Asteon zientzia begi-bistan #463

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Ingurumena

Ikerketa berri baten arabera, baso tropikaletan zuhaitz espezie gehiago bil daitezke, zuhaitzen plantulak gurasoengandik hurbil daudenean ez direlako hain ondo hazten. Prozesu hori “espezieen aldarapena” teoriaren bitartez azaldu dute ikertzaileek. Teoria horren arabera, haziak, askotan, ez dira hain ondo hazten beren guraso zuhaitzetatik gertuko lurzoruetan, baina bai loturarik gabeko zuhaitzetatik gertu dauden lekuetan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: ‘Espezieen aldarapenak’ biodibertsitate handia ahalbidetzen du zuhaitz tropikaletan.

Osasuna

Garikoitz Azkona UPV/EHUko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Saileko ikertzaileak Zientzia Kaierako artikulu batean deskribatu ditu gizarte-isolamenduak eragindako depresioaren neurobiologian egin diren aurrerapenak. Azaldu duenez, isolamendu sozialak eragindako bakardade-sentimenduak eragina izan dezake estres kronikoan. Estres kronikoak, bestalde, garuneko serotonina-maila gutxitzea eragin dezake eta, ondorioz, depresioa eragin. Azkonak adierazi du munduan 280 milioi pertsonak dutela depresioa (%3,8), eta intzidentzia emakumeetan handiagoa dela.

Paleontologia

Zestoako Erralla koban aurkitu da orain arte munduan identifikatu den txakur fosil zaharrena. Izatez, animalia horren aztarnak 80ko hamarkadan topatu ziren, baina ezin izan zuten hura segurtasun guztiz identifikatu. 2022. urtean, ordea, UPV/EHUko Human Evolutionary Biology ikerketa taldeak humeroaren arrastoetan datazio erradiokarbonikoa egin zuten. Hala ziurtatu ahal izan zen duela ~17.000 urte bizi izan zela animalia hura, eta, genetikoki, kanidoa txakur bat zela. Aurkikuntza horrek galdera berriak sortu ditu txakurraren etxekotze-prozesuaren inguruan, uste baino lehenago gertatu baitzen. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Txakurraren jatorriaz mintzo den fosil zaharrena.

Astronomia

Artizarraren balizko jarduera bolkanikoaren azterketa gori-gorian dagoen gaia da. Orain arte ziurtatu ahal izan da, gaur egun aktiboa ez bada, duela gutxi izan dela. Azken kronologien arabera, planetaren azalerarako adin-tarte zabala da: 1.000tik 150 milioi urtera doa. Adin horiek azaleko kraterrak zenbatuz kalkulatu dira, zenbat eta krater gehiago, orduan eta antzinakoagoa izaten baita azalera. Gainera, informazio hori erabiliz, ikerketa berri batek adierazi du Artizarrak Lurrak baino talka askoz energetikoagoak jasango zituela bere historian. Horrek planetako nukleoan bero handia pilatuko zukeen, eta ondorioz planetak jarduera bolkaniko handia izango luke. Azalpenak Zientzia Kaieran: Artizarraren azaleraren gaztetasuna.

Nautika eta Itsas Garraioa

June Madariaga Navarrok Nautika eta Itsas Garraioa gradua ikasi zuen, eta gai berdinaren inguruan masterra egin ondoren, doktoregoa egiten dabil. Buia bat da bere ikerketako erreminta nagusia; harekin ikertzen ari dira nola areagotu pertsonen segurtasuna kostan. Azaldu duenez, emakumezkoak gutxiengoa dira berak egindako ikasketetan, eta are gutxiago ikerketan. Gainera, Madariagaren esanetan, itsasontzi batzuetan ez dituzte emakumeak hartu nahi izaten. Itsasoko lana, oro har, gogorra dela dio, baina gogoko baduzu, oso polita. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: June Madariaga, nautikako ikertzailea: “Nautika oso polita da, baina lanbide hau gustatu egin behar zaizu”

Klima-aldaketa

AZTIk txosten berri batean ohartarazi duenez, itsas maila 65 zentimetro igo daiteke mende amaierarako. Egin dituzten kalkuluen arabera, 1990etik hamarkada bakoitzean 1,5-3,5 zentimetro artean igo da itsas maila. Guillem Chust AZTIko Klima-aldaketa arloko koordinatzailearen hitzetan, igoera horrek hondartza gehienak, padurak eta belardiak galtzea eragingo du. Itsasoaren tenperaturari ere erreparatu diote, eta datuek adierazi dute mende amaierarako 3,5 gradu igoko dela Bizkaiko golkoan. Olatuen muturreko altuerak ere gora egingo du, eta hogei arrain talderen banaketak poloetarantz mugituko dira. Datu guztiak Berrian.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.