Asteon zientzia begi-bistan #472

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Osasuna

Gizateria bitan banatzen da: iratzargailua entzun eta jarraian esnatzen direnak eta alarma atzeratzen dutenak daude. Zientziak urteetan erantzun nahi izan ditu bi jarrera hauen zergatiak eta ondorioak. Orain arte, ebidentzia urria egon arren, zientziak zioen alarma atzeratzea ez zela onuragarria. Argitaratu berri den ikerketa batek, ordea, frogatu du ohitura hori dutenen artean, ez dela kaltegarria alarma atzeratzea, eta are gehiago, onuragarria izan daitekeela. Datuak Zientzia Kaieran: Bost minututxo gehiago ohean…

Azterketa batek frogatu du Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders gidako hainbat egilek dirua jaso zutela farmazia-industriaren partetik. Gida hori erreferentziazkoa da osasun mentalarekin erlazionatutako gaietan, baina polemikoa ere izan da. 2013ra arte transexualitatea nahasmendutzat jo zuten, adibidez. Behin baino gehiagotan egotzi izan zaizkio interes gatazkak gidari, eta akusazioa egiaztatu da. Informazio gehiago Berrian: Gidaren muturrak.

Medikuntza

Alzheimerraren transmisio-bide bat deskribatu dute, kasu oso bakanetan oinarrituta. Hain zuzen ere, ikerketan parte hartu zuten bost pertsonek hazkuntza-hormonen tratamendu bat jasoa zuten aurrez. Hazkuntza-hormona horiek hilotzetatik erauziak ziren, iraganean egiten zen moduan. Ikerketa honetako egileek ikusi zuten hazkuntza-hormonen lagin horiek amiloide proteinekin kutsatuta zeudela (Alzheimerraren garapeneko ezaugarri biologiko bat). Emaitzen arabera, pertsona horiek gaixotasunaren zantzuak zituzten kutsadura horren ondorioz. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

Beharrezkoa da gazteen biodibertsitate-ezagutza ikertzea, naturarekiko eta hura babesteko duten aurretiko jarrera ezagutzeko. UPV/EHUko Matematika, Zientzia Esperimental eta Gizarte Zientzien Didaktika Saileko ikertzaileek hainbat ikerketa egin dituzte alor horretan. Lanok iradokitzen dutenez, Hego Euskal Herriko haur eta gazteengan oso apala da bertoko espezieez duten ezagutza. Gainera, ikusi dute bizilekua zenbat eta txikiagoa edo landatarragoa izan, espezie autoktono gehiago identifikatu eta aipatzen dituztela gazte horiek. Datuak Zientzia Kaieran.

Europako ur gezatako biodibertsitatea berreskuratzeko prozesua eten egin da. Hala baieztatu dute UPV/EHUko Ibai Ekologia taldeak parte hartu duen ikerketa batean. Ondorioztatu dute 1990 eta 2000ko hamarkadetan ur gezatako biodibertsitatea handitu egin zela, baina 2010eko hamarkadatik aurrera moteldu egin da joera. Ikertzaileek esanetan, oso kutsatuta zeuden lekuak hobetu egin dira, baina horrek ez du esan nahi ibaiak erabat osasuntsu daudenik. Gainera, presio berriak sortzen ari dira, eta biodibertsitatea berreskuratzen jarraitzeko ahaleginak areagotzea eskatzen dute. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Geologia

Ikerketa berri baten arabera, dunek argibideak eman ditzakete planeta batean jazotako aldaketen inguruan. Egileek neurri eta teknika jakin batzuk proposatu dituzte, Lurraz kanpoko planetetan orbitatik eginiko dunen argazkien gainean aplikatzeko. Ikertzaileek adierazi dute dunetatik jasotako informazioa agian gure planetan bertan jazotako aldaketekin ere erlazionatu daitekeela. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Dunak, klima-aldaketaren eta ingurumenaren aldaketaren erregistroa.

Biokimika

Alicia Gascón Gubiedak biokimika gradua ikasi zuen UPV/EHUn, eta doktoretza egin zuen ondoren Newcastlen. Orain bueltan da berriz EHUn, eta biologia zelularraren arloan ikertzen du. Zehazki, bakterio magnetotaktikoekin lan egiten du. Bakterio horiek nanopartikula magnetikoak sortzen dituzte, eta minbiziaren aurka erabili nahi dituzte. Ikerketa horretan arlo askotako ikertzaileak ari direla azaldu du, eta hori benetan dela aberasgarria. Zientzialarien bidea batzuetan zaila izan arren, gogotsu dabil Gascón. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.