, batez ere, protagonista. Izan gaitezen praktiko, baina. Zelan, jainkoarren, zelan atera dezakegu burutik abestitxoa?

Horretan ere ibili da zientzia. Albiste txarra lehenengo: ez dago erabateko sendabide hutsezinik. Baina badira lagungarriak izan daitezkeen hainbat estrategia, Jose Ramón Alonso neurobiologoak azaltzen duenez:

Lehenengo estrategia abestia bere osotasunean entzutea da. Esan bezala, abesti osoa baino, abestiaren zatiren bat da buruan bueltaka izaten duguna eta, abesti osoa entzutean, begizta horretatik atera eta nolabaiteko bukaera lortzen dugu.

Abestitik arreta desbideratzea da beste modu bat. Norbaitekin hitz egin, txistu egin, zenbatu, bestelako abestiren bat entzun… Belarri-harrak baliatzen dituen garuneko baliabide berdinak erabiltzen ditugulako funtzionatzen du metodo honek. Arrazoi berbera dela medio, baliagarria izan daiteke ondo ezagutzen den abestiren bat abestea.

Entzungor egitea da gomendatzen den beste jokabide bat. Buruan dabilen abestitxoa kontuan ez hartzea eta, eskolan zirika dabilen umeak bezala, aspertu eta bakean utziko gaitu.

Eta topatu duten azken metodoa asmatuko zenuten honezkero, artikuluaren tituluan doa eta: txiklea jan. Bai, ondo irakurri duzu. Txiklea murtxikatzea.

Hitz egitearekin lotutako programazio motorrari eragiten omen dio txiklea murtxikatzeak eta azpibokalizazioa (abestien hitzak buruan esatea) galarazten omen du. Horrela, buruan abestiaren hitzak ezin esan eta, puf! desagertu egiten da abestia.

Baina hitz egin dezagun pixka bat txiklea jateaz. Dirudien baino mami gehiago baitu kontuak. Izan ere, garunari eta bere funtzionamenduari eragiten omen dio. Txiklea murtxikatzeak oroitzapenean dugun musika “entzutea” oztopatzen du. Txiklea jateak memorian duguna atzitzea zailtzen duela, aizue!

Hortaz, badakizue, Alboka taldearen bolumena igo eta martxan jartzen gare, ez gaituzu maite, baina gu hemen gaude aldarrikapena buruan behin eta berriro baldin baduzue, ziur aski ez zaudete bakarrik esperientzian; zuen garuna begizta batean dabil atera ezinik eta, irtenbide zehatz eta magikorik ez badago ere, aukeraren bat baduzue abestiari “ikusi arte” esateko. Bila ezazue beste bat eta esan aurrekoari Agur!

Erreferentzia bibliografikoak:


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.


Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2021eko urrian, 232. zenbakian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.