Azken hamarkadetan gora egin dute dieta desorekatuaren ondoriozko gaitzek, hala nola, obesitateak eta 2.motako diabetesak. Osasunerako Mundu Erakundearen (OMEren) arabera, 2016ean helduen %36ak gainpisua zuen eta %13ak obesitatea. 2.motako diabetesaren prebalentzia handituz doa, 2016ean %8,5ekoa zen eta 1,6 milioi heriotza eragin zituen.
Gaixotasun hauek gizartean arazo kezkagarri bihurtu dira, gizabanakoarentzat, familiarentzat eta gizartearentzat oso kaltegarriak diren konplikazio kronikoak dituelako eta osasun kostu handiak dakartzatelako. Horiei aurre egiteko tratamendu dietetiko desberdinak erabiltzen badira ere, zaila da pazienteen elikadura portaera moldatzea eta interbentzioek ez dute behar beste eraginkortasun.
Zenbait ikertzailek aldizkako baraua aztertu dute gaixotasun horiek tratatzeko aukera bezala. Aldizkako baraua elikadura-eredu bat da, elikatzeko modu bat, barau tarteak eta elikagaiak irensteko aldiak bereizten dituena. Helburu desberdinak bilatzen badira ere, gorputz osaera eta osasuna hobetzeko asmoz jarraitzen da gaur egun. Baina, benetan erabilgarria al hobekuntza horiek lortzeko?
Baraualdi motak
Lehenik eta behin, aldizkako baraualdi motak bereizi behar ditugu:
- Txandakako eguneko baraualdia: Baraualdiak egun osokoak dira eta astean zehar egun txandakatuetan egiten dira. Hau da, barau-egunak eta ingesta-egunak txandakatzen dira.
- Energiaren aldizkako murrizketa baraualdia: Programatutako barau-egunetan behar energetikoen % 20-25 kontsumitzen da. “5:2” dieta ezaguna mota honetakoa da: asteko bi egun jarraitan energia ingesta asko murrizten da baraua eginez, eta gainerako 5 egunetan energia-ekarpen normala hartzen da.
- Denbora murriztuetako baraualdia: Egunero egiten da baraua, egunean zehar barau eta ingesta tarteak txandakatuz. “16:8” eredua da ohikoena, eguneko 24 orduetatik 16 ordutan baraua egin eta gainerako 8 orduetan energia-ekarpen normala egiten da.
- Baraualdi erlijiosoak: Arrazoi erlijiosoak helburu duten barauak dira. Aipagarriena Ramadaneko hilabete sakratuan egiten den baraua da, egunsentitik ilunabarrera arte dirauena. Praktika dietetiko ohikoena eguzkia sartu ondoren janari ugari hartzea eta egunsentia baino lehen janari gutxiago kontsumitzea da.
Baraualdiak obesitatean duen eragina aztertu duten ikerketetan ikusi dute baraualdia gai dela pisu galera eta gantz-masaren murrizketa eragiteko. Bestalde, baraualdiak diabetesaren parametroak hobe ditzakeela ikusi da.
Dena den, efektu horiek gizabanako batek behar duena baino energia gutxiago kontsumitzeak eragindakoak dira eta ez dira baraualdiak eragiten dituen prozesu fisiologiko konkretuek eragindakoak. Hortaz, aldizkako barauldia dieta hipokaloriko mantendua (herri mailan “dieta” deitzen dioguna) jarraitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako aukera bezala plantea liteke.
Are gehiago, zenbait eragin onuragarri energia murrizketarik gabeko ariketa fisikoak sortutakoen berdinak dira. Hortaz, azken hori ezin da alde batera utzi gaitz horiei aurre egiterakoan.
Dietaren kalitateari dagokionez, lanek energia murrizketari erreparatzen diote batez ere, nutriente ingestari beharrezko garrantzia eman gabe. Hortaz, zentzu horretan ikerketak motz gelditzen dira, murrizketak, aldizka edo ez, gomendatzean nutriente esentzialen beharrak asetu behar baitira.
Esan behar da ere, ez dela aurkitu aldizkako baraualdiak izan ditzakeen albo ondorioen inguruko lanik. Hori horrela, ikerketa gehiago egin beharko lirateke albo-ondorioak ondo zehaztu eta barauak egiteko jarraibide egokiak izateko.
Azkenik, azpimarratu behar da nutrizioan eta dietetikan adituak diren osasun profesionalak ditugula, Dietista-Nutrizionistak. Profesional hauek obesitatearen eta 2.motako diabetesaren tratamenduan funtsezko giltzak dira.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 44
- Artikuluaren izena: Aldizkako barauaren efektuak obesitatean eta 2.motako diabetesean
- Laburpena: Aldizkako baraualdia eguneko elikagai ahorakina ingesta-aldi eta barau-aldietan banatzen duen elikadura mota da. Estrategia dietetiko hau asko erabiltzen da zenbait efektu onuragarri eragin ditzakelakoan. Horrela, obesitateari eta diabetesari aurre egiteko izan ditzakeen efektuak ikertzen ari dira. Lan honetan gaiari buruzko errebisio sistematikoa egin da. Aipatutako gaixotasunetan baditu eragin desiragarriak, zenbait parametrotan eragiten baitu: gorputz-osaeran, gantz-masan, lipido plasmatikoetan, odoleko glukosa kontzentrazioan edo/eta intsulinarekiko erantzunean. Baina, efektuok energia murrizketari berari sor zaizkio, izan ere energiaren murrizketa mantenduak berak sortzen dituen efektuak antzekoak baitira. Zientifikoki oraindik ez dago behar adineko ebidentziarik. Izan ere, literaturan argitaratuta dauden ikerketek ez dute lantzen dietaren kalitatea; honek eragin nabariagoak izan ditzake gaixotasunetan, kaloria eta janaldi murrizketa edozein izanik ere. Gainera, gutxi aipatzen dira estrategia hau jarraitzean gerta litezkeen albo-ondorioak, profesionalek gertutik zaindu beharko lituzketenak.
- Egileak: Maialen Diez, Maialen Vázquez-Polo, Silvia Matias, Gesala Perez-Junkera, Leire Cantero, Arrate Lasa, Virginia Navarro, Idoia Larretxi eta Itziar Txurruka
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 27-40
- DOI: 10.1387/ekaia.23620
Egileez:
Maialen Diez, Maialen Vázquez-Polo, Silvia Matias, Gesala Perez-Junkera, Leire Cantero, Arrate Lasa, Virginia Navarro, Idoia Larretxi eta Itziar Txurruka UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Nutrizio eta Bromatologia Saileko eta GLUTEN3S ikerketa-taldeko ikertzaileak dira.