Margaret Betts, naziak garaitzeko bere burua edozer egiteko eskaini zuen kriptoanalista

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Bigarren Mundu Gerrak, garai horretara arteko gerra gatazka suntsitzaileenak, alderdi ikusezin bat izan zuen, telekomunikazio, mezu enkriptatu eta kode deszifratze gisa gertatu zena. Eta gudu frontean ekintza ia-ia gizonen esku soilik bazegoen ere, deskodetze zentroetan emakumeek egiten zuten lanaren zati handiena. Bando aliatuko adibide handia Bletchley Park instalazio militarra izan zen. Bertako langileen % 75 emakumeak ziren, eta mezu kodifikatuak deszifratzeko lan egin zuten Enigma makina alemaniar ospetsuarekin.

“Laguntzeko edozer egin badezaket, egingo dut”

Emakume horietako bat Margaret Betts izan zen, 1923ko abenduan Erresuma Batuko Ipswich hirian jaio zena. Bere anaia itsas armadako kidea zen, eta, ezkondu eta aste gutxira, haren ontzia urpeko ontzi alemaniar batek hondoratu zuen. Gertakari horrek min handia eragin zion familiari. Horregatik, 19 urte zituela gobernu britainiarreko kideak deskodetze lanetarako errekrutatzera etorri zirenean, institutuan matematikan nota oso onak lortu ondoren, zalantzarik egin gabe sartu zen.

Margaret Betts
1. irudia: Margaret Betts kriptoanalista. (Argazkia: Robert S. Harris. Iturria: Mujeres con Ciencia)

Une hartan ez zioten kontatu zer egin behar zuen, soilik sekretupeko lana izango zela eta, esaten zioten bitartean, maletak egin eta Londreseko etxe seguru batera joan behar zuela. “Guztiz ados, laguntzeko edozer egin badezaket, egingo dut”, izan zen haren erantzuna, urte batzuk geroago semeak esango zuenez. 1943ko udan ekin zion lanari, eta 1945eko Japoniaren porrotarekin gerra amaitu arte jarraitu zuen.

Inori ez kontatzeko esan zioten, eta halaxe egin zuen

Gerrak iraun zuen bitartean, eta handik urte askotara, Bettsek eta bere lankide gehienek ez zuten kodeak deszifratzen egindako lanari buruz hitz egin. Gatazka amaitu ondoren, munduko agertokiak bi bloke etsai utzi zituen aurrez aurre, eta inork ez zuen nahi gerran kodifikazioari eta deskodetzeari buruz ikasitakoa etsaien esku eror zedin. Hori dela eta, Bletchley Parkeko kriptoanalisten lana ezezaguna izan zen denbora luzez publiko handiarentzat.

“Inori ez kontatzeko esan zioten, eta halaxe egin zuen”, azaldu zuen semeak. Bere bertsioa zen armadaren bulego batean lan egin zuela. Zenbait hamarkada geroago balentria matematiko hori liburu eta dokumentaletan kontatzen hasi zirenean bakarrik esan zuen ozenki berak horretan parte hartu zuela. Eta, hala ere, ez zuen zegokion sona eskuratu nahi izan: “Gehienak bezala, garrantzia kendu zion beti bere zereginari. Zera esaten zuen: ‘Bai, badakit lortu genuena oso garrantzitsua izan zela, eta zein izan zen gure zeregina horretan, eta badakit sekretu handia zela, baina ez pentsa denok Alan Turing ginenik, ez baikinen’”.

Bere kontakizunaren arabera, beraiek makinak maneiatzen zituzten eta aginduak betetzen zituzten soilik, hori gauzatzeko logika matematikoa aplikatuz. “Modu eraginkor eta adimentsuan egiten genuen, baina guk ez genituen deskodetze makinak diseinatu”. Zehatz-mehatz, makinak programatu eta martxan jartzen zituzten kode enkriptatua identifikatzeko. Makinak gelditzen zirenean, zerbait interesgarria aurkitu zutela esan nahi zuen.

Gero, kode horren erreplika bat sartzen zuten Alemaniako armadari konfiskatzea lortu zuten Enigma makinetan, eta balizko kodifikazioa lehengoratzeko erabiltzen zituzten. Hortik mezu interesgarriren bat ateratzen bazen, unitateko goi mailako estantzietara bidaltzen zen, haiek aztertu eta horren arabera joka zezaten.

“Denbora gehienean, lan benetan aspergarria zen”

Gerraren bilakaeran bere lanaren eta Bletchley Parken egindako lanaren ondoren herri kulturak egindako irudikapenen garrantzi erabakigarria aitortu arren, Bettsek ukatu egiten zuen praktikan jarduera zirraragarria izan zenik. “Makinak maneiatzen genituen gau eta egun, eta denbora gehienean lan aspergarria izaten zen. Makinen ondoan egon behar zenuen, besterik ez. Programatzean kontzentratu egin behar zinen ondo funtzionatzen zuela ziurtatzeko, baina denboraren gainerakoan begiratu besterik ez zenuen egin behar, zerbait aurkitzen zuen zain”.

Margaret Betts
2. irudia: Bletchley Parkeko balentria matematikoa liburu eta dokumentaletan kontatzen hasi zirenean bakarrik esan zuen ozenki berak horretan parte hartu zuela (Argazkia: Robert S. Harris. Iturria: Mujeres con Ciencia)

Bettsek eta bere lankideek egiteko erabakigarria bete zuten eta sekretua gorde zuten une hartan eta hainbat hamarkada geroago. Horrek erakusten du gaitasun intelektuala eta lan gaitasuna zutela, baina baita haiengan izan zuten konfiantza merezi zutela ere.

Eta hori, gainera, hasieratik horretaz harrotzeko aukera eta arrazoiak izan arren. Lantoki zuten base militarra Bletchley Park izeneko finka handi batean zegoen; finka koroatzen zuen jauregiari zor zion izena. Hurbilen zegoen herrian ez zekiten zer zegoen han, ezta zer lan egiten zen ere, eta sekretismoa bultzatzen zen segurtasun nazionaleko arrazoiengatik. Kriptoanalistak, emakume gazteak, herrira paseatzera edo erosketak egitera joaten zirenean, herrian zeuden zurrumurruak entzuten zituzten. Esamesa nagusia zen etxea haurdun geratu ziren neska gazte eta ezkongabeentzat zela, eta beren herri eta hirietatik desagertu behar zutela, familiei eskandalua saihesteko. Zurrumurru hori dibertigarria iruditzen zitzaien, eta ez zuten gezurtatzen, hain zuzen ere, beren benetako jardunaren berri ez emateko.

1947an, Betts japoniar kontzentrazio esparru batean preso egon zen soldadu ohi britainiar batekin ezkondu zen. Bere seme-alabek kontatu zuten bera izan zela beti familia aurrera atera zuena (ezohikoa garai hartan), senarrak inoiz ez zituelako gainditu gatibutasunean egotearen traumak eta sarri egoten zelako gaixo. Bost seme-alaba izan zituzten.

Zenbait urte geroago senarra hil ondoren, mundua ikusteko bere unea zela erabaki zuen, eta Europan zehar bidaiatu zuen, baita beste herrialde batzuetara ere, hala nola Txina, Egipto, Errusia edo Mexikora. Bakarrik egin zituen bidaiak. Italiera ikasi zuen 70 urte pasatxo zituela, eta Scrabble jolasean aritzea gustatzen zitzaion hizkuntza horretan, desafio gisa. 2023ko abuztuan hil zen, 100 urte bete baino lau hilabete lehenago soilik.

Iturriak:


Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko urtarrilaren 4ean: Margaret Betts, la criptoanalista que se ofreció a hacer cualquier cosa para vencer a los nazis.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.