Asteon zientzia begi-bistan #460

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Medikuntza

Natalia Zylberlast-Zand Europako lehenengo neurologo akademikoetako bat izan zen. Natalia Varsovian jaio zen 1883an, eta Suitzara joan zen Genevako Unibertsitatean Medikuntza ikastera. Neurologiaz interesatu zen berehala, eta ehunetan eta garuneko eta bizkarrezurreko patologietan aditua egin zen. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean Varsoviako ghettora joatera behartu zuten, eta bertatik irtetea lortu zuen. Alabaina, bi astetara preso hartu eta hil zuten judutar jatorrikoa izateagatik. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke.

Klima-aldaketa

Pirinioetako glaziarrak galzorian direla ohartarazi dute glaziologoek. Horietako bat Ibai Rico da, Gasteizko EHUko Geografia saileko ikertzailea. Glaziarrak hiru hamarkadatan desager zitezkeela ohartarazi zuten garai bateko ikerketek, baina prozesu hori aurreratu daitekeela diote egungo datuek. 2010ean 24 glaziar geratzen ziren Pirinioetan, eta 17 daude egun. 2022ko urtea bereziki txarra izan zela gogoratu du Ricok. Glaziarrak ikertuz klima eta ingurumen informazio interesgarria eskuratu daitekeela azaldu du glaziologoak, baina martxa honetan informazio hori guztiz galduko dugula ohartarazi du. Azalpen guztiak Alea aldizkarian.

Ingurumena

Toxico Watch fundazioko zientzialariek egindako ikerketaren arabera, dioxinen eta metal astunen kutsadura gero eta handiagoa da Zubietako erraustegiaren inguruan. Toxico Watch erraustegia martxan jarri aurretik hasi zen lehen neurketak egiten, eta hala aurreko eta ondorengo egoerak alderatu ahal izan dituzte. Hala ikusi dute erraustegiaren ondoko goroldioetan eta pinuen hostoetan dioxinen igoera nabarmena gertatu dela. Ondoan dagoen Arkaitzerrekako sedimentuetan ere atzeman dute metal astunen hazkundea. Inguruko etxaldeetako arrautzetan ere topatu dituzte toxikoak. Informazio gehiago Berrian.

Kimika

Doitasun handiko grafeno-nanozintak sintetizatzeko metodo berri bat garatu du UPV/EHUko ikerketa talde batek. Grafenoa zinta nanometrikoetan mozten bada, propietate elektriko eta magnetiko desberdinak dituzten materialak lor daitezke, eta oso garrantzitsua da horiek doitasun atomikoarekin ekoizteko moduko metodoak garatzea aplikazio potentzialak garatzeko. Hain zuzen ere, helburu hori lortu dute POLYMAT zentroko ikertziale batzuek, eta nanozinta osagarriak konbinatuz erabateko doitasun atomikoa duten nanozintak sortu dituzte. Datuak Zientzia Kaieran.

Geologia

Geologian, arroken konposizioa edota barne propietateak aztertzeko mikroskopio petrografikoa erabiltzen da. Mikroskopio biologikoekin duten alde nagusia da bi iragazkik osatutako argi sistema polarizatuko sistema dutela. Bi iragazkiko sistema honi esker, begien aurrean interferentzia kolore batzuk agertzen dira, eta horrek mineralak identifikatzeko balio du. Mikroskopio horiek erabiltzeko, alabaina, Biologian eta Medikuntzan bezala, laginaren xafla fin-fina moztu behar da arroka-ebakitzaile baten bidez. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Kolore mikroskopikoen fantasiak.

Osasuna

Obesitatearen eta 2. motako diabetesaren prebalentzia goraka doa, eta horiei aurre egiteko tratamendu dietetiko desberdinak erabiltzen dira. Horietako bat Aldizkako baraua elikadura-eredu da. UPV/EHUko ikertzaile talde batek berrikuspen sistematiko bat egin du ikusteko ea dieta hori benetan erabilgarria izan daitekeen bi gaixotasun horiek tratatzeko. Emaitzen arabera, baraualdia gai da pisu galera eta gantz-masaren murrizketa eragiteko, eta diabetesaren parametroak hobe ditzakeela ere ikusi da. Datuak Zientzia Kaieran.

Yesenia García Alonsok bere doktoretza-tesian frogatu du itxialdian ariketa egin zuten haurrek osasun mental hobea dutela. Azaldu duenez, egunero gutxienez ordubetez, intentsitate ertaineko edo biziko jarduera fisikoa egin zuten eskolaurreko haurrek neurri txikiagoan sentitzen dituzte lotsa, beldurrak, fobiak, tristura edo kezkak, COVID-19aren itxialdian bizimodu sedentarioa egin zutenek baino. Gainera, adierazi du jokabide horiek lotura estua dutela amaren jokabideekin. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Biodibertsitatearen kontserbazioa

Ibis eremita espezieak berriz migratu du Iberiar penintsulara, lehen aldiz Erdi Aroaz geroztik. Espezie hori jatorrian ia Europa osoan zabalduta zegoen, baina guztiz desagertu zen kontinentean duela 400 bat urte. Egoera larria ikusirik, Alemaniako ikerketa talde bat eta Jerezeko Zoobotanikoa paraleloki ibisen populazio egonkor bana sortzen hasi ziren 2004an. Alemaniako taldeak Toscanara migratzen erakutsi zien hegaztiei, ultrarin batez baliatuz, baina azken urteetan Alpeak gurutzatzea erronka handia izan da, klima-aldaketa dela eta. Hau ikusirik, aurtengo udazkenean, Alemaniako ibisak Cadizera migratu dute. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Ibisak bueltan dira Iberiar penintsulan.

Ikerketa berri baten arabera, Europako ibaietako biodibertsitatearen leheneratzea moteldu egin da 2010etik. EHUko Ibai Ekologia taldeak parte hartu du ikerketan, eta ondorio horretara iristeko 22 herrialdetako ibai-sistemetan 1968 eta 2020 bitartean bildutako datuak aztertu dituzte. Emaitzek erakutsi dute, oro har, ibai eta erreketako biodibertsitateak hobera egin zuela 2000ko hamarkada arte. Baina hortik aurrera biodibertsitatearen ugaritzea geratu egin da. Aitor Larrañaga ikertzaileak eta bere lankideek ur gezatako biodibertsitatea leheneratzeko prozesuak berraktibatzeko ahaleginak areagotzeko eskatu dute. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Teknologia

DNA erabiliz kuasikristal koloidalak diseinatzeko metodologia berritzaile bat aurkeztu du CIC biomaGUNEk, beste zentro batzuekin lankidetzan. Zehazki, ikerketa honek erakutsi du nola balia daiteken DNAren programagarritasuna kuasikristalak diseinatzeko eta eratzeko. Ikertzaileek azaldu dute DNA-kateak nanopartikulei lotzea lortu dutela nanopartikulen antolatzea gidatzeko, baita modu itzulgarrian ere egin daitekeela adierazi dute. Aurkikuntza horrek material aurreratuetarako eta aplikazio nanoteknologiko berrietarako atea zabaldu du. Datuak Elhuyar aldizkarian.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.